GAIZKA IZAGIRRE
HERNANI
BLACK DOG

Lang eta txakur beltza

Cannesko zinema jaialdiko Un Certain Regard saileko irabazlea, Jia Zhangkeren zinema gogora ekartzen duen filma da - aktore gisa hartzen du parte, kameo txiki batekin, eta ekoizlea da-, eta azkarregi eta zentzu handirik gabe eraldatzen ari den munduari buruzko metafora gisa funtzionatzen du.

Txinako iparraldeko Gobi basamortuaren inguruan eta Pekingo Olinpiar Jokoak hasi aurreko egunetan, Lang izeneko preso ohia bere hirira itzuliko da. Hiria guztiz hondatuta dago, apenas geratzen den jenderik bertan, eta milaka kale-txakurrek inbaditu dute guztia.

Gobernuak etxeko txakur guztien errolda eta kaleko txakurren harrapaketa agindu ditu, txakur izurrite bat saihesteko eta hiria garbitzeko prozesuaren parte gisa. Prozesu hau Olinpiar Jokoen atarian egin nahi dute, hiria “garbitzeko” asmoz. Horien guztien artean, bada txakur beltz bat -ustez amorrua duena-, eta hura harrapatzen duenari sari mamitsua eskaintzen zaio. Lang-ek, ordea, txakurra babestu eta harekin ihes egingo du. Bien arteko lotura da filmaren muina, eta Langek txakurrarekin duen harremanaren bidez erakutsi nahi da une ilunenetan ere konpainia eta motibazioa aurki ditzakegula. Eddie Peng aktoreak jokatzen du protagonistaren rola.

Basamortuaren erdian, hautsez betetako herri batean, istorioa 2008an girotuta dago, Pekingo Olinpiar Jokoak baino lehentxeago eta eguzki-eklipse baten ondoren.

Bi gertaera horiek garrantzitsuak dira narrazioan, eta kontrajarritako sinbolo gisa jokatzen dute.

GUAN HU

Zinema txinatarraren “seigarren belaunaldiko” figura nabarmena izateagatik ezaguna da Guan Hu. 1994an “Dirt” filmarekin egindako debutari esker bereziki, ospea irabazi zuen. Bere lanek estilo errealista eta Txinako gizarte garaikideari buruzko ikuspegi kritikoa izaten dute ohiko ezaugarri.