Transfobiaren aurka, Urrezko Hirukia eta Trapuzko Espartina eman ditu Ehgam-ek
Erakundeen indarkeria salatzen duten trans kolektiboak saritu ditu Ehgamek, Urrezko Hirukia emanda. Bestalde, maiatzaren 10ean Bilbon Bizkaiko Abokatuen Elkargoan egin ziren jardunaldi transfoboak salatu ditu Trapuzko Espartinarekin.

Aurten ere Ehgam Euskal Herriko Sexu Askapenerako Mugimenduak Urrezko Hirukia eta Trapuzko Espartina banatu ditu. Duela hamarkada batzuetatik hona, sexu askapenean laguntzen dutenei eta bide horretan oztopo direnei ematen dizkien sariak.
Urrezko Hirukia Loratuz Lotu, Anitzak, Lumagorri eta SuminTrans kolektiboei eman die, «Osakidetzaren mendeko Gurutzetako Ospitaleko Genero Identitatearen Unitateak (GIU) transen gainean egiten dituen indarkeria instituzionalak salatuz egiten duten ezinbesteko lanagatik».
«Trans errealitateekiko errespetua, duintasuna eta despatologizazioa bermatzeko erakunde horiek duten adorea, argitasuna eta konpromiso politikoa aitortzen dugu», adierazi zuen atzo Ehgamek komunikabideei bidalitako ohar batean.
Izan ere, Ehgameko kideek «kezka handiz» ikusten dituzte honako praktika hauek: «Legez kanpokoak izan arren, ebaluazio psikiatrikoak egiteko betebeharra», pertsona lodiei «arrazoi estetikoengatik» kirurgiak ukatzea; binarioak ez diren pertsonak hormona-tratamenduetatik kanpo uztea; gizon transei egindako presioa histerektomia egin dezaten medikuaren justifikaziorik gabe; trans kolektiboak baztertzea osasun-arretako gida berria egitean.
Horiekin batera, «osasun-arreta transinklusiboa, deszentralizatua eta kalitatezkoa» aldarrikatu zuen Ehgamek, lehen mailako arretaren garrantzia azpimarratuz. «‘Gora trans amorrua!’ da aldarrikapen honekin batera doan oihua», gaineratu zuen mugimenduak.
Bestalde, feminismo trans-baztertzaileko sektoreek maiatzaren 10ean Bizkaiko Abokatuen Elkargoan antolatutako jardunaldi transfoboei eman die aurtengo Trapuzko Espartina.
«Egun horretan, haurtzaro eta gaztaro transak jomugan jarri ziren, giza eskubide oinarrizkoenekin bateraezinak diren gorrotozko diskurtsoak sustatuz», argudiatu zuen Ehgamek.
«Badakigu Euskal Herriko mugimendu feministaren zati handi bat transinklusiboa dela, baina badakigu ere sektore batzuek barrutik elikatzen dutela gorrotoa. Horregatik berriro diogu: feminismoa eta mugimendu sozialak argi eta garbi kokatu behar dira transfobiaren aurrean, eta diskurtso erreakzionarioekiko edozein konplizitate-modu baztertu behar dute», esan zuten atzo.
Azkenik, «LGTBIAQ+ kolektibo eta gizabanako transfeminista eta arrazakeriaren aurkakoen erantzun irmo eta ausarta ospatzen dugu -adierazi zuen Ehgamek-, joan den larunbatean, berriz ere, Bilboko kaleetara irten baitziren antolatutako transfobiari aurre egiteko».

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
