Iraia CAMBRA HERRERO
EUSKARA IKASTEKO BARNETEGIAK

Aduna, Forua eta Arantza, euskara ikasle udatiarren zain

Euskaraz ikasten ari denarentzat erabateko murgiltzea eskaintzen dute udako barnetegiek. Ikasleak euskaraz bizi dira aste batzuetan zehar, egunerokoan parte hartuz. Hainbat daude Euskal Herri luze eta zabalean banatuta. Nolakoa ote da ikasleen eta harrera egiten dieten herrien arteko harremana?

Ezkerreko irudian, Aduna, barnetegia hartzen duen herrietako bat. Lerro hauen gainean, Foruako barnetegiaren artxiboko argazkia.
Ezkerreko irudian, Aduna, barnetegia hartzen duen herrietako bat. Lerro hauen gainean, Foruako barnetegiaren artxiboko argazkia. (Iñigo URIZ - Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Uda iristearekin batera, AEKren barnetegiek ateak zabalduko dituzte berriz ere. Uztailaren 7tik aurrera, ehunka lagun joango dira Aduna, Arantza edo Forua bezalako herri txikietara euskaran murgiltzera. Helburua argia da: hizkuntza ikastea, baina ez soilik gramatika eta hiztegia, bizipen oso baten bidez euskara praktikan jartzea baizik.

Baina zer dira barnetegietara doazen ikasleak? Bisitariak? Turistak? Zer-nolako eragina du hauen presentziak arnasgune diren herri txikietan?

Adunako alkatea da Kristina Rodriguez, eta Arantzakoa Xatur Larralde; euren hitzetan, barnetegiak ekimen positiboak dira herrientzat, hizkuntza bizirik mantentzeko tresna izateaz gain, tokiko bizitzari kolorea eta bizitasuna ematen diotelako. Hala ere, aitortu dute murgiltzea beti ez dela erabatekoa izaten. Rodriguezek zehaztu duenez, «urte batzuetan taldeak gehiago nahasten dira herritarrekin, baina beste batzuetan distantzia handiagoa dago».

Oro har, barnetegiak aukera bezala ikusten dituzte udaletan, baina muga batzuk ere aipatu dituzte alkateek. Izan ere, euskalkiak zailtasun gehigarria eragin diezaieke ikasleei, «hemen batzuk ez dugu guztiz batuaz hitz egiten, eta egia da batzuetan ikasleek esaten dutela baserritarrei ez dietela askorik ulertzen. Eta bueno, hori da beharbada beraientzako oztopoa, ez?».

AEKren barnetegien arduraduna da Alba Ayucar, eta nabarmendu du, oro har, esperientzia ona eta aberasgarria izan ohi dela ikasleek euskalkiarekin duten harremana.

Udal ordezkariek azpimarratu dute herritarren artean giro ona dela nagusi, eta gehienek positiboki ikusten dituztela ikasleen bisitak, batez ere, herriko festetan parte hartzen dutenean. Ikasleen etorrerak aldeko beste puntu bat ere badu, tokiko saltoki eta tabernetan ematen den salmenten igoera, adibidez, eragin soziala ez ezik, .

BARNETEGIAK: DENA EUSKARAZ, DENA KOMUNITATEAN

AEKren barnetegiak ez dira ohiko ikastaroak. Ez dira soilik eskolak, eta ez dira soilik oporraldi bat. Barnetegi bat bizipen sakon eta integral bat da, non ikasleak 15 egunez murgiltzen diren euskarazko errealitate batean, eta horrek hizkuntzaren ikaskuntza baino harago doan eragin pertsonala eta soziala du, ezinbestean.

Egonaldiak goiz-goizetik hasten dira: talde osoak elkarrekin gosaltzen du, eta ondoren klaseak izaten dira eguerdira arte. Hizkuntza gaitasun desberdinak lantzen dituzte, beti erabilera komunikatiboa eta eguneroko egoerak ardatz hartuta.

