ASIER ROBLES
BILBO

Esteban Urkiaga «Lauaxeta», poesia, artea eta ideologia

Jon Kortazar idazle eta ikertzaileak azken urteetan poeta abertzaleari buruz idatzi dituen artikulu eta hitzaldiak biltzen dituen liburua aurkeztu du.

Jon Kortazarrek Lauaxetari buruzko liburua aurkeztu zuen atzo.
Jon Kortazarrek Lauaxetari buruzko liburua aurkeztu zuen atzo. (Monika DEL VALLE | FOKU)

1937ko ekainaren 25ean Lauaxeta poeta abertzalea fusilatu zuten frankistek Gasteizko Santa Isabel kanposantutik gertu, apiriletik espetxeratuta egon ondoren, 32 urte zituela. Atzo, hilketaren 88. urteurrena baliatuz, “Esteban Urkiaga, Lauaxeta. Poesia, artea, ideologia” liburua aurkeztu zuen Jon Kortazar ikertzaileak.

Kortazarrek liburu honetan bildu ditu azken urteotan Lauaxetari buruz idatzi dituen artikuluak. Batzuk argitaratuak izan dira toki eta hizkuntza desberdinetan; izan ere, azken urteetan Bartzelonan, Lisboan, Vienan eta Europako beste hainbat hiri garrantzitsutako unibertsitateetan eman ditu hitzaldiak. Beste batzuk, aldiz, oraindik ez dute plaza ikusi.

Lehenago ere idatzi du Kortazarrek Lauaxetari buruz, baina batez ere bere poesia eta bere pentsakizuna izan ditu mintzagai. Liburu berrian bilduriko lanak «ikuspegi aldaketaren emaitza» direla dio.

«Etxeratze garaia deituko diot liburu honi. Urrun esandakoak eta argitaratutakoak gurera ekarri nahi ditut liburu honekin, Horregatik bildu ditut hemen Lauaxetari buruz egindako sei lan», adierazi zuen Kortazarrek.

«MUNDUA ALDATU, ABERTZALETASUNAREN BIDETIK»

Sail bi ditu liburuak. Lehen ataleko hiru kapituluetan landu ditu izenburua osatzen duten hiru gai nagusiak. Lauaxetaren poesia artearekin eta ideologiarekin lotzen saiatu da. «Lan honek Kulturaren Historia hartu nahi luke kontuan, ikusi nahi luke nola zabaltzen diren espresio molde desberdinak arte desberdinetan, kasu honetan, Musikan eta Literaturan, eta enbor desberdinean ideia berberak nola gauzatu diren», dio Kortazarrek.

Era berean, poeta modernisten taldean oso ezaguna zen oinarri ideologikoari eman dio garrantzia: «Modernistek, postsinbolistek, literatura eta poesia aldatu nahi zuten, baina azken helburua mundua aldatzea zen. Lauaxetaren kasuan, abertzaletasunaren bidetik aldatu nahi zuen munduan».

Liburuaren bigarren atalean, gizarteak Lauaxetaren bizitzaz eta lanaz egin duen harrera aztertu du Kortazarrek, «santu kulturalen» teoriari jarraikiz. Horrela, bere bizitzaren irudia, Mungiako Udalak 2005ean eginiko omenaldia eta bere liburuek kaleetan duten agerpena aztertu ditu, «gaur egun poetak gizartean duen itzala marrazteko asmoz».

Liburua Lauaxetaren irudi ezezagunekin eta garaiko hainbat argazkirekin horniturik dago.