Iraitz MATEO
GASTEIZ

Lakuak Euskara Batzordetik kanpo utzi du «euskalgintza soziala»

Euskalgintzaren Kontseilua, euskararen aldeko gizarte eragileen bilgune nagusia, Euskararen Aholku Batzordeko kide izan da azken urteetan, eta orain, harriduraz jaso du osaera berritik kanpo geratzea. Borondatea adierazi du egoera bideratu eta lankidetza abiatzeko.

Euskararen Aholku Batzordearen azken bilera.
Euskararen Aholku Batzordearen azken bilera. (IREKIA)

Euskalgintzaren Kontseiluak harridura eta kezka azaldu ditu Lakuako Gobernuak osatutako Euskararen Aholku Batzorde berrian ez dagoelako gizarte ekimeneko euskalgintzaren ordezkaririk. Kontseilua, euskararen aldeko gizarte eragileen bilgune nagusia, batzordeko kide izan da azken urteetan, eta, orain, harriduraz jaso du osaera berritik kanpo geratzea.

Kontseiluak ohar baten bitartez azaldu zuenez, ekainaren 23an lehen aldiz batu zen Aholku Batzorde berriko 27 kideen artean, «ez dago, esaterako, egunerokoan euskara herritarrei ematen aritzen diren helduen euskalduntze-alfabetatze sektoreko ordezkaririk, hezkuntzaren arloan helburu horren bila lanean ari den eragilerik, lan munduaren euskalduntzean egunero-egunero aritzen diren aholkularitzetako ordezkaririk, euskararen erabileraren aktibazioan herriz herri eta egunez egun ari diren eragileetakorik, euskararen ezinbesteko ekosistema den kultur arloko eragileen ordezkaririk...».

Kontseiluaren iritziz, gizarte ekimeneko euskalgintza «ezinbesteko aktorea» da «euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuak aurrera egin dezan». Eta balioan jarri zuen egunerokoan egiten duen lana: «Beraz, ezinbestekoa da eguneroko jardunean herritarrak euskalduntzen, euskararen erabilerarako espazioak sortzen, sustatzen eta atxikimendua bultzatzen ari diren eragile nagusiak aholku eta erabakiguneetan presente izatea», dio.

BATERA PENTSATZEKO DEIA

Gogoratu zuenez, euskalgintza egunero ari da harremanetan gizarteko errealitatearekin, euskalduntzen ari diren pertsonekin, euskaldunduko direnekin, euskaraz bizi nahi dutenekin, bai eta nahi eta ezin dutenekin ere. «Ekimen sozialeko euskalgintzaren jakintza eta ekarpenak bateratzeko eta bideratzeko sortu zen Kontseilua, eta metatutako ezagutza horren ekarpena egin nahi du orain ere», nabarmendu zuen.

Horregatik, Euskalgintzaren Kontseiluak bere borondatea adierazi zuen egoera bideratu eta lankidetza emankorrari jarraipena emateko.

«Larrialdi linguistiko betean, guztion ekarpenak ezinbestekoak dira. Euskararen berreskurapen, normalizazio eta biziberritze prozesu orok gizarte ekimenaren beharra du, eta hizkuntza-politiketan euskalgintzak biltzen dituen dozenaka mila euskaldun eta euskaltzale aktiboren ahotsa eta ekarpenak aintzat hartu beharko dira aurrera egin nahi bada», gaineratu zuen Euskalgintzaren Kontseiluak.