Etxeen %100etan jaten da gazta, baina %91k ez dute bertakoa aukeratzen
Herritarren %82 prest daude gazta bategatik gehiago ordaintzeko, baldin eta haren ekoizpena nola egiten den ezagutzen badu. Hala dio «Know N Cheese» ikerketak. Euskal Esnekigileen Elkarteak elikadura ohiturek aukera bat suposatzen dutela nabarmendu du. Aukera horrek eragin zuzena du: «Ekonomikoa, soziala, kulturala».

“Know N Cheese” ikerketaren arabera, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako etxeen %100etan gazta kontsumitzen dute, %96tan jogurta eta %93tan esnea. Eguneroko dietaren parte dira esnekiak. Baina horrek ez du esan nahi jakin badakigunik zer jaten dugun. Are gutxiago, nork egiten duen.
Ikerketa berak dioenez, kontsumitzaileen %80k ez dute inguruko artisau ekoizlerik ezagutzen. Alegia, ohikoena da ez jakitea nork egiten duen gehien kontsumitzen dugun elikagaietako bat.
Euskal Esnekigileen Elkarteak ohar batean azaldu zuenez, gazta horietako asko gure etxeetatik kilometro gutxira ekoizten dira. «Behi, ardi edo ahuntz esnearekin lan egiten duten herri eta baserrietan. Tokiko lehengaiak ehundik gora esneki mota desberdin bihurtzen dira. Hala ere, ikusgaitasun gabezia handia da», nabarmendu zuen.
INDUSTRIALIZATUAGOAK NAGUSI
Artisau gazta kontsumitzen duela dioten herritarren portzentajea %57ra jaisten da. %91k supermerkatu eta hipermerkatuetan egiten dituzte erosketak. Horietan, sarri ez da bertako ekoizleen produkturik ageri. Merkeagoak, ikusgarriagoak eta industrializatuagoak gailentzen dira.
«Gazta baten atzean, normalean ikusten ez ditugun erabakiak eta prozesuak daude. Abereen elikaduratik eta jeztetik hasi eta tratamendu termikoraino, heltzeraino edo ontziratzeraino. Tokiko elaboratzaileen kasuan, hori guztia ustiategi txikietan egiten da, xehetasun bakoitza zaintzea ahalbidetzen duen kontrol mailarekin. Bolumena mugatua da, zorroztasun horri eutsi ahal izateko», agertzen dute.
Euskal Esnekigileen Elkartea esnekiak ekoitzi eta eraldatzen dituzten 30 bat ekoizle biltzen dituen erakundea da. Argitu zuenez, ez dira marka industrialak, lurraldean sustraitutako proiektuak baizik. Eskala txikian lan egiten dute, inguruko esnea erabiliz, eta 100 produktu desberdin baino gehiago ekoizten dituzte.
Zer jaten dugun jakiteak produktu bat edo beste aukeratze horretan eragiten du. Esaterako, EAEko herritarren %82k adierazi dute gazta bategatik gehiago ordaintzeko prest leudekeela, baldin eta haren ekoizpen prozesua ezagutuko balute.
AUKERAREN ERAGINA
«Kontua ez da prezioa bakarrik, baizik eta ulertzea zer erosten dugun, nola egin den eta nor dagoen atzean», esplikatu zuen elkarteak.
«Hor hasten da kontzientzia. Gure elikadura ohiturek aukera bat suposatzen dute. Eta egiten dugun aukera horrek eragin zuzena du: ekonomikoa, soziala, kulturala. Kanpoko produktu industrialek, askotan, prezio baxuagoa eskaintzen dute, baina horrek ez du esan nahi azkenean merkeago irteten zaigunik. Tokikoa baztertzen dugu, lanbide bat ahultzen dugu eta gure ekonomia propioan itzalik ez duen bide bat elikatzen dugu», gaineratu zuen.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
