GARA
ARBERATZE

Lurraren (h)erritmoari erreparatuz ospatuko da Euskal Herria Zuzenean festibala

«Lurraren (h)erritmoa» lemapean, Arberatze Zilhekoan egingo da EHZ festibala ekainaren 27, 28 eta 29an. Xiberoots, Olaia Inziarte, Hop Hop Hop Crew, Henge, Galder, Bengo, Inertzia, Marta, Tapia eta Leturia, Txaptrax, Auhen, Marte Lasarte, W!zard, Radio Byzance, Acidulant, Kaskezur, Xsakara, Errobi... parte hartzaile zerrenda luze eta askotarikoa.

Euskal Herria Zuzenean jaialdiak iaz utzitako irudia.
Euskal Herria Zuzenean jaialdiak iaz utzitako irudia. (Guillaume FAUVEAU)

Makrofestibaletatik haratago, hemengo (h)erritmotik eraikitzen da EHZ. Hala nabarmendu dute jaialdiaren sustatzaileek. «Lurra denen ondasuna den heinean, EHZk ere hala izan nahi du, herri batez osatua eta herriaren erritmoak markatua, produktu kultural merkantilizatuen erritmo frenetiko eta esponentzialetatik kanpo. Arrosatik Arberatzera, belaunaldiz belaunaldi milaka laguntzailek landatu dute EHZ, trukea, auzolana eta autogestioa oinarri harturik. Lurraren (h)erritmoari esker ereinen dugu EHZ!», eman dute aditzera.

Badator hitzordua. Arberatzeko plaza denentzat irekia egongo da egunean zehar. Bertan Papa cumbia, Izan, Ibawa, Dizkobolo txaranga, Altxalili, Ithaka, Buuzbu, Zigante & Gaiteroak, TnT & Tor & Txoborro magoen magiapoteoa, Gaitistaneko Orkestra, Duguna dantza taldea, Kalume txaranga eta DJ Reimy izango dira, besteak beste.

Bai eta orotariko animazioak ere: zirkua, haurren xokoak.... «Azken urteetan bezala, mintzaldiak, tailerrak eta mahai inguruak antolatuak izanen dira hainbat gairen inguruan. Eguneko programazioari doakionez, Cie Choari eta Queer Falafel artistak izanen ditugu».

Arratsetik aurrera, bi eszenatan banatuko da pentzea eta bertan segituko dute kontzertuek. Xiberoots, Olaia Inziarte, Hop Hop Hop Crew, Henge, Galder, Bengo, Inertzia, Marta, Naxker Polylogue From Sila, Tapia eta Leturia, Txaptrax, Auhen, Marte Lasarte, W!zard, Radio Byzance eta Maskak... badute zer hautatu eta gozatu bertaratzen direnek.

«Orotariko musika estiloak oholtzara eramanen ditugu, doinu eta adierazpen mota ezberdinak taularatuz eta sorkuntza berriei plaza bat eskainiz», iragarri dute festibalaren sustatzaileek.

Hausnarketa gune ere bada EHZ. «Eskaintza politikoak lehentasunezko tokia du gurean: tailerrak, hitzaldiak, mahai inguruak, bestelako lanketa kolektiboak... Bost gai nagusi jorratuak izanen dira aurten, eta gai horien lantzeko, larunbat goizean zehar andana bat mahai inguru eta hitzaldi izanen dira zenbait eragileren lankidetzari esker. Goizeko mintzaldiek bide emanen diete arratsaldeko tailer praktikoei, zeintzuetan ardatz bereziak landuak izanen diren hogeinakako tailer interaktiboetan. Horrela, formakuntza eta hausnarketarako momentu bat eskainia izanen zaio parte hartzaile orori, elkarrekin gogoetatzeko eta jakintza teoriko zein praktikoak partekatzeko. Kontsumitze soiletik harago, festibalariak aktore bilakatzea dugu xede, interakzioa piztu eta beren parte hartzearen bidez ekarpenak egitea sustatuz. Festibalak esperientzia kolektibo anitzen espazioa izan nahi du». Jaialdiaren balioak eta belaunaldi berrietan eragiteko nahia ere utzi dute agerian: «Auzolanean eraikitzen den festibal honen baloreak gazteei transmititu eta iraganetik gerorako bidaia eskaini nahi diegu, bizi den euskal kulturaren inguruko ezagutza sustatzeko xedearekin».

AUZOLANA, ELKARLANA ETA ENGAIAMENDU MILITANTEA

Ildo horretan, EHZ posible egiten dutenak festibalaren alde lan egiten duten «ehundaka laguntzaile eta militanteak» direla ziurtatu dute, eta «auzolana, elkarlana eta engaiamendu militantea» direla EHZren oinarrizko balioak.

Azpimarratzekoa da EHZ ez dela sold out kulturan sartuko. «Denentzat lekua izanen dela iragartzen dizuegu. Kapitalismoak eragindako inflazio garai honetan, gure ahalegin guziak egiten ditugu festibala denentzat eskuragarria izan dadin», adierazi dute. Ohi den bezala, Ipar Euskal Herriko hainbat puntutatik festibalera hurbiltzeko autobusak antolatuko dituzte.

IRISARRITIK ARBERATZERA

Irisarritik Arberatzera egin zuen jauzi joan den urteko edizioan Euskal Herria Zuzenean jaialdiak. «Amikuze eskualdera joan zen festibala euskal kulturaren eta herri dinamikentzat emankorrak diren lurretan haziak ereitera. Lurra bezala, EHZ aberasten da eta etengabeko kimu hazkuntzan denez, Irisarritik Arberatzera joan zen festibalaren eta herri baten erritmoak uztartzera. Kulturgintzaren kapitalizazioa eta pribatizazioa nehoiz baino bortitzagoa den garai hauetan, EHZk landuriko lurrak emankor izaten segitzen du, landatzen den herrian dinamikak bultzatzen baititu tokiko erritmora egokituz, Amikuze eskualdeko biztanleekin batera».

ZIKLOAK

Aurtengoan ere hainbat zikloz osatu da EHZ. «Funtsean, urte anitzez loratuz joan, eta lekuz aldatu behar izan du biltzen dituen antolaketa talde eta laguntzaileen belaunaldien joan-jinen erritmora. Lurrez elikatuz eta soroak irauliz eraiki da urteetan zehar, salgai izan gabe», jakinarazi dute.

Atzera begira jarri, eta gogora ekarri dute jaialdiak orain arte egindako ibilbidea: «Arrosako zolatik Arberatzeko plazara bide luzea egina du EHZk. Idauze-Mendi, Heleta, Lekorne eta Irisarrin barna, munduko herrien zein orotariko jende, doinu eta borroken topaleku izan da», erran dute.

Sexu erasoen aurkako protokoloa abian dute aurten ere jaialdiaren antolatzaileek. «Gure festibala emazteen, aniztasunaren eta sexu-askapen eskubideen babesgune den heinean, EHZ festibalean ez da inolaz ere eraso sexista, lesbofobo, homofobo, arrazista edo dena delakorik onartuko», azpimarratu dute.