GAIZKA IZAGIRRE
HERNANI
M3GAN 2.0

Ustekabeko arrakasta baten itzulera

«M3GAN 2.0» filmeko panpina protagonista.
«M3GAN 2.0» filmeko panpina protagonista. (UNIVERSAL PICTURES)

Adimen artifizialak panpina forma hartuko du berriro “M3GAN 2.0” filmean, 2023ko “M3GAN’’ pelikularen jarraipenean. Lehen filmeko gertakarietatik bi urtera girotuta, Gemma adimen artifizialaren erregulazioaren egile eta defendatzaile bihurtu da. Giza existentziaren etorkizuna jokoan dagoela, aukera bakarra M3GAN berpiztea eta hobekuntza batzuk egitea dela ohartuko da, hura azkarrago, indartsuago eta hilgarriago bihurtuz.

Beldurrezko film honen zuzendaria Gerard Johnstone da (aurreko filmeko zuzendari bera), eta Allison Williams eta Amie Donald aktoreek ere beren pertsonaiak errepikatzen dituzte.

Jason Blum eta James Wan ere produktore gisa itzuli dira, beren Blumhouse Productions eta Atomic Monster konpainiekin.

Urtean gehien espero diren beldurrezko filmen artean ageri da. Gaur iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara, eta ikusle andana espero da emanaldi guztietan.

USTEKABEKO ARRAKASTA

Inork ez zuen aurreikusi lehen filmak izango zuen arrakasta, ezta zuzendariak berak ere. «Ez nekien filma aretoetara iritsiko zenik ere», aitortu zuen Gerard Johnstonek, ‘‘Empire’’ aldizkariari emandako elkarrizketa batean.

Hala eta guztiz ere, hasieran ahanzturara bideratua zirudien proiektu hark azken urteotako beldurrezko zinemaren fenomeno ustekabekoenetako bat izatea lortu zuen.

12 milioi dolarreko aurrekontuarekin, “M3GAN” filmak 180 milioi dolar baino gehiago bildu zituen mundu osoan, ekoizpenaren eta sormen taldearen itxaropen guztiak nabarmen gaindituz. Arrakasta horrek fenomeno kultural bihurtu zuen filma, eta ondorioz, memeak, fan art-ak, teoriak eta zaleen komunitate sutsua sortu ziren.

Pertsonaia nagusia beldurraren, umore beltzaren eta satira teknologikoaren arteko nahasketa da, eta Instagram edo TikTok-en kodeetara ez ezik, adimen artifizialari eta etika digitalari buruzko eztabaidetara ohituta dagoen ikusle gaztearekin konektatzea lortu zuen.