GARA
DONOSTIA

Pribatizazioa iraultzeko, EH Bilduk zuzenketak egingo dizkio Osasun Itunari

Osakidetzaren egungo dinamika pribatizatzaileari buelta emateko xedez, Osasun Itunari zuzenketak aurkeztuko dizkiola adierazi zuen EH Bilduk atzo goizean. «Une hau erabakigarria da sistema publikoa eta Osakidetza irmoki indartzeko», esan zuen koalizio subiranistak. «Egiturazko neurriak» hartzeko premia nabarmendu zuten.

EH Bilduk Osakidetzarako egindako proposamenaren aurkezpena, joan den martxoan.
EH Bilduk Osakidetzarako egindako proposamenaren aurkezpena, joan den martxoan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

EH Bilduk Osasun Itunerako zuzenketak aurkeztuko ditu «Osakidetza publiko bat» eta «egungo dinamika pribatizatzaileari buelta emateko beharra» defendatzeko.

Koalizio subiranistaren ustez, «une hau erabakigarria da sistema publikoa eta Osakidetza irmoki indartzeko». Horretarako, «ezinbestekoa da egiturazko neurriak hartzea: itxaron zerrendak murriztea, Osakidetzari behar dituen baliabideak ematea eta bertako profesionalentzat lan baldintza duinak bermatzea», azaldu du igande honetan zabaldu duen ohar batean.

Bertan adierazi du bihar «itxiko» dituela emendakinak, eta hurrengo egunetan eragile guztiei aurkeztuko dizkiela, «premisa argi batekin: zerbitzu publikoarekiko konpromiso irmoa eta egungo dinamika pribatizatzailea iraultzeko beharra».

Alde horretatik, bi helburu zehaztu ditu EH Bilduk: «Zerbitzuen horniduran eta kudeaketan ESIen arteko desberdintasunak ezabatzea, osasun arretan ekitatea bermatuko duen eredu publikoa sustatuz», eta «zerbitzuen zuzeneko hornidura lehenestea, kanporatzeak berrikusiz, eta eraginkortasuna, ekitatea eta kalitatea bermatzea».

22 LAN MAHAIEI BURUZKO NEURRIAK

Lankidetza publiko-pribatuari eta Osakidetzaren zerbitzu zorroari buruzko ekarpenak aurkezteaz gain, alderdi independentistak iragarri du gainerako 22 lan mahaiei buruzko erabakiak ere hartuko dituela, «oraingoz, ezin baita ezer itxitzat eman».

Lakuako Gobernuak, EAJk eta PSEk «Osakidetza indartsu baten alde modu irmoan parte hartzea» espero duela azpimarratu du EH Bilduk.

Era berean, Imanol Pradalesen Exekutiboko alderdiei «harrokeria alde batera uzteko eta hauteskunde promesak konpromiso zehatz bihurtzeko» eskatu die.

Gogoratu du ezker subiranistak urteak daramatzala «Osakidetza indartzearen alde lanean, eta ahalegin horri eta osasun sistema publikoaren egoerari buelta ematea eskatzen duen gehiengo sozialari esker» Lakuak Osasun Mahaia martxan jarri behar izan zuela.

SALAKETA BUSTURIALDEAN

Larunbatean Busturialdeko EH Bilduko udal hautetsiek Gernika-Lumoko ospitalean dagoen langile falta salatu zuten, eta «herritarrei ematen zaien osasun arretaren kalitatea okertu egin dela eta osasun sistema publikoa etengabe desegiten ari dela», ohartarazi zuten.

EH Bilduko eskualde honetako zenbait ordezkarik agerraldia egin zuten larunbatean, besteak beste, Jose Ramon "Buli" Bilbaok eta Leire Gonzalezek. Gaitzetsi zutenez, gauetan larrialdi zerbitzurik gabe geratzeko aukeraren aurrean, «berriz ere agerian geratu da ospitale honek urteetan erantzunik izan ez duten egiturazko arazoak dituela eta Osakidetzak ere gabezia handiak dituela».

«Denbora askoan, profesional sanitarioen gehiegizko ahaleginari esker, kalitatezko arreta sanitarioa mantendu ahal izan da, arreta sanitarioa jasotzeko aukera eskura izan da, kontsulta presentzialak izateko aukera ere izan da...», adierazi zuten. Hala ere, gehiegizko esfortzu horrek «goia jo» duela salatu zuten, eta, beraz, «osasun langileek ezin dutela osasun sistema publikoa mantendu».

Egoera honen aurrean, baliabideen, plangintzaren eta berrantolaketarako neurrien premia defendatu zuten EH Bilduko udal hautetsiek, eta babesa adierazi zieten osasun publikoaren defentsan eta honen alde lan egiten duten profesionalei, «EH Bildu ere hor egongo dela» nabarmenduz: «Inor atzean ez uzteko, herritar guztiok, behar dugunean, osasun arreta azkar eta garaiz jaso dezagun».