GARA
BAIONA

Baionako bestetarako prebentzio-protokoloa ezarri dute plantan

Iazko bestak irudian.
Iazko bestak irudian. (Guillaume FAUVEAU)

«Lankidetzan aritzea lortu dugu», adierazi zuen atzo, kontent, Baionako auzapeza den Jean-Rene Etchegarayk, bortizkerien kontrako borrokarako protokoloa izenpetu zen unean.

2032 Kolektiboa aurten sartu da bestetako udalaz gaindiko komisioan, eta, besta giroaren inguruan engaiaturik dauden eragileen lan bateratuaren emaitza gisa, ate joka den ediziorako tresna berriak ezarriko dira plantan. Horretarako, ekainaren 30ean Baionako Herriko Etxean izenpetu zuten protokolo bat, 2032 Kolektiboko kideen eta hiriko auzapezaren artean.

«Orain, bestaren eragileek bestaren antolaketan ere parte hartzen dute», nabarmendu zuen Etchegarayk, lankidetza hori goretsiz. Protokoloa 2032 Kolektiboaren ekarpenei esker zehaztu da, eta helburu nagusitzat du indarkeria sexisten, sexualen, LGBT+foboen eta, oro har, diskriminazioen kontrako borroka. Dokumentua «zehatza, argia eta eragile guztiek onartua» da. Hiriko toki estrategikoetan ezarriko diren erreferenteek segurtasun zerbitzuekin lotura izanen dute, Vigilance fêtes izeneko aplikazioaren bidez. Bestalde, prebentzio-mezuak zabalduko dira kontzertuen aitzinetik eta ondotik, baita Txik Txak sareko autobusetan ere.

Baionako Elkarteen Taldeko (GAB) lehendakariak, Michaella Clapissonek, lankidetza txalotu zuen, azpimarratuz «lehen aldia» dela auzapezak «erabaki hartzaileak» deiturikoen (hau da, Herriko Etxearen) eta elkartegintzaren arteko egiturazko elkarlan bat gauzatzen duena. «Zubi bat eraiki dugu gure artean. Funtsezkoa da; gure bestak hobetu nahi baditugu, denok batera lan egin behar baitugu», gaineratu zuen Etchegarayk.

Lankidetza horren fruitu gisa, bestazaleen xarta ere sortu da. Gida horrek jokabide desegokiak, sexistak, arrazistak, homofoboak eta transfoboak saihesteko jarraibide argi eta zehatzak finkatu ditu.

SEGURTASUN PLANA

Protokoloak berrikuntza bat ekartzen du besten kudeaketan. Segurtasun planak hainbat neurri jasotzen ditu. Etchegarayk jakinarazi zuen bortizkeria ekintza bat gertatzen delarik, «besta eten eginen dela». Hau da, 2032 Kolektiboko kideek eztabaidara ekarritako molde bat plantan emateko prest litzateke, aurtengo bestetan lehen aldiz, Herriko Etxea. Etchegarayk zehaztu zuenez, «besta bertan behera utziko dugu, memento batez bada ere. Hala, musika geldituko da, dena geldituko dugu, gure mezua helarazteko».