Martxelo DIAZ
IRUÑEA

Ikerketa batzordeak aurrera egingo du Nafarroan

Parlamentuaren Mahaiaren eta Eledunen Batzordearen atzoko bilera.
Parlamentuaren Mahaiaren eta Eledunen Batzordearen atzoko bilera. (NAFARROAKO PARLAMENTUA)

Susmopean dauden adjudikazioak ikertzeko batzordea antolatzea onartuko du Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak datorren ostegunean. Atzo Mahaiak eta Eledunen Batzordeak PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek aurkezturiko proposamenari oniritzia eman zion.

Aurreko astean, UPNk, alde batetik, eta PPk eta Voxek, bestetik, ikerketa batzordea osatzea proposatu zuten, baina gehiengo parlamentarioak eztabaida irailera arte atzeratzea erabaki zuten. Astean zehar, ordea, gauza asko gertatu ziren, Guardia Zibilaren txostenen filtrazioak edo Ramon Alzorrizen dimisioa esate baterako, eta ikerketa batzordea aurreratzea erabaki dute.

Proposamena aurkeztu duten lau alderdiek Parlamentuan gehiengo nahikoa dutenez, ikerketa batzordea arazorik gabe onartuko dute ostegunean. Kontuak horrela, uztailaren 3an lanak hastea aurreikusten da. Maria Chivite lehendakariak iragarri dituen auditoretzen osagarria izango da ikerketa batzordea.

Azken lau agintaldiak aztertuko ditu, Maria Chivite, Uxue Barkos eta Yolanda Barcinarenak.

EH Bilduren eledun Laura Aznalek aditzera eman zuenez, talde abertzaleak bere burua eskaini du ikerketa batzordearen lanak zuzentzeko. «Ez gara Gobernuko kideak, eta guztiontzat aukera ona izan daiteke», esan zuen.

Espero zen bezala, eskaintza honen kontra sutsuki azaldu zen UPN. Javier Esparza eledunak Belateko tunelen adjudikazioa «Gobernua bera baino hobeto defendatu izana» leporatu zion EH Bilduri, eta lana Guardia Zibilaren aurrean salatu zuena UPN izan zela gogoratu zuen.

«Beharrezkotzat jotzen dugu Parlamentu hau nafar gizartearen zerbitzura jartzea. Ustelkeriaren aurrean zorrotzak izan behar dugu», nabarmendu du Contigo-Zurekin taldeko eledun Carlos Guzmanek.

Geroa Baiko Pablo Azconarentzat, ikerketa batzordea sortzea «bide egokian egindako urratsa» da. «Zorroztasunez, gardentasunez eta erantzukizunez» aritzeko unea dela adierazi zuen.

Alzorrizen tokia hartutako Ainhoa Unzu PSNren eledunak Nafarroako Gobernuaren jardueran legez kanpoko zantzurik ez dutela topatu nabarmendu zuen. Hala ere, ikerketa batzordea eratzea ezinbestekoa zela esan zuen.

Honekin batera, giroa baretzeko deia egin die UPNri eta PPri, Chivite lehendakariaren eta Gobernuko kontseilarien ohorearen kontra ari direlakoan.

Mezu antzua izan zen. PPko Javier Garciak «moralaren minimoaren kontra aritzea» leporatu zion Chiviteri. Hemendik aurrera PPk Nafarroako Gobernuarekin «harremanak apurtuko» dituela iragarri zuen Garciak. Honenbestez, Nafarroako Gobernuak antolatzen dituen ekitaldietan ez da PPren ordezkaririk izango aurrerantzean.

GORENAREN EZETZA

Auzitegi Gorenak ezetza eman dio Nafarroako Gobernuak «Koldo auzia» delakoan kaltetu bezala azaltzeko egin zuen eskaerari. Leopoldo Puente epailearen arabera, Nafarroako Gobernuak ez du ongi azaldu zergatik den kaltetua afera honetan. Puentek autoan nabarmendu duenez, Nafarroako Gobernuaren idazkia «erabat lakonikoa da» eta zein jardueren biktima den ez du zehaztu. Chivitek iragan astean azaldu zuen Guardia Zibilaren txostenean aipatutako enpresen ustezko legez kanpo jarduerak Nafarroako Ogasunaren kontrakoak izan daitezkeela. Hori dela eta, «nafar hiritarren interesak babesteko» jo zuen Gorenera.