Bazkaldu eta gero, arratsaldeak jarduera osagarriak burutzeko baliatzen dituzte, hala nola tailerrak, hitzaldiak, herriko euskaldunekin solasaldiak, ibilaldiak edo jolas dinamikoak. Helburua ez da soilik ikastea, baizik eta ikasitakoa praktikan jartzea benetako testuinguruetan. Hori da barnetegiaren bereizgarrietako bat: euskara ez da klaseko gai bat, bizitzeko hizkuntza bihurtzen da.

Barnetegietan parte hartzen duen jendea askotarikoa izaten da: gazteak, helduak, langabetuak, irakasleak, osasun langileak, ama hizkuntza gaztelania edo frantsesa dutenak, euskara maila ertaina dutenak edo huts-hutsean hasten direnak. Xabi Zugarramurdi Arantzako barnetegiko arduradunak aipatu moduan, askotan, Euskal Herritik kanpoko euskaldun zahar eta berri asko ere etortzen dira, eta baita diasporatik datozen zenbait ikasle ere, «horrek aberastasun berezia ematen dio taldeari».

IKASLEEN AHOTSA: EGUNEROKOTASUNEAN MURGILDUTA

Gehienetan, ikasleek bakarka ematen dute izena barnetegian, eta hortik dinamika interesgarria sortzen da. Izan ere, lehen egunetan, urduritasuna, ezagutza falta eta lotsa nahasten dira, baina pixkanaka-pixkanaka talde giroa sendotzen joaten da, laguntasunak sortzen dira eta hizkuntzak oztopo izateari uzten dio.

Barnetegia gramatikatik harago doa, helburua hizkuntzaren erabilera bera baita, ez azterketa jakin bat gainditzea soilik. Horregatik, barnetegietan giro afektiboa zaintzen da: irakasleek eta antolatzaileek ikasleei laguntzen diete, haien lotsa gainditzera bultzatzen dituzte eta akatsak egiteko aukera ematen diete.

Dinamika ludikoek —rol jolasak, elkarrizketa ariketak, talde eztabaidak, mintzapraktikak...— hizkuntza egoera errealetara eramaten dituzte ikasleak eta, askotan, sortzen diren bizipen pertsonalak dira ikasleek gehien baloratzen dituztenak. Horrez gain, hainbat barnetegitan irteerak ere antolatzen dituzte ingurua ezagutzeko: mendira joatea, baserriren bat bisitatzea, tokiko historia ezagutzea…

Ikasleek oso positiboki baloratzen dituzte barnetegian izaten dituzten esperientzia hauek. Maria Bravo, iaz Arantzan egon zen ikaslea, argi mintzatu da: «Herri txikietan euskarazko murgilketa handiagoa da. Tabernan, kalean, dendako jendearekin... egunero egiten genuen euskaraz». Herriko jendeak pazientzia handia izan zuela ere aipatu nahi izan du, eta haien aldetik harrera beroa sentitu zutela gaineratu du.

Antzera mintzatu da Cecilia del Fresno, familiarekin Adunako barnetegian izan zen ikaslea: «Oso egitarau antolatua genuen eta herriko espazio guztiak partekatzen genituen herritarrekin. Euskara praktikatzeko giro paregabea zen, eta denok lotsa kentzen genion elkarri». Bere kasuan, seme-alabekin joan zen, eta gurasoak klaseetan zeuden bitartean umeak begiraleekin geratzen ziren. Horregatik, gurasoentzat zein ondo zegoen antolatuta nabarmendu du NAIZ Irratiko mikrofonoan.

HERRIA: ESZENATOKI PASIBOA EZ, PARTE-HARTZE AKTIBOA

Klaseak herriko ikastetxeetan ematen dira, eta ostatua herriko aterpeetan ematen diete. Horrek esan nahi du ikasleek herriaren egunerokoan parte hartzen dutela: kalean ibiltzen dira, tabernetako terrazetan egoten dira, dendetan erosketak egiten dituzte eta, azken finean, herritarrekin harremanak eraikitzen dituzte. AEKren barnetegien arduraduna den Alba Ayucarrek ziurtatu duenez, ikasleek lehen egunetik jasotzen dute argi azaltzen dieten mezua: «Euskaraz aritzea ez da aukera bat, funtsezko araua baizik».

