GARA
ESKALADA

Peruko Nevado Churupen hego-mendebaldeko aurpegia igo dute Pou anaiek

17 ordu baino gehiago iraun duen estilo libre eta alpinoko eskaladan, «harri hautsi eta deskonposatua» aurkitu dute bidean Andeetako mendi honetan.

Iker Pou, Nevado Churupeko igoeran, Peruko Andeetan.
Iker Pou, Nevado Churupeko igoeran, Peruko Andeetan. (@TURI_SKI)

Iker eta Eneko Pou gasteiztar anaiek beste behin ere Peru maite dutela erakutsi dute. Bide berri bat ireki dute duela gutxi Andeetan. Nevado Churup (itsas mailaren gainetik 5.493 metrora) eskalatzeko 17 ordu behar izan zituzten eta mugarri berri bat ezarri dute bertan.

Gasteiztarrak Churupita aintziratik igo dira; hego-mendebaldeko aurpegitik, alegia. Elur faltak lana handitu diela aitortu dute, eta horrek anaien aklimatazioa zaildu du.

Azkenean, 800 metroko desnibela eta 1.000 metroko ibilbidea duen elurrez estalitako gailurra iristea lortu zuten, «harri deskonposatuaren» gainetik hamar rappel bertikal eginez. «Hau klasiko bat zen 80ko eta 90eko hamarkadetan, elur eta izotz askoz gehiago zegoenean», azaldu dute. Berotze globalak, erabat itxuraldatu du malda; hautsitako eta deskonposatutako harkaitza agerian utzi eta «igoera ia ezinezko» bihurtu du.

«IGOERA DOTOREA»

«Oro har, igoera dotorea izan da, erronka handia suposatzen zuena eta aho zapore ona utzi diguna»; hala aitortu dute arabar mendizaleek, eta etorkizuneko errepikapenetarako ibilbideari buruzko informazioa eman dute.

Bi eskalatzaileok tinko aurre egin zioten 800 metroko desnibelari eta ia 1.000 metroko ibilbide teknikoari, eta horien artean 8 eta 10 rappel oso bertikal eta arriskutsu zeuden, oso lur hauskorra zutenak. «Formalitatea izango zela uste genuena lan neketsu bihurtu zen elur faltagatik eta zati mistoengatik», kontatu dute Pou anaiek.

Proiektu hau, gainera, atzeratu egin behar izan zuten; hain zuzen, Cordillera Blancan gidari izan nahi zuten hiru pertsona desagertu ziren eta horien erreskate korapilatsuan parte hartu zuten. Mendizaleak egun askotan bilatzen aritu ondoren, seigarren talde batek hiru gorpuak aurkitu zituen, eta orain lanean ari dira horiek jaisteko.