Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
BLACK DOG

Argia iluntasunean

Gobi basamortuan du abiapuntua ‘‘Black dog’’ filmak, eta hasierako sekuentzia harrigarri bati esker, begiak pantailari itsatsita geratuko zaizkizue.

Txinako iparraldeko Gobi basamortuaren inguruan Lang izeneko preso ohia bere hirira itzuli da. Hiria guztiz hondatuta dago, apenas geratzen den jenderik bertan, eta milaka kale-txakurrek inbaditu dute guztia. Horien guztien artean, bada txakur beltz bat -ustez amorrua duena-, eta hura harrapatzen duenari sari mamitsua eskaintzen zaio. Lang-ek, ordea, txakurra babestu eta harekin ihes egingo du.

Bien arteko lotura da filmaren bihotza, eta istorioak une ilunenetan ere konpainia eta indarra aurkitu daitekeela erakusten digu. Eddie Peng aktoreak jokatzen du protagonistaren rola; isila, lehorra eta hitzik gabeko pertsonaia da, baina begirada bakoitzak milaka hitz gordetzen ditu.

Istorioa 2008ko Pekingo Olinpiar Jokoak baino lehentxeago girotua dago, eta eguzki-eklipse baten ondoren. Bi gertakari hauek narrazioaren ardatzak dira, elkarren kontrako sinbolo gisa dantzan. Filmak hiri bat nola desegiten den erakusten du, eta abandonatutako txakurrek hondatutako paisaia nola menderatzen duten. Istorioa errealismo soilean oinarritzen da, baina badu kutsu distopiko bat ere, elementu fantastikorik gabea.

Filmak erritmo lasaia badu ere, ikuslearen interesa amaierara arte mantentzea lortzen du. Tonua eta girotzea oso indartsuak dira: noir-aren kutsua eta westernaren estetika batzen ditu, baina, muinean, drama sakon bat dago, ukitu poetiko eta komikoekin.

Testuinguru erabat idor batean girotua dagoen arren, sentsibilitate handiko filma da: aurten iritsi den proposamenik indartsuenetako bat.