Emakumeentzat zailagoa da lana eta zaintza uztartzea, dio Eustatek
Mendekotasuna duen pertsona baten zaintza eta lana uztartu behar dutenen artean, hau egiteko zailtasunak dituzten emakumeen kopurua igo egin zen 2024an, eta gizonena jaitsi, Eustaten datuen arabera. Emakumeek etxeko lanetan denbora gehiago ematen dute oraindik.

Eustaten datuen arabera, joan den urtean gora egin zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bizi diren eta lana eta mendekotasuna duten pertsonen zaintza uztartzeko zailtasun handiak dituztela dioten landunen ehunekoak. Gizonen artean ehunekoa %30,2ra jaitsi da, eta emakumeen kasuan, berriz, %41,2ra igo.
Estatistika-erakundeak azaldu duenez, mendekotasuna duten pertsonak ondoan dituzten hiru pertsonetatik ia batek (%35,8) esan du zailtasun handiak dituela lana eta zaintza bateragarri egiteko. Hortaz, 2,9 puntuko igoera izan da aurreko urtearekin alderatuz.
Aldiz, lana eta seme-alaben hazkuntza bateragarri egiteko zailtasun handiak dituztela uste duten landunak %26,1 dira, 2023rekin alderatuz kopurua 3,1 puntu jaitsi delarik. Azkenik, 0,8 puntuko jaitsierarekin, %26,9k adierazi du zailtasun handiak dituela lan-jarduera eta jarduera pertsonalak uztartzeko.
Etxeko lanei dagokienez, emakumeek gizonek baino denbora gehiago ematen dute hauetara dedikatuta. Eustaten inkestaren arabera, emakume landunek 2,1 ordu ematen dituzte egunean etxeko lanetan, eta gizonek, berriz, 1,6 ordu.
15 urtetik beherako seme-alaben zaintzari dagokionez, emakumeek, batez beste, 1,2 ordu gehiago ematen dituzte egunean gizonek baino (4,7 ordu eta 3,5 ordu, hurrenez hurren); mendekotasuna duten pertsonak zaintzeari dagokionez, berriz, emakumeek 2,2 ordu ematen dituzte egunean, eta gizonek 1,6.
Funtzioen banaketa desberdina gogobetetze-mailetan islatzen da. Hala, lanean ari diren emakumeen %15,6 ez dago batere gustura bikotekideak etxeko lanetan egiten duen ekarpenarekin, eta soilik %47,6k du gogobetetze-maila handia. Aldiz, gizon landunen %77,6 oso pozik dago bikotekidearen parte-hartzearekin, eta bakarrik %4,2 ez dago oso pozik.
Hala ere, etxeko lanetan emandako denbora pertsonalarekiko gogobetetzea antzekoa da gizonen (%51,1) eta emakumeen (%49) artean.
KONTZILIAZIO-NEURRIAK
Eszedentzia edo lanaldi-murrizketa gisa kontziliazio-neurriak eskatzeak karrera profesionalari kalte handia egiten diola uste dutenen ehunekoa 5,8 puntu igo zen 2024an, Eustatek egindako inkesta honen arabera, eta beldur hori handiagoa da emakumeen artean (%35) gizonen artean baino (%29,3).
Gurasotasun-baimenen kasuan, gizonen %19,1 beldur dira baimen horiek hartzeak eragin negatiboa izango ote duen, eta ehuneko hori %28,5era igotzen da emakumeen artean.
Kontziliazioa errazten duten neurrien artean, landunen %68,7ren eskura daude noizbehinkako absentziak, eta, ondoren, soldatarik gabeko egunak eskatzeko aukera (%62,3). Gainera, langileen erdiek ez dute eszedentziak (%49,1) edo lanaldi-murrizketak (%48,8) lortzeko zailtasunik.
Lanetik irteteko ordutegi-malgutasunari dagokionez, iaz %55,8k baliatu zuten. Hala ere, genero-desberdintasunak jarraitu egiten du: gizonen %60,4k dute malgutasun hori, baina emakumeen %51k.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
