Iraitz MATEO GOGORZA
UDAKO IKASTAROAK, ITZULTZAILE NEURONALAREN INGURUAN

NOLA ERABILI ITZULTZAILE NEURONALA IKASGELETAN

Itzultzaile neuronalak euskararen erabilera indartu dezake? Eta nola egin hori lortzeko? Eta hori nola eman daiteke ikasgeletan? Kezka horri tiraka, Soziolinguistika Klusterrak proiektu bat jarri zuen martxan, Itzulinguru, eta DBHko zein euskaltegietako ikasleekin egin zuen ikerketa. Berriki, mahaiaren bueltan bildu zituzten bizitakoak.

Erezumak, Ogizak eta Basurtok xehatu zituzten Itzulinguru proiektuak emandakoak.
Erezumak, Ogizak eta Basurtok xehatu zituzten Itzulinguru proiektuak emandakoak. (Gorka RUBIO | FOKU)

Soziolinguistika Klusterreko kideen artean, kezka berri bat sortu zen teknologia berrien etorrerarekin: hizkuntza teknologietan ematen ari zen garapenak zer eragin zuen euskararen erabileran. Hori ikertzeko asmotan sortu zuten Itzulinguru proiektua, «itzultzaile neuronalaren eragina hizkuntza jarduera arautuan» ikertzeko. Izan ere, Klusterreko kide den Asier Basurtoren arabera, beraientzat garrantzitsua zen itzultzaile neuronalaren aplikazioa aztertzea, «euskaraz garapen teknologiko maila aurreratua duelako eta gizarteko testuinguru arrunt askotan» erabiltzen ari delako. Hala ere, ez zuten «jolasteko erabiltzen duen jendearekin» egin nahi ikerketa, maila profesionalean erabiltzen dutenekin baizik.

2023 eta 2024ko ikasturteen artean egin zuten ikerketa, eta Udako Ikastaroetarako, “Itzulinguru proiektua euskaltegietan eta bigarren hezkuntzan” mahai-ingurua osatu dute Basurtok berak, Beñat Erezuma Bigarren Hezkuntzako irakasleak eta Aitor Ogiza AEK-ko kideak. Bakoitzak bere esperientziak kontatu ditu, itzultzaile neuronalak zertan lagundu dien eta aldi berean zein oztopo sortzen dituen diglosia egoeran dagoen euskararen kasu zehatzean.

Basurtok ikerketaren marko teorikoan aipatzen du jarduera profesionalen alorrean egin dutela lehen ikerketa hau: «Jada egitura bat badago, sistema bezala ulertzen dugu, eremu horietan jada badaude arau batzuk, lan banaketa bat, tresna batzuk… baina teknologia sartzen denean, sistema horrek distortsio bat jasaten du, eta tresna, arau, lan banaketa horiek moldatu egin behar dira».

Itzulinguru proiektua hainbat alorretan ikertu dute, erakundeetan, Osakidetzan, hedabideetan zein hezkuntzan. Eta azken honen inguruan aritu dira solasean, hezkuntzan izan duen aplikazioaz, hain zuzen ere.

Hala ere, ikuspegi orokor batetik, itzultzaile neuronalaren aukerak zerrendatu ditu: «Euskaraz testu gehiago sortzea, erabiltzaileen euskarazko gaitasuna handitzea, sortutako testuen kalitatea hobetzea, funtzionamenduaren efizientzia, langileen autonomia eta ahalduntzea, eta heziketa tresna bezala erabiltzea». Horiek lirateke lorpenak.

ONDORIO OROKORRAK

Eta jarraian, ondorioei begira jarri da, nahiz eta gaineratu duen itzultzaile neuronalaren kasua «gainditu» dutela eta teknologia berriei egiten dietela erreferentzia gehienek.

