GARA
GIROA 2025

Garaipena eta lidergoa Anna Hendersonentzat

Anna Henderson, garaile bigarren etapan.
Anna Henderson, garaile bigarren etapan. (GIRO WOMEN)

Anna Henderson txirrindulari britainiarrak (Lidl-Trek) irabazi zuen atzo 2025eko Italiako Giroko bigarren etapa, Aprican, eta irabazteaz gain, beste sari potolo bat ere eskuratu zuen: sailkapen nagusiko lehenengo postura igo da.

Hendersonek Dilyxine Miermont frantziarra (Ceratizit) menderatu zuen esprintean, garaipen handia eskuratzeko. Gainera, 26 urteko britainiarrak Movistar taldeko Marlen Reusser igandeko irabazleari maglia arrosa kendu zion.

Hendersonen eta Miermonten atzetik, hogei bat ziklistak osatutako multzo bat helmugaratu zen, etapa garaipena jokatu zuten bi txirrindulariekiko 26 segundora; Soraya Paladin italiarra (Canyon) izan zen multzo horretako azkarrena. Gerora, bi minutu baino apur bat gehiago galduta, beste multzo bat iritsi zen; Usoa Ostolaza eta Ane Santesteban Laboral Kutxa taldeko euskal txirrindulariak ere hor zeuden. Naia Amondarainek bederatzi minutu galdu zituen.

«IKARAGARRIA»

Anna Henderson txirrindulari britainiarrak hau adierazi zuen helmugan: «Aukera aprobetxatzen jakin dut. Tropelak espazioa eman digu eta aprobetxatu egin dut. Nire ibilbidea aldatzen duen garaipena da. Ikaragarrizko sentsazioa da. Erlojupeko hobeagoa espero nuen, baina gaur [atzo] ez nuela ezer galtzeko sentitu dut. Amets bat da».

Lidl-Trek taldeko txirrindulariak 15 segundoko aldea ateratzen dio sailkapen nagusian Marlen Reusser suitzarrari, eta 31 segundo, hirugarren den Elisa Longo Borghiniri. Ostolaza 45.a da, 3:54ra; Santesteban 51.a da, 4:09ra; eta Amondarain, 119.a, 11:20ra.

Gaur lehiatuko den 36. Italiako Giroko hirugarren etapak 122 kilometroko ibilbidea izango du; Vezza d’Oglion hasi eta Trenton amaituko da, eta hasierako zatian parte-hartzaileek lehen mailako Tonale mendatea igo beharko dute.