Xabier IZAGA
PROFILA [ JOXE AZURMENDI ]

Joxe Azurmendi Otaegi, untzi hauskorra hautatu zuen Aizkorripeko argonauta

(Jon URBE | FOKU)

Azken hamarkadetako euskal pentsalaririk handiena atzo zendu zen, gaixotasun luze baten ondoren: Joxe Azurmendi Otaegi. Saiakeragile nabarmena eta obra mamitsu eta oparo baten egilea, irakaslea eta poeta ere izan zen. 1965etik, euskaltzain urgazlea, 2010etik, ohorezkoa, eta UZEIren, UEUren eta hizkuntza eta kultura arloetako beste hainbat ekimenen sorreran parte hartutakoa, hala nola euskara batuarenean, Jakin taldeko zenbait lagunekin batera. Herri eta askatasunarekiko konpromisoak zeharkatu ditu haren bizitza eta obra.

Filosofia baliatu zuen munduaz pentsatzeko, euskaldun gisa pentsatu ere, bere lanetarako hainbat diziplina baliatuz. Politika, hizkuntza eta literatura aztergai, hainbat euskal autoreren obra aztertu zuen. Era berean, Europako korronte eta eztabaida filosofikoak baliatu zituen Euskal Herriko testuingurura moldatuz, euskal pentsamendu propioa garatze aldera.

Zegamako familia «langile eta pobre» batean sortu zen mundura Joxe Azurmendi Otaegi, 1941eko martxoaren 19an. Hamar urte ingururekin Arantzazuko frantziskotarrekin ikastera joan zen; 16rekin, Erriberrin (Nafarroa) filosofia ikasi eta, Arturo Campionen obra irakurriz, Euskal Herria idoro zuen, baita euskara ere, erdi galdua baitzuen orduko. Hemezortzi urte zituela, Arantzazun, Jakin taldean laguntzaile hasi zen Joseba Intxaustiren eta Kepa Enbeitaren eskutik, eta Enbeitak frantziskotarren ordena utzi zuenean, Intxaustirekin partekatu zuen aldizkariaren ardura. Nabarmentzekoa da Bitoriano Gandiagaren eta haren artean sortu zen adiskidetza sendoa; lagunaren omenezko lana dela esan liteke 2009an argitaratu zuen “Azken egunak Gandiagarekin” saioa (Elkar), berak eraikitako mundu ikuskeraren -eta bere pentsamenduaren sakonaren- erakusgarri.

BERE EUSKALDUNTASUNA BERREGIN ZUEN POETA

50eko hamarraldiaren amaieran hasi zen “Jakin” eta “Anaitasuna” aldizkarietan artikuluak argitaratzen, euskal nazioa berregin eta birpentsatzeko beharrak horretaratuta, eta 1965ean erbestera jo zuen Europan zehar. Alemanian zela, “Baina zergatik eta zertako euskaldun?” galdera plazaratu zuen 1967an “Zeruko Argia” aldizkarian; eztabaida sutsua eragin zuen eta erantzun gogorrak eta akusazio mingarriak jaso zituen. Urte berean argitu zuen bere euskalduntasun kontzeptua: «Niretzat, eta bakarrik ez nagoelakoan, euskeraren alde jokatzea ez da jaio izanaren kontu, ez sentimentuaren kontu, ezpada batez ere justizia kontu, beste haiek zeharo ukatu gabe» (“Zergatik eta zertarako euskaldun?”. Jakin 27-28, 1967). Euskalduntasuna, izaera bainoago, hautu, erabaki eta praktika moduan ulertzen zuen.

“Hitz berdeak” (EFA, 1971) poema bilduma izan zen argitara eman zuen lehen liburua, Gandiagak sarreran dioenez, Azurmendik bere burua poetatzat ez zeukan arren. Hala ere, poeta zen, poeta bazenez, eta hau ez da bigarren mailako xehetasuna. «Estiloaren aldetik Arestiren itzala nabari bada ere, egundoko indarra dute bere hitzek, originaltasuna, eta -onerako nahiz txarrerako- urteek kendu ez dioten balioa», idatzi zuen Koldo Izagirrek 2000n, berak apailatu eta Susak argitaratutako XX. Mendeko Poesia Kaierak bildumak Azurmendiren poemagintzari eskainitako alean. Bertan, “Hitz berdeak” liburuko poemak ez ezik, “Manifestu atzeratua” ere irakurgai dago, zentsurak liburutik kanpo utzitakoa eta Azurmendiren pentsaeraren nondik norakoaren zantzuak suma daitezkeen poema ederra.