Batetik, izan hezkuntzan zein beste adibideetan, agerian utzi omen ditu erakundearen beraren «gabeziak eta beharrak»; «Tresna berri batekin, beharrak, irizpideak, antolaketa... dantzan jartzen dira», azaldu du. Bestetik, itzultzailearen erabilera «ordenatu eta arautzea» beharrezkoa dela azpimarratu du, «tresnak euskararen alde jokatzea nahi bada, behintzat». Hirugarren ondorioa, errebisioa: «Gaur egun ez gaude makinak ematen digunaz itsu-itsuan fidatzeko moduan, testuen aurre-edizioa eta post-edizioa ezinbestekoak dira».

Bestalde, adierazi du interesgarria litzatekeela «testuen ibilbidea agerian jartzea»; hau da, esplizitatzea testuak zein ibilbide izan duen, itzulia izan dela etab. «Garapen teknologikoan eta inplementazioan egiten diren hautuen araberakoak dira eragin soziolinguistikoak», kontatu du beste ondorio baten gisara Basurtok, eta zehaztu du Euskal Herrian badagoela horren kontzientzia, «garapen teknologikoa bertatik eta euskaraz» egiteko, eta gaineratu du hori funtsezko faktorea dela hizkuntzaren biziberritzean.

Eta azken ondorio sorta gisara, hizkuntza-ideologiak, irudikapenak eta diskurtsoak ere eraldatu egiten direla ohartarazi du, «tresnak ez dira neutroak». Nabarmentzekoa da «sortze hizkuntza» kontzeptuaren inguruan egindako hausnarketa: «Gaur egun testuak ez ditugu hizkuntza bakarrean sortzen, ordenagailuan zortzi leiho irekita eta hizkuntza ezberdinetako iturrietatik sortzen dugu, eta hori nola aitortu planteatu behar dugu». Bestetik, hizkuntza autoritate eta legitimitate modu berriak ere sortu direla esan du; izan ere, lehen akademiek edota komunikabideek baldintzatzen zuten zer zegoen ondo eta zer gaizki, baina Basurtoren esanetan adimen artifiziala gero eta gehiago ari da paper hori betetzen.

Klusterreko kideak erronka forma hartu duen galdera batekin amaitu zuen bere hitzartzea: «Hizkuntzak ikasteko motibazioez hausnartu behar dugu, zertarako ikasiko dut? Instrumentalak ez diren motibazioez pentsatu behar dugu euskararen biziberritzea bultzatu nahi dugun guztiok».

IKASTETXEETAN ZER?

Hezkuntza arautuan lau esku hartze egin zituzten, eta Erezumak esperientzia horiek partekatu ditu. Bere ustez, garrantzitsua da esperientzia bakoitza kokatzea eta bere egoera soziolinguistikoaren barnean ulertzea.

Lehen adibidea Uribe Kostako BHIkoa da, Plentziakoa; gehiengoak ikastetxeko bizitza gazteleraz egiten duen ingurunea da, irakaslearen arabera. Teknologia jakintza gaian etxebizitza baten instalazio elektrikoa egin behar zuten, eta gero, osagai elektriko bakoitzari etiketa bana jarri, izenarekin eta funtzioarekin; euskaraz, gazteleraz eta ingelesez. Amaitzeko, proiektuaren txostena euskaraz idatzi eta ahoz azaldu behar zuten.

Elementu positibo gisa, komunikazioa erraztu daitekeela edota txostenetan egin ohi zituzten akatsak itzultzailearekin zuzenean zuzendu daitezkeela aipatu du. Aurkara, testuak gazteleraz sortzen zituztela eta itzulitakoan ez dutela berrikusten dio.

Bilboko Miguel de Unamuno ikastetxean egin zuten bigarren esku hartzea, albiste zientifiko bat hartu eta aurkezpena egin behar zuten ikasleek. «Erosoen egiten zitzaien hizkuntzan idatzi behar zuten, eta hori gaztelera da. Itzultzailearekin itzultzen zuten euskarara, eta teorian horrekin testua bereganatzen zuten», adierazi du. Praktikan, azaldu du hainbat argi-ilun identifikatu zituztela; batetik, beraiena baino euskara maila hobean jasotzen zutela itzulpena, eta hori positiboa zela. Baina gazteleraz sortzen zutela, eta testua buruz ikasita botatzen zutela, edukia barneratu eta ulertu gabe.

