Kemena trikimailuei nagusitu, eta Zabalak jokatuko ditu finalerdiak
Errioxarraren kemena gehiago izan zen Amezketakoaren trikimailuak baino, bero sapak hartutako Mungiako pilotalekuan. Hala, Zabalak Peio Etxeberriaren aurka jokatuko du finalerdia, ostiral honetan, Donostiako Atano III.a pilotalekuan.

Bero sapa izan da asteburuan Bizkaiko pilotalekuetan izandako lehietan. Bai herenegun Sopelan, bai atzo Mungian, beroari neurria ondoen hartu zionak irabazi zuen. Partidek luze jo zuten eta atzo boladako dema eskaini zuten Zabala eta Altunak III.ak. Amezketakoak belauneko minez amaitu zuen, 17-19koan zabalean irrist egin ondoren. «Belauneko kanpoko aldean zerbait» zuela esan zuen Jon Apezetxea Aspeko kirol arduradunak, txosten medikoa berari ez dagokiola gehituta. «Garbi igarri dut belaunak klak egin didala eta beldurtu egin naiz», esan zuen Altuna III.ak.
Hala ere, partida bukatzeko moduan egon zen gipuzkoarra -bi tanto ere egin zituen, azken txanpa apur bat estutzeko, 18-20 eta 19-21-, baina azkenean Javier Zabalak eraman zuen garaipena, pronostikoak hautsita. Ikusteko dago zein lesio mota daukan Altunak eta udako sasoia zenbateraino baldintzatuko dion.
Elkarren aurkako aurreko partida Buruz Burukoan jokatu zuten, final laurdenetan hura ere, eta orduan Altunak 15-7ko aurkako markagailua irauli zuen. San Fermin Torneoko txapela defendatzeko lehen partida zuen atzokoa amezketarrak, Buruz Buruko txapelketa irabazi ostean bere aurreneko partida serioa izanik. Indartsu hasi zuen partida, baina minutuak pasa ahala ahultzen joan zen. «Hankak makal, pilota batzuk ere bota ditut eta oro har, Zabala nagusi izan da eta, beraz, zoriondu besterik ezin dut egin», esan zuen porrota onartuz gipuzkoarrak.
DEMA PAREKATUA
5-1eko hasierako partziala alde izan zuen Altunak, jokoa erabat menderatuz. Deseroso sumatzen zitzaion Zabalari, baina errioxarrak atera zuen kemena berandu baino lehen partidan sartzeko. 5-3ra estutu zuen aurreneko txanpa, baina ez zuen lortu Amezketako aztiaren jokoa guztiz neutralizatzea. Sakearekin arriskatu nahi zuela kontatu zuen partida amaitu zenean, baina hor ere pilatu zituen akats batzuk (9-6ko sakean pasa egin zuen, esaterako; partidan zehar hiru pasa egin zituen guztira).
Horren ostean, baina, Altunaren akatsak ere ohikoago bilakatu ziren (10-7rako txapara bota zuen) eta errioxarrarentzat bizigarri izan ziren. Ondo moztutako batekin eta txokotik zabalera ederki errematatuta, 10-9an jarri eta segidan, hamaikana berdindu zuen. Berdinketa gakoa izan zen, hortik aurrera markagailua joan-etorriko izan zelako, Altunarengan zenbait zalantza sortuta. 13-14an txapara bota zuen pilota eta horren ostean egindako putza oso adierazgarria izan zen. Amezketarra ez zegoen kontent eta Zabalak egoera aprobetxatu zuen.
Horma-biko bikainarekin 17-16koa egin eta markagailua iraultzea ere lortu zuen (17-18) eta bigarren atsedenaldi luzetik bueltan, lehen aldiz, bi tantoko aldea lortu zuen. Altunak min hartu zuen orduan baina, amezketarraren ustez, horrek ez zuen baldintzatu garaipena. Zabalaren kemena aztiaren trikimailuei gailendu zitzaien.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra
