Zortzi egun izango dituzte aurten Hernanin sanjoanak ospatzeko
Hernaniko San Joan jaien txanda iritsi da. Txupinazo ofiziala astelehen eguerdian botako dute eta zortzi eguneko jaiak izango dira herrian; asteburu honetan hasi eta datorren ostiralera arte. Musika arloan eskaintza erakargarria prestatu du Jai Batzordeak eta festak irisgarriagoak izango dira denentzat.

Ohi bezala, Chillida Leku Museoan urtero antolatzen den Udako Solstizioak emango die hasiera gaur Hernaniko San Joan jaiei. Bihar txosnen irekiera egingo dute 19.00etan, baina lehenago, 16.30ean, Azeri Bila herri lasterketa jokatuko dute, aurten berreskuratu den ekitaldia. Emakumezkoen boxeoa ere ez da faltako biharko arratsaldean.
Igandea egun lasaia izango da, hainbat kirol probarekin (palankariak, xakea eta bola jokoa), eta jai giroa astelehen eguerdian lehertuko da, eguerdiko hamabietan udaletxean banderak jaso, txupinazoa bota eta txistulariak San Joan Martxa jotzen hastearekin batera.
Aurten, txupinazoa bi eragileren artean botako dute, Jai Batzordeak hala erabakita, Kantaitako emakumeek eta “Kronika” egunkariak, biek 25 urte beteko baitituzte. Izan ere, 2001ean 24 emakume elkartu ziren galzorian zegoen Kantaita berreskuratzeko eta gaur egun haietako lauk oraindik parte hartzen jarraitzen dute. “Kronika” egunkaria ere sanjoanetan jaio zen, lehenbiziko alea ekainaren 23an atera baitzen, Dobera Euskara Elkartearen gerizpean.
Astelehen arratsalde-iluntzean San Joan bezperako ohiko ekitaldiak izango dira, hala nola San Joan erronda, Akelarrea, San Joan sua, herritarren aurreskua eta San Joan Kantaita, danborrada eta dantzaldia.
Egitaraua, esan bezala, ekainaren 27ra artekoa izango da eta aurten musikak garrantzi berezia izango du, adin guztientzako eta estilo askotako musika eta kontzertuak izango baitira: Zea Mays, Mirua, Skabidean, DJ Osto, Los Tenampas... Horrekin batera, Udalak eta Jai Batzordeak ahalegin berezia egin dute jaiak herritar guztientzat irisgarriagoak izan daitezen. Horrela, sanjoanen hasieran gune erreserbatua egongo da gurpil-aulkian dauden herritarrentzat; txosna gunean komun egokitu bat jarriko da eta sanjoanetako programa braillez ere zabalduko da. Spomia eta argiari sentsibilitate handia dioten haurrengan pentsatuz, hiru egunez, bi orduz ez da musikarik eta argirik izango barraketan. Azkenik, aurten ere suziriak botatzen diren ekitaldiak birplanteatu eta bakoitzean botako den suziri kopurua zehaztu da. Iaz bezala, ekitaldi horiek programan markatuko dira.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