Herri txikietan egiten diren barnetegietan harremanak estuagoak izaten dira, nola ez. Adunako kasuan, esaterako, barnetegiko bizipenak herriko festekin bat etor daitezke, eta horrek are estuago lotzen ditu ikasleak eta herritarrak. Tabernariak, dendariak eta auzotarrak prest egoten dira ikasleei laguntzeko, ulertzen baitute haien esfortzua eta era positiboan baloratzen baitute euskararen aldeko jarrera aktiboa hartu izana: «Esango nuke Adunan gehienok euskaraz hitz egiten dugula, eta horrek ikasleei bultzada ematen diela euskaraz jarduteko, herria euskaldunduz».

Barnetegien kokapena ez da ausaz hartutako erabaki bat, Ayucarrek (AEK) nabarmendu duenez: «Herrien aukeraketa ez da ausazkoa, hizkuntza irizpideetan oinarritutakoa baizik: kalean euskara bizi den tokietara joaten gara murgiltze erreala eskaintzeko». Gainera, tokiko baliabideak (ostatua, ikasgelak, azpiegiturak...) eta herritarren harrera ona funtsezko baldintzak dira herri bat hautatua izan dadin. Bere hitzetan, elkarlana da giltza, bai udalekin, bai kultur elkarteekin eta baita taberna edo dendetako langileekin ere, besteak beste.

«Herria ez da agertoki pasibo bat, hezkuntza prozesuaren parte aktibo bat baizik», azpimarratu du. Horregatik, ez da ikasle kopuru masiborik bidaltzen herri txikietara, eta ikasleei hasieratik argi esaten zaie, «euskara da komunikaziorako hizkuntza bakarra, baita kalean eta ostatuan ere». Hain zuzen ere, errespetua eta oreka dira barnetegien arrakastaren giltzarri.

IKASLEA EZ DA TURISTA: EGONALDIAREN XEDEA HIZKUNTZA DA

Barnetegietako ikasleak ez dira turistak, eta herritarrek ere ez dituzte hala ikusten, ez baita berdina batzuek eta besteek herritarren bizimoduan duten eragina.

Herritik pasatzen diren bisitariek ez bezala, barnetegiko ikasleek 15 egun egiten dituzte bertan, egunerokoan parte hartuz eta euskaraz aritzeko benetako borondatearekin. «Ez ditugu turista bezala ikusten», dio Adunako herritarra den Leire Zubeldiak, «gure artean bizitzen diren herritar modura hartzen ditugu», zehaztu du. Hala ere, nork bere bizipenak dituenez, bestelako iritziak ere badira, Lorea Zabala herritarrarena, adibidez: «Barnetegiko ikasleak, ezezagunak direnez, nik bai, gure herrian dauden turista moduan ikusten ditut».

Ikuspegiak ikuspegi, AEKko arduradunek, herritarrek eta ikasleek, denek, bat egiten dute ondorioan: barnetegiek bizitza ematen diete herriei eta euskara ikasteko benetako aukera eskaintzen diete ikasleei. Azken ohartarazpen bat egin nahi izan du, ordea, Alba Ayucar AEKko arduradunak: oreka zaindu behar da, «herriak ez du sentitu behar turistez betetzen zaiela herria, aberastu egiten dela baizik».

Barnetegiko ikasleak ez dira bisitari hutsak, ez turistak, harrera egin dieten herritarren artean murgiltzera joaten baitira. Bi astez herriko egunerokoan parte hartzeak eta euskarazko murgiltze osoa bizitzeak aukera ematen die herri horretako parte bihurtzeko. Hizkuntza dute zubi eta harrera egin dieten herritarren hizkuntza gaitasunak bere egitea helburu.