Izagirrek «pentsamenduaren poeta» horren gainean dioenez, haren poesiaren protagonista «beti lehen pertsonan mintzo den ni bakarti hori da, egia establezituen aurka. [...] Azurmendiren poesia Jainkoari berari oldartzen zaio, ez Jainkoaren irudi bati edo manipulazio bati. Ez du gizona salbatu nahi, gizon izatearen kondena pairatu baizik. [...] Existentzialismo soziala hemen ageri da Arestik ikur bilakatu baino lehen».

Hainbat autoreren eragina izan zuen, inoren jarraitzaile itsua ez zen arren. Besteak beste, batez ere autore alemanen eragina nabari zaio; baita Euskal Herriko zenbaitena ere, hala nola Jon Miranderena eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-rena. Azken honekin, hain zuzen, eta ezkerreko beste pentsalari batzuekin eskuz esku jardun zuen marxismoari buruzko testuak prestatzen, ezkerreko abertzaletasun baten bila. 1971n, “Hizkuntza, etnia eta marxismoa” (Euskal Elkargoa) saioan, abertzaletasuna eta marxismoa elkarren aurkakotzat hartzeko joera aztertu zuen. Ondoren marxismoaren eta beste ideologia batzuen inguruko lan gehiago ere idatzi zituen.

GIZABEREA

UEUk Donibane Lohizunen antolatutako lehen ikastaroetan parte hartu zuen 1973an, eta Ipar Euskal Herriko pentsalariekin harremanetan hasi zen. Garai hartan, Alemanian zela, hilabete bat gordean eman zuen, Carrero Blancoren aurkako atentaturako laguntza eman izana egotzi baitzion Espainiako Poliziak. Alemaniako Poliziak ezkutatu zuen, eta gordelekua utzi zuenean, Espainiako enbaxadorea joan zitzaion Carreroren hilketa kondenatzen zuela sinatu zezan. Ez zuen sinatu, eta atzerritik ezin itzulirik jarraitu zuen...

1975ean “Gizona abere hutsa da” saioa argitaratu zuen, landu zuen ideia nagusietakoa: gizakia, arrazoimenak gidatuta interes partekatuak defendatzeko elkarteak sortzen dituen aberea, taldekoia baita. Arrazoimena, Azurmendik dioenez, animalia izatearen ondorio dela dio. Gizaberearen historia biolentoak erakutsi duenez, txarrenerako gauza da, baina baita onenerako ere: «Ikaragarri eritzi positiboa ez dit merezi ‘gizonaren’ historiak, egia esateko, baina animaliak errespetu guztia merezi dit, gizona egiaz den animaliak ere bai». (“Gizaberearen bakeak eta gerrak”. Elkar, 1991).

Franco hil ondoren, Euskal Herrira itzuli zen, baina Alemania beti erreferentzia kultural eta filosofiko izan zuen, baita maiz bizileku ere. Garai hartan, Jose Maria Arizmendiarrietaren pentsamenduaren inguruko museo bat eta liburu bat egiteko ardura hartu zuen, eta 1984an, apaiz markinarrari buruz egin zituen ikerketak doktore tesi gisa aurkeztu zituen. Kanten filosofian aditua, 1993an EHUko Filosofia Modernoko irakasle katedradun izendatu zuten, eta 2011n, katedradun emeritu.

