GARA
FUTBOLA

Bilbon bi denboraldi eman ondoren, Nahikari Garciak ez du Athleticen jarraituko

Orotara 61 partida jokatu eta 12 gol sartu ditu Urnietakoak. Bere ordez, Ane Campos fitxatu dute zuri-gorriek, azken sei urteak Eibarren egin dituena.

Nahikari Garcia, Realaren aurka.
Nahikari Garcia, Realaren aurka. (Jon URBE | FOKU)

Athleticen emakumeen taldeak bi albiste eman zituen atzo. Nahikari Garciak ez du jarraituko eta, bere ordez, Ane Campos aurrelaria fitxatu du.

2014ra arte Añorga KKEn aritu ostean, 2014tik 2021era bitartean urnietarrak Realean jokatu zuen, eta 2021ean Real Madrilera salto egin zuen.

Madrilen bi denboraldi osatu ondoren, 2023an Athleticek fitxatu zuen aurrelari gipuzkoarra. Bi denboraldi hauetan orotara 61 partida jokatu ditu eta guztira 12 gol sartu ditu.

Agurreko oharrean, Athleticek eskerrak eman dizkio Nahikariri «bere eguneroko profesionaltasunagatik, bere esfortzu eta dedikazioagatik». Taldearen «alde» egin duen lanagatik «onena opa» dio klubak bere etorkizun pertsonal eta profesionalean.

EIBARTIK FITXAKETA

Athleticek berak Ane Campos aurrelaria fitxatu du, neurri batean Nahikari Garciaren hutsunea betetzeko. Atzo bertan sinatu zuen kontratua, Jon Uriarte presidentea eta Xabier Arrieta kirol zuzendaria berarekin zirela. Duela 26 urte Getarian sortutako aurrelaria 2029ko ekainaren 30era arte izango da talde zuri-gorriarekin.

Azken sei urteak Eibarren eman eta gero egin du jauzi hau aurrelari gipuzkoarrak. Zumaiako FT Klubean eman zituen aurreneko pausoak Ane Camposek futbolean. Handik, Oiartzun KKEn bi denboraldi eman ostean, jokalari getariarra 2018an Realaren bigarren taldera iritsi zen, eta urtebete egin zuen bertan. Hurrengo urtean SD Eibarren proiektura batu zen eta talde armaginarekin, F Ligara igotzea ez ezik, 2020an maila gorenean debuta egitea lortu zuen.

Orotara 85 neurketa jokatu ditu Eibarren elastikoarekin. Joan den denboraldian 13 partida baino ez jokatzetik dator Ane Campos Athleticera, orkatilako lesio batek denbora luzez geldirik izan duelako. Hala ere, 2024/25 sasoi honetan hiru gol egiteko gauza izan da jokalari gipuzkoarra.

Esan gabe doa Athleticeko jokalari berriak pozarren eman zituela aurreneko adierazpenak. «Oso pozik eta harro nago familia honetara batzeaz. Jokalariekin entrenatzen hasteko gogoa dut, erreferenteak dira txikia nintzenetik, eta haiekin egon ahal izatea ilusio handia da niretzat», adierazi zuen Ane Camposek.



Eibarrek Sara Martin hegalekoa fitxatu du

Bestalde, Eibarrek Sara Martin madrildarra (2004) fitxatu du. Real Madril B taldeko hegaleko aurreratu eta kapitain izana da. Sara Martin Real Madril B taldeko jokalaria izan da 2020tik, 16 urterekin iritsi zenetik. 2020/21 denboraldian 1. RFEFra igotzea lortu zuen bere taldearekin. 2022ko martxoan, 18 urte besterik ez zituela, Real Madrileko lehen taldearekin debuta egin zuen.

Realari dagokionez, talde donostiarra eta Olatz Santana akordio batera iritsi ziren atzo, 2025/26 denboraldira arteko kontratua bertan behera uzteko. Erabakia hartzeko bi aldeak ados jarri ziren.

Hernaniko atezainak hainbat denboraldi egin zituen bigarren taldean, 2022an lehenengo taldera batu baino lehen. Denbora honetan, F Liga, Kopa eta Emakumeen Txapeldunen Ligan parte hartu du. GARA