Zarauzko Lizardi BHIn egin zituzten azken bi ikerketak. Ekonomia jakintza gaiaren adierazle ekonomikoen albisteak euskarara ekarri behar zituzten itzultzaile neuronala erabiliz. Erezumak kontatu du ikasle horiek, orokorrean, itzulpena jaso eta doikuntzak egin zituztela. Alde positiboa berehala sumatu zuten: «Lehen iturri gutxiago zituzten, euskarazkoak bakarrik, eta orain horrek informazio iturriak zabaltzea ekarri zien».

Bigarren esperientzian, teknologia alorrerako proiektu baten txostena egin behar zuten, materiala gazteleraz zein ingelesez bilatu eta itzultzailearen bidez euskarara ekarri. Erezumak: «Ikusi zuten ez zela nahikoa itzultzailetik pasatzea, pentsamendu kritikoa landu zuten zuzentzeko. Eta bigarrenik, erdaretan erabiltzen zituzten hitz edo esamolde batzuk euskarara ekarri zituzten, hiztegia aberastuz». Hala ere, arazo batzuekin egin zuten topo: Adimen Artifizialaren inguruko arau edo irizpideak ikastetxean ez zeuden zehaztuta; irakasle batzuek teknologia berriaren aurkako jarrera zuten; eta hirugarrenik, Erezumak bereziki azpimarratzen duena, «ebaluazio metodologiak ez daude moldatuta errealitate berrira».

ETA EUSKALTEGIETAN?

Esperientzia ezberdina izan zuten euskaltegietako irakasleek; horien berri eman du Ogizak mahai-inguruan. Aitortu du beraiek konturatuta zeudela ikasleek itzultzailea erabiltzen zutela, «maila baxuenetakoek, adibidez, Whatsapp taldeetan idazteko, maila aurreratuenetan segurtasuna irabazi eta gehiago erabiltzera ausartzeko».

Hala ere, adierazi du itzultzailea erabilgarria izateko, bi hizkuntzetan gutxieneko jakintza bat izatea beharrezkoa dela, «bestela ezin baituzu interpretatu jasotakoa zuzena den». Maila eta profil ezberdinetako ikasleekin probatu zuten tresna: «Ikasleek beraiek idazten zuten testua, itzultzailearekin itzultzen zuten, eta ondoren itzulitako testu hori berriro ere itzultzailearekin euskaratzen zuten; orduan, ezberdintasunak lantzen zituzten». Kontraste horiek egitera jolastuz elikatu dituztela beren klaseak kontatzen du AEK-ko kideak.

«Ikusi dugu ikasleak tresna hori erabiltzen trebatu behar ditugula; teknikoki badakite, baina helburu jakin batzuei begira nola erabiliko dugun pentsatuz trebatu behar ditugu», hausnartu du Ogizak. Eta gaineratu du programaziora eramateko tresna bat dela, «autoebaluazioa gidatzeko erabili daiteke» argitu du.

Esperientzia horietatik, ondorio bat biribildu du Basurtok: «Erabilera akritikoa gure aurka etorriko da; nola erabili pentsatzerakoan, euskararen erabileran izango dituen ondorioen ikuspegitik pentsatu behar dugu».

Eta Erezumak, hezkuntzari lotuta, gehitzen du, bere ustez, ebaluazioa eta honen eraldaketa jarri behar direla erdigunean, eta hori birpentsatu behar dela: «Nola ziurtatuko dugu Bigarren Hezkuntza amaitu duten ikasleek B2 maila eskuratzen dutela? Iruzkinak eskatuz eta guk zuzenduz? Nire teoria da gero eta gehiago landu beharko dela offline; ‘Zuk etxean egizu nahi duzuna, baina gero gelan hartuko dugu tarte bat egindako horren inguruan hitz egiteko’».

Tresnak erabiltzera bultzatzen ditu ikasleak, baina hauek egoki erabiltzeko ikasgelan tartea eskaini behar zaiola uste du.