«Gure kontzertu bat aztoramendu totala izaten da ikuslearentzat»
Silitia bikoak galdera bat airera botaz hasi du ‘‘Mirari orok tapatzen zauria’’ izeneko diskoa. Entzuteko erraza den arren, aztertzeko ez da disko erraza, lan asko, estimulu ugari eta elementu sorta luzea topatzen delako hartan. Narratiba bat ere badu, eta pelikula bat osatzera iritsi zaitezke entzutean. Sortzaileekin mintzatu gara egin dutenaren inguruan.

Diskoaren prozesua film bat sortzearen parekoa izan da?
Ibai Silicato: Bai, denbora asko eskaini diogu eta lan handia eman digu diskoak. Guretzat ere proiektu handia da. Behar izan dugun denborak merezi izan du. Asebeteta geratu gara.
Xabier Barrutia: Izan daiteke errodajearen zera hori badagoela.
Singleak ikusi eta gero, ez nuen espero kantu hain zuzen eta normatiboa den kantu batekin hastea.
IS: Uste dut, eskuartean genuen material guztia ikusita, har genezakeen erabakirik onena hori izan zela, kantu zuzen batekin hastea. Akaso ‘‘Marabilla bat’’ zen horretarako kanturik zuzenena, argitsuena, instrumentuetan gu eta kito… aurkezpen eskutitz moduko bat, gero albumean sartzeko.
Airera botatzen duzuen galdera da ea «marabilla» nor zen. Ez dakit nor izan daitekeen marabilla den hori.
XB: Zeu, kar-kar. Ez dakit, ea ba, Ibai, nor da?
IS: ‘‘Hiru ate’’ kantuarekin ere zuregaz hizketan ibili ginen, eta esan genuen kantuek badutela halako istoriotxo bat. Azken finean, hemen ere hori gertatzen da. Diskoko letrak idaztean asko zentratu naiz istorio bat sortzen. Disko kontzeptual moduan ikusten dut nik. Aurretik datozen istorio batzuk luzatzen noa, eta kantu honetan egiten duen galdera horregatik egiten da. Baina erantzunik ez du oraindik.
Hartara, «Txo» kantuan Santanaren itxura duena ere ez didazue kontatuko nor den. «Marabilla bat»-eko pertsona bera izan daiteke?
IS: Akaso bai, perspektiba ‘‘kotxino’’ batean.
Diskoa berezia da, elementuz josia. Egiteko modua ere halakoa iruditu zait. Inspirazioa nondik etorri zaizue? Erreferentzia asko daude, baina non kokatzen duzue diskoa?
XB: Akaso kantu bakoitzaren arabera joan beharko genuke hori azaltzen, ezta? Batzuetan ideia bat etortzen da, eta hori nola bukatuko dugun pentsatzeko bide horretan agertzen dira erreferentzia desberdinak. Kanta hasitakoan gertatzen da hori.
IS: Esan behar da galdera hau azken aldian asko egin diguten zerbait dela eta guk ez dugula erreferente argirik. Ez dakigu esaten disko hau sortzean zein izan diren gure erreferentziak. Disko hau sortzean, gainera, esango nuke ez ditugula gure erreferentziak mahai gainean jarri. Kantuak egitean, ideiak etorri ahala joan gara, eta hor landu dugu gero gainerakoa, eta jakin dugu abesti bakoitza nondik bideratu.
«Txo» kantuaren ekoizpena potoloa da. Ez da kasualitatez single moduan argitaratu, ezta?
IS: Urtzi Izarekin aste pare batez buru-belarri lanean ibili ginen, Eten Espazio Sonoroan, eta lantegi handitan sartu ginen han. Iruditzen zait soinu aldetik beste mundu batean mugitzen ari garela.
Estudiora, ordea, lan eskerga eginda iritsi zaretela pentsatzen dut. Disko hau estudioan osorik eta bi astetan egiteko, erlojuaren aurka ibili beharko zenukete, bestela.
XB: Bai, izan daiteke, bai. Kantu asko egia da bukatuta geneuzkala estudiora sartu aurretik, baina hiru kanta-edo bertan bukatu ziren. Estudiora ideiak eraman genituen, kantuak baino. Eta han osatu genituen, bertan atera ziren soinuekin. Haiei tiraka osatu ziren.
Jostalariak diren osagai asko agertzen dira. Izan kontrara doazen sintetizadoreak, izan kutxaren uztaiaren kolpeak… Entzuten diren elementuak, zer dira, liburutegietan topatu dituzuenak edota zuek propio grabatu eta erabilitakoak?
XB: Bada, kantuaren arabera. Baina entzuten diren elementu akustiko gehienak guk geuk grabatutakoak izan dira, izan estudioan edo izan lokalean. Sampler asko dago diskoan, baina horietako asko guk grabatuak dira.
Elementu asko dituzue, baina gero kantu baten xehetasun batek harrapa dezake entzulea. «Ixotza dao hotz» kantuan, esaterako, zintzarri kolpea da niretzat «hook»-a deitzen den hori, kateatzen duen hori. Ez dakit ados zaudeten.
XB: Bai, bai, erabat ados.
IS: Ez dakit nolatan ez dugun gehiago esplotatu baliabide hori. Kantu hau da diskoko abestirik zaharrena. Denbora gehien honekin gabiltza bueltaka, eta egin genuenean hori izan zen ideia.
Orain arte bikote moduan ibili zarete, batak abestuz eta besteak baxua joz. Kantuak sortzean, ordea, ez zait lan erraza iruditzen baxuak halako pisua hartzea, Xabi.
XB: Bueno, guretzat nahiko organikoa izan den zerbait da. Egia da abestiren batean edo bestean saiatu naizela soinu potente bat lortzen baxuarentzat. Hortaz, halakoetan bi baxu pista sartu ditut, eta hori normalean ez dugu egiten.
Lehenengo hiru abestien ostean, eta ondorengo hiruen atzetik, bi «tarte» deituriko zubi abesti daude. Lekuz kanpo uzten gaituen pieza da lehenbizikoa, hasieran aipatutako pelikulan trantsizioa balitz bezala. Zer iradoki nahi zenuten?
IS: Lehen hiru abestiekin hasiera ematen diogu albumari, eta aurkezpena eginda dagoela esan genezake. Horren ondotik, siesta une bat sartu nahi genion honi, eta arratsaldea etorriko litzateke atzetik.
XB: Lehenengo ‘‘ostiazoa’’ hartuta, sakonago sartzen hasteko sarrera moduko bat izango litzateke.
IS: Naturalki eskatu digu halako interludio bat, ez lehenago eta ez beranduago. Gauzak lasaitu eta bigarren zatian sartzeko.
Honenbestez, hurrengo hiru kantuak bigarren bloke bezala ulertu behar dira?
IS: Bai, halako zerbait.
Hortaz, nire buruan sortu dudan pelikulan aurrera jarraituz, bigarren bloke honetan siestan egon den pertsonaia hori ez dakit hil egin den, edota «bidaia txar bat» eduki duen drogen kontsumoaren ondorioz. Gainera, nire irudiko, hiru kantuak lotuz gero, pertsonaiak ez daki non aurkitzen den ere.
IS: ‘‘Zirko’’ bada zu pertsonalki galduta zauden une bat, zure burua lekuz kanpo ikusten duzun toki batean zaudenekoa, eta erridikuluaren sentsazio hori sentiarazten dizun unea. Pertsonaia honek bere lasaitasuna, bakardadea, mendi punta topatu nahi du. Horren inguruan hizketan dabil. Albuma kantaz kanta ulertzea interesgarria izan daiteke, baina kontakizuna ez da lineala nire begitarako; hortaz, saltoka ere ulertu daiteke.
Zuzenekoetara laukotean agertu zarete. Nola defendatzen duzue hau guztia? Norbaitek orkestra zuzendari lanak ere bere gain hartu beharko ditu.
XB: Klaketarekin! Kar, kar. Dani Artetxe izango dugu gitarra jotzen, eta Adri Lorenzok bateria joko du, printzipioz akustikoa; ikusiko dugu gero zeozer elektronikoa ere gehituko ote diogun bere bateria set-ari. Elementu asko dituzten kantuak direnez, aurretik erabaki beharreko gauzen artean dago ea zer elementu bota behar diren ordenagailutik, ea zer joko dugun guk, nola jo, nola lortu soinu hori… Edo, «merezi al du soinu hori bera lortzeak?», izan daiteke beste zerbait zuzenean… Horrelako lan eta buruhausteak ekarri dizkigu zuzenekoa muntatzeak.
Hala ere, zuen kontzertuetako indargune nagusia sortzen den unibertsoa eta dibertsioa direla esango nuke.
IS: Nahikoa… kokaina edo dena delakoa sortzen dela esan genezake. Aztoramendu totala izaten da; eta hori, kantu trankilak ere baditugula. Justu disko honetan badira halakoak. Zuzenekoak eskaintzen hasi garen honetan, ikusten dugu ekarpen handia egiten dutela kantu hauek zuzenekoetan. Gustura gaude.
Film labur bat ere egin duzue disko honen bueltan. Zerk eman du lan gehiago, diskoak edo errodajeak?
IS: Noski, diskoak lan gehiago eman du. Bideoarena Imanol Expositoren eta Imanol Abaden zuzendaritzapean joan da, eta haiek eraman dute lan horren zama gainean. Gure erabakia izan zen kantuen hautaketa, baina lana haiek egin dute. Egindako lana ikaragarria izan da, estetika konkretu batekin, eta oso dibertigarria.
Zuek dibertitu zarete edo sufritu duzue?
IS: Bietatik izan du kontuak.
Diskoa eskuratzeko modua zein izango da?
IS: Kontzertuetara etortzen direnei sari moduko bat eman nahi diegu. Eta bidalketak egingo ditugun arren, nahiago dugu zuzenekoetara etortzen direnak lehenestea diskoa eskura dezaten. Sareetan laster iragarriko ditugu emanaldi berriak.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
