Pop goxo, argitsu eta dantzagarria Sara Azurzaren «Hiri ilunen umeak» lan berrian
Bigarren lan luzea kaleratu du bi urteren buruan Sara Azurza (Donostia, 1997) musikari eta abeslariak. “Hiri ilunen umeak” izeneko diskoan zortzi abesti topatuko ditugu, Jon Agirrezabalagarekin batera ekoitzi eta landutakoak. MusikHaria saioan izan da Azurza diskoaren gaineko xehetasunak kontatzeko. Audioa NAIZen webgunean duzue.

Diskoaren izenburuari begiratuta zerbait ilun eta dramatikoa topatu dezakegunaren itxura ematen badu ere, kontrara doan zerbait dela esan genezake, Sara Azurzaren bigarren lan honetako abestiak entzun eta gero. Diskoari izena ematen dion abestitik abiatu gara eta musika dantzagarriarekin egin dugu topo lehen unetik; disco, r&b edota funk erritmo eta soinuak topatzen baititugu. Gitarra sotilak eta baxu indartsuak. Errepikan 2000etara eramaten gaitu nolabait ere, baina, aldi berean, Tame Impala edota Ghau bezalako proiektu musikalak ere etortzen zaizkigu burura.
‘‘Heriotzean’’ hunkigarri batekin ematen dio segida diskoari, balada puru batekin. Ahots sorta itzela entzun daiteke abesti honetan, geruza asko eta kolore desberdina dutenak, nahiz eta guztiak Azurzak berak grabatu dituen. Galera baten aurrean, amonarena kasu honetan, idatzitako abestia den arren, badu argirik abestiak.
Olaia Inziarteren kolaborazioa dakar ‘‘Begietan’’ abestiak. Maitasunak sor dezakeen minaren inguruan hitz egiten duen kantuan, ahotsaren trataerarekin izugarri jolastu dute estudioan Agirrezabalagak eta Azurzak. Orain lehor, orain oihartzun askorekin, distortsionatuta, efektu gehiagorekin… eta hori guztia bi ahots zinez indartsuren ekarpenarekin. Bideoklipa ere ikusteko modukoa da, estetika oso zaindua baitu.
HARREMANAK ETA DANTZA
‘‘Non gaude’’ kantuan, harreman baten mapa irudikatu du Azurzak. Harremana, bere horretan, bakoitzak bere lurraldera eraman dezan, mapa propioa eraikitzeko. Gaua aipatzen da hirugarrenez diskoan, zerbait gautarra baduelako lan honek, eta beste behin giro berri batera eramaten gaitu musikak, dantzagarria den mundu batera. Marinbak entzuten dira, gitarrak afrobeat mundukoak dira, dena da tropikala, eta perkusioan house musikaren zantzuak dituen elementuak jarrita. Oso udatiarra den abestia da, inondik ere..
‘‘Todas las cosas’’ abestiarekin, Daft Punken unibertsora eramaten gaitu Azurzak inondik inora ere, baina produkzio askoz ere sotilagoarekin, betiere ahotsaren mesedetan. Kanpoko begirada geure burua ulertzeko batzuetan garrantzitsua dela aipatzen digu kantu honetan donostiarrak. ‘‘Zure behatz artean’’ abestian, berriz, r&b argiago batera bidaiatzen dugu, eta Jokin Pinatxo (Janus Lester) Berako abeslariaren ekarpena du piezak. Distantziako harreman baten inguruan hitz egiten duen abestian, polifonia da nagusi, perkusioan congak bezalako elementuak agertzen dira, eta epikotasuna ere eman diote abestiaren azken zatian...
‘‘Bi muxu’’ kantua, berriz, oso goxoa da, azukrezko horietakoa, eta dantza egitera bultzatzen gaitu. Ahotsak handitasuna hartzen du abesti honetan, ezbairik gabe. Azken kantua, “Egin lo”, kaskoekin entzuteko horietakoa da. Soinu geruzek aurrera eta atzera egiten dute etengabean, eta ekoizpena zinez berezi geratu zaie.
BIDEOKLIPEN LANKETA ETA ZUZENEKOAK
Nabarmentzeko moduko lana egin du ikus-entzunekoen atalean Sara Azurzak lan berri hau aurkezteko bidean. Hala, atera dituen zortzi kantuen artean, guztira lau bideoklip kaleratu ditu.
Donostiako La Criptan aurkeztu zuen diskoa estreinakoz David Gorospe eta Iker Lauroba musikariek lagunduta; bueno, eta beste hainbat kolaborazio ere izan ziren, hala nola Gartxot Unsain edota Ianire Aranzaberenak. Gehiago ere etorriko dira, baina bitartean, uda giroko disko honetaz gozatzeko aukera badugu, emanaldi berriak etorri arte.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra
