GARA
FUTBOLA

Ibai Gomez, Andorrako entrenatzaile berria

Ibai Gomezek Andorra gidatuko du Bigarren Mailan.
Ibai Gomezek Andorra gidatuko du Bigarren Mailan. (ANDORRA)

Ibai Gomez entrenatzaile bezala egiten ari den lan bikainak jarraipena izango du Andorran. Azken denboraldi honetan Bigarren Mailara igo den taldea zuzenduko du Santutxuko gizonak datozen bi denboraldietan.

Ibai Gomez (Bilbo, 1989) prestatzaile gaztea da, baina arrakasta handia izan du azken sasoi honetan, Getxoko Arenas txapeldun bihurtu baitu, Primera RFEF mailara igoz. Bizkaiko taldea gidatu aurretik, iazko Parisko Olinpiar Jokoetan Dominikar Errepublikako selekzioaren hautatzaile bezala aritu zen.

Entrenatzaile lanetan aritu aurretik, Santutxuko gaztea Athletic eta Deportivo Alavesen aritu zen jokalari bezala. Orotara 226 partida jokatu zituen Lehen Mailan. Horri Txapeldunen Ligan eta Europa Ligan jokatutako hogei partida baino gehiago ere gehitu behar zaizkio.

Orain beste erronka handi bat izango du. Izan ere, Gerard Pique klubeko akziodun handitzat duen Andorra taldea Bigarren Mailara igo da aurten, eta helburu nagusia maila mantentzea izango du. Aukera bikaina izango da Gomezentzat, buruan dituen ideiak zelaian irudikatzeko.

Getxoko Arenasen lankide izan dituen Iñigo Larriqueta eta David Vinatea laguntzaileak, Adolfo Madrid prestatzaile fisikoa eta Daniel Soriano nutrizionista berarekin batera iritsiko dira FC Andorra klubera.