GARA
GASTEIZ

«Segurtasun juridikoa» galdegin dute euskararen normalizaziorako

Euskararen Aholku Batzordea Euskaltzaindiaren egoitzan bildu zen atzo estreinakoz. Normalizazioan aurrera egiteko legeria eta segurtasun juridikoa beharrezkoak direla adierazi zuen Imanol Pradales lehendakariak.

Euskararen Aholku Batzordeko kideak, Euskaltzaindiaren egoitzaren aurrean.
Euskararen Aholku Batzordeko kideak, Euskaltzaindiaren egoitzaren aurrean. (Jon USUAL | IREKIA)

Estreinakoz Euskaltzaindiaren egoitzan bildu zen Euskararen Aholku Batzordea atzo. Legealdi berriko lehen osoko bilkura egin zuten, Imanol Pradales lehendakaria batzarburu zela, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin batera. Andres Urrutia euskaltzainburuak harrera egin zien, eta euskarak egun «erronka berriak» dituela nabarmendu zuen.

«Gure ustez, egiteko berehalakoa da euskarak, biziberritzearekin segitzeko, hizkuntzaren presentzia eta erabilera areagotzeko, orain arteko eremuetan sakontzea, eta, ahul dagoenetan, ahaleginak bizkortu eta indartu behar dira, besteak beste, herri erakundeetan, eremu sozioekonomikoan, aisialdian, kultur zein kirol eskaintzan, bai eta ingurune digitalean ere. Jakinik, hori bai, Euskal Herri osoa dugula eginkizun, lurralde eta herrialde bakoitzak duen historia, ikuspegia eta errealitatea aintzat hartuta».

Hala, «alderdikeriak» baztertu eta «adostasunak berritu» behar direla ohartarazi zuen Urrutiak.

PARADIGMA BERRIA

Pradales ere etorkizunari begira mintzatu zen. «Jauzi kualitatiboa» emateko premia nabarmendu zuen.

«Gaur egungo egoerak ez du zerikusirik duela 40 urtekoarekin. Asko aldatu dira gizartea, gazteen bizimodua, eta komunikazio eta harreman moldeak», adierazi zuen Pradalesek. Hori dela eta, «euskara biziberritzeko ahalegin koordinatua eta planifikatua» eskatu zuen.

Alde horretatik, euskararen normalizazio prozesuan aurrera egiteko paradigma berri bat ezartzeko beharra defendatu zuen, «konfrontazioa saihestuz». «Gizartearen aktibazioa da gakoa, baina euskarak ere beharrezkoak ditu legeria eta segurtasun juridikoa», esan zuen.

Bengoetxeak Euskararen Plan Estrategikoaren eduki nagusiak aurkeztu zituen. Azaldu zuen planak bi helburu nagusi dituela: jauzi kualitatiboa ematea euskararen ezagutzan eta erabileran.

Horretarako, bederatzi ardatz estrategiko identifikatu dituzte, besteak beste, euskara gaitasuna, transmisioa, lan mundua, aisialdia, ingurune digitala eta etorkinak.

Planak, gainera, baliabide ekonomikoak, gobernantza eredua eta jarraipen mekanismoak ere aurreikusten ditu.

Euskararen Aholku Batzordeko 26 kidek parte hartu zuten atzo. Aipatu zuten helburua dela plan ireki eta parte hartzaile bat garatzea, euskararen normalizazioan pauso sendoak emateko.