GARA
BILBO

Angel Lopez Anta eta Jon Mirena San Pedro presoak aske geratu dira

Jon Mirena San Pedro bilbotarra eta Angel Lopez Anta ortuellarra aske geratu ziren atzo. 23 urte zeramatzan preso bigarrenak, eta 30, lehenak. Azken honi zenbaketa bikoitza baliogabetzeko 2024 amaieran Parlamentu espainolak onartutako lege aldaketa aplikatu zaio.

Bi etapatan eta bi estatutan pairatu du espetxealdia Deustukoak. Espainian egon zen preso aurrena, 1991tik 1995era, prebentibo gisa. Horren ondoren, 1999an atxilotu zuten Estatu frantsesean, eta beste bost urtez zigortu zuten. Amaitutakoan, 2004an, agintari espainolen esku utzi zuten, eta ordutik hainbat espetxetan egon da. Aspaldi behar zuen libre, beste estatu batzuetan ezarritako kartzelaldiak deskontatzea agintzen zuen irizpide europarra aplikatu balute.

Angel Lopez Anta ere aske geratu zen atzo, 23 urteren buruan. Kasu honetan, baldintzapean. 2023ko irailean hirugarren gradua eman zioten eta iazko maiatzetik baliabide telematikoen bidez bete du zigorra.