«Ardien osasuna nabarmen hobetzen da altueran larratuta»

«Animalia artean jaiotakoa naiz», dio, barrez, Iñaki Ansolak, Elgoibarko Mausitxa baserrian. Sinestekoa da, etxe inguruan behiak, zakurrak, katuak… topatu baititugu. Baina erreginak ardiak dira hemen.
Euskal Herriko gaztazaleen artean marka ezaguna da Mausitxa: Idiazabal izendapenekoetan ekoizpen handienetakoa du -gaztandegira sartzean inpresioa egiten du hainbeste gazta ikusteak: 3.000 bat daude-, eta Ordiziako Txapelketa hirutan irabazitakoa da, baita beste dozenaka sariketa ere. Mausitxako zortzigarren gaztagile belaunaldikoa da Iñaki, eta aitak esandakoari jartzen dion arretagatik, oso litekeena da Oinatz semea bederatzigarrenekoa izatea. Hala ere, gaur egun, gazta egin, Rosa amak eta Itsaso emazteak egiten dutela garbi utzi nahi du Iñakik.
Mausitxan etxe inguruko zelaietan larratzen dira ardiak urteko zortzi hilabetetan, baina udan inguruko mendi batera eramaten dituzte, Izarraitzen magaletara, 740 metro inguruko altuerara. Iñakik dio altueran egotea onuragarria zaiela osasunaren aldetik, hainbat bakterio eta onddok eraso egiten baitiete ardiei arnasa aparatuan, baina ez altueran daudenei.
Idiazabal gazta tradizionala egiten du Mausitxak, ketua eta zuria, baina saltzen dituen hamarretik zortzi zuriak dira. Kalitateko gazta zaindu ere ondo egin behar da, mahaira ateratzerakoan zapore bete-betean egon dadin. Iñakiren aholkua da hozkailuan edukitzea eta jan baino hiruzpalau ordu lehenago ateratzea.
Eta bezero famaturik badute? Bada, bai. Kazetari batek Jose Luis Rodriguez Zapaterori oparitzeko erosi zion ale bat. Eta Arnaldo Otegiri kartzelara hutsik egin gabe eramaten zioten Mausitxa bat lagunek, bazekitelako gazta hau maite duela.

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian
