Hatortxuko kideek topa egin dute, presoen aldeko urteetako elkartasun lana txalotuz
Urteroko legez euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde topa egin zuten atzo eguerdian Iruñean. Aurtengoan agur esango duen Hatortxu Rock elkartasun jaialdiko kideek egin zuten topa, urteetan lau haizetara zabaldutako elkartasun keinuak goraipatuz.

Txupinazoaz harago, bada askorentzat ohitura den beste hitzordu bat: 13.00etan Arrano elkartearen atarian elkartzea eta euskal preso politiko, iheslari eta deportatuak gogoan izan eta haien alde topa egitea. Atzo ere, ezin bestela izan, jendetza elkartu zen. Iruñean jada festa lehertua zela, oraindik gurekin egon ezin duten horiek oroitu zituzten; «dispertsioarekin amaitzea lortu genuen, eta etxeratzearen alde bultzatzen jarraituko dugu aurrerantzean ere».
Guztiak etxera ekartzeko garaia dela aldarrikatu eta horretarako noranzko argi bat ezarri zuten: «Euskal Herriko gehiengo sozial, politiko eta sindikalak euskal preso politikoen kolektiboari aplikatzen zaizkion salbuespenezko neurriekin amaitzeko konpromisoa hartzea lortu behar dugu, neurri horiek etxeratzea oztopatzen baitute».
Urtez urte Euskal Herri «luze-zabalean» hainbat elkartasun ekimen egin direla aipatu zuten. Eta elkartasunaz hitz egiten hasita, ezin ahaztu 1999tik gaur arte «presoen eta haien senideen aldeko borroka eta herri honen askatasunaren aldeko aldarria lau haizeetara zabaldu dituen askatasunaren aldeko festibala». Egindako lana txalotu eta Hatortxuko kideei eman zieten hitza, zapiarekin batera.
UZTAILAREN 24AN, LAKUNTZARA
Hatortxuko kideek adierazi zuten azken jaialdia izanagatik ere, beraietako inor ez doala etxera: «Hiru aste barru agur esango dugu. Azken Hatortxu... Zenbatetan errepikatu dugun, e! Agur esanen dugu, bai, baina denak etxean eta modu duinean egon arte lanean jarraituko dugu. Gutako inor ez doa etxera. Hatortxu badoa, baino Hatortxuko kideak ez». Umorez amaitu zuten: «Izkina hau kameraz josita dago, denak fitxatuta zaudete. Inor ez da libratuko Lakuntzan txanda bat egiteaz! Lanera ba, denak etxean izan arte!».

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