ABERTZALE KULTURALA

Ez da kasualitatea gehien eta sakonen jorratu zituen gaietako batzuk nazioa, hizkuntza eta kultura izatea, euskal nazioa eraikitzeko proposamena ere bai baita zegamarraren obra. Alemaniako erromantizismo ilustratua zuen eredu, Herderren historizismoa aldarrikatuta: erregeen eta inperioen historia barik, herritarren bizimodua, literatura, dantzak, harremanak... kulturen historia, alegia. Azurmendiren nazio kontzeptuan funtsezkoak dira kultura eta hizkuntza, eta gai hori oparo eta sakon aztertu zuen, bereziki nazioaren inguruko trilogian: “Espainiaren arimaz” (Elkar, 2006), “Humboldt. Hizkuntza eta pentsamendua (UEU, 2007) eta “Volksgeist: Herri gogoa” (Elkar, 2007), baita “Historia arraza, nazioa” (Elkar, 2014) saioan ere.

Espainiar eta frantziar Estatuek sakabanatutako komunitatea da Euskal Herria, eta berregin egin behar dela dio. Horrek ez du esan nahi iragan nostalgiko batera itzultzea, ordea. Abertzale kulturaltzat jo zuen Haritz Azurmendi Arruek bere tesian, Zegamako pentsalariak naziotasunaren inguruan idatzitako ideiak bildu eta gizarte zientzietako hainbat teoriarekin konparatu ondoren. Haren ustez, komunitate barrutik abiatuz, kultura modernizatu, beste kulturetatik ikasi, baina bere elementu tradizionalak eta erreferentzia propioak eraldatuz biziberritu eta modernizatu behar du abertzaletasunak.

Zenbait intelektual espainolek esaten zutenaz bestera, Azurmendiren kultura kontzeptua ez da inondik ere esentzialista, berritzailea baizik. Euskal nazionalismoaren aurka erabili duten topiko bat, ilustrazio frantsesa vs erromantizismo alemaniarra ustezko dikotomia, interpretazio oker baten ondorio dela dio. Volksgeist edo herri gogoa kontzeptua sakon aztertu zuen, eta hura euskal abertzaletasunaren kontra erabiltzen dutenei ere ulertu ez izana egotzi zien: izan ere, haren jatorrian ez dago planteamendu arrazista eta esentzialistarik; aitzitik, hizkuntzaren gaitasun autokreatzaile eta antiesentzialista adierazten du.

DEMOKRAZIA

Azurmendik jorratutako beste gai nagusietako bat demokrazia da. Besteak beste, “Demokratak eta biolentoak” (Elkar, 1997), “Euskal Herria Krisian” (Elkar, 1999) edo “Barkamena, kondena, tortura” (Elkar, 2012) lanak idatzi zituen horretaz. Euskaltasuna egin egin behar dela uste zuen bezala, berdin uste du demokraziari dagokionez ere, eta haren inguruko zenbait arriskuz ohartarazi zuen, hala nola egitura politiko legal batzuekin identifikatzea; edo, Estatua demokraziaren zaindari dela, konstituzioaren kanpoko guztia kriminalizatzea. Miranderen eta Nietzscheren pentsamendua baliatuz, salatu zuen Estatua ez dela demokratikoki eraiki, gehiengoa arrazoi bihurtuta baizik, dogma bihurtuta. Dogmaren aurkako jarrerak, hain zuzen, erlatibismora lerratu zuen. Nolanahi ere, berak bazuela absoluturik esan zuen: herria, hizkuntza eta zenbait balio, bere hautu eta erabaki gisa, horien funtsa ez dela absolutua onartuta ere.

«Oso untzi hauskorreko argonautak gara euskaltzaleok», esan zion Lorea Agirreri 2015ean “Hegats” (45) aldizkariak euskal pentsalariari eskaini zion alean argitaratutako solasean. Ontzi hauskorra hautatu zuen Joxe Azurmendik, eta bizialdi osoko lan erraldoi eta balio handikoa utzi du ontzi horrek ur gainean segi dezan.

Saiakeragile zegamarraren idazlan guztiak eta haren inguruan idatzitakoak Jakin taldearen webgunean ikusgai daude. Larunbatean, Azurmendiren inguruko ale berezia argitaratuko du GAUR8k, bere obra eta ibilbidea ikuspegi ezberdinetatik landuz.