Urtzi URRUTIKOETXEA
«BIG BEAUTIFUL BILL»

Behartsuen osasunean mozketak faktura izan dezake Trumpentzat

Donald Trumpen lege «handi eta ederra» aurrera egiteko zorian zen bart. Iazko hauteskundeetan Kongresuko bi ganberetan errepublikanoek lortu zuten gehiengoak ahalbidetuko dio -ziurrenik, azken orduko ezustekoak egon daitezke Capitol Hill-en- urte luzeetarako arrastoa utziko duen eta bere agenda legegilearen oinarria den finantzazio-araua onartzea.

(Jim WATSON | AFP)

Asko laburbilduta: 2017an egindako zerga-murrizketan are gehiago sakontzen du legeak. 4,5 bilioi dolarreko murrizketa onartu berri du Senatuak. Diru-sarrera hori gabe ere, gastua handitzeko asmoa dauka Trumpek, immigrazioaren aurka (harresia, atxilotze-guneak, deportazioak, ICErako jendea) eta defentsa militarrean. Hori ordaintzeko, kanpainan demokratek iragarri eta Donald Trumpek ukatu zutena egingo du: Medicaid osasun-publikoko zerbitzuan inoizko aldaketa handiena.

Estatu progresistei mugatu egingo zaie federalki aitortu gabeko zerbitzu-medikuetan herritarrei eskaini diezaieketen laguntza, eta gehien behar duten herritarrei langa are gehiago igoko diete. Besteak beste, mediku-zerbitzua jasotzea onartzen zaien herritarrei -diru-sarrera txikienekoak eta gizartean baztertuen daudenak, horietako asko- beharrizan handiagoak ezarriko dizkiete, eta burokrazia gehitu. Lehen aldiz, lan egin beharra inposatu dute errepublikanoek: hilabetean 80 orduko lana erakutsi beharko dute Medicaid-en dauden haurrik gabeko helduek, programan jarraitu ahal izateko.

Ehuneko hemezortzira arteko artaziak izan litezke; hamabi milioi herritar Medicaid-etik kanpo geratuko direla kalkulatu dute. Ikasketetarako maileguetan eta ingurumenerako orain arteko neurrietan ere iragarri dituzte etenak. Eta hala eta guztiz ere, zerga-murrizketak eta migrazioaren aurkako diru-xahuketak 3,3 bilioi dolarretan handitu dezake AEBen defizita (Medicaid-etik 2,5 bilioi dolar kenduta ere!).

TESTUINGURU HORRETAN, DEMOKRATEK AHO BATEZ ESAN DIOTE EZETZ

Trumpen legeari bi ganberetan. Errepublikanoen aldetik ere ez da negoziatzeko inolako borondaterik izan. Kezkak errepublikanoen aldean ere badaude, ordea, bozketa honetan egiten dutena betiko gogoratuko dela jakitun.

Iazko azaroan, Senatuan 49-51 gutxiengoan egotetik gehiengo handi samarra (53-47) eskuratzera igaro ziren errepublikanoak; Ordezkarien Ganbera, berriz, Joe Bidenen agintaldiaren azken alditik zegoen haien esku, eta tartea inoiz baino gehiago murriztu zaie, bost kongresista gehiago baitituzte. Hiruk aurka eginez gero, bozketa galduko dute. Kasu zehatz honetan, berriki hiru kongresista demokrata hil direnez, lau galtzera iris daitezke, baina hasiera batean, hogei inguru dira Trumpen legearekin uzkur agertu direnak.

Azken sei hil hauetan ikusi da zeinen eraginkorra den Trumpen zartailua, alabaina. Negozioetan bezala, joko politikoan presioa eta bullying-a ditu gidari presidenteak, eta horrela lortu du kongresista errepublikano ia guztiak bere esanetara makurtzea. Maiatzean bidali zuen Ordezkarien Ganberak Big beautiful bill Senatura, belatz fiskalek gogoz kontra onartuta Estatu Batuen defizitari beste hiru bilioi dolar gehitzea.

Orain, zorpetze-muga horrek berriz ere piztu du eztabaida Washingtonen behe-ganberan, maiatzean bidali zuten legetik desberdina dela argudiatuta. Baina Senatuan gertatu denari erreparatzea interesgarria da: Donald Trumpek, ohi bezala, «primarioak egiteko» mehatxua egin die senatari zalantzatiei: dagoeneko hautetsia den pertsonak, printzipioz, abantaila dauka beti bere barrutian hauteskundeen urtean, baina edozein alderdikidek dauka primarioetan lehiatzeko aukera. Trumpek beste hautagai bat babestuz gero, baina, hautetsi errepublikanoek arriskuan ikusten dute postua. Nahiz eta gero, hautagai bihurtuta, muturreko pertsona horiek zailtasun handiagoak dituzten irabazteko, Arizonan Kari Lakeri eta Pennsylvanian Mehmet Ozi gertatu zitzaien legez.

TRUMPEN AZKEN BULLYING KASUAK IPAR CAROLINAKO THOM TILLIS

karrera politikoa uzten duela iragartzera bultzatu du. 2026ko midterm-etan ez da egongo, eta demokratei senatari bat lortzeko aukera handia uzten die horrek estatu lehiatu horretan. Rand Paul belatz fiskalak hasieratik ukatu zuen legea, eta horri eutsi dio, Ordezkarien Ganberako Freedom Caucus-ekoek egin asmo duten antzera.

Hala, errepublikanoen artean bi senatari progresistenen esku zegoen bozketa: Maineko Susan Collins eta Alaskako Lisa Murkowski abortu-eskubidearen alde agertu diren bakarrak dira. Biek, aurreko biekin batera, ezetz bozkatuz gero, 51 boto ziren Trumpen legearen aurka. Murkowski «erosi» zuten azkenean: Medicaid-ek nekazari-guneetan itxiko dituen ospitaleetatik salbuetsita geratu da Alaska, bertako senatariaren baietzaren truke. 2026an, estatu horrek senataria hautatu behar du. Mary Peltola indigenak errepublikanoei Ordezkarien Ganberako aulkia «kendu» zien 2022tik aurten arte. Senatuan gauza bera egiteko unea izan liteke.