Gaztenpresa Fundazioak 348 enpresa sortzen lagundu du 2024an
Laboral Kutxaren Gaztenpresa fundazioak 348 enpresa sortzen lagundu zuen iaz. Enpresa horiek 696 lanpostu berri sorrarazi zituzten. Horren harira, atzo, Bilbon, 2024ko txostena aurkezteko ekitaldian, «Legado» programa berria jarri zuten martxan «negozioen transmisioan eta jarraipenean laguntzeko».

Gaztenpresaren 2024ko txostena aurkeztu zuten atzo goizean Laboral Kutxako Bilboko lurralde-egoitzan. Jakinarazi zutenez, Gaztenpresa fundazioak 348 enpresa eratzen lagundu zuen 2024an, eta enpresa horiek 696 lanpostu berri sortu zituzten. Bertan izan ziren Ibon Urgoiti Gaztenpresako lehendakaria, Inma Ramos Gaztenpresako zuzendaria eta Francisco Pedraza Lanbideko zuzendaria.
Urgoitik nabarmendu zuenez, Gaztenpresa fundazioak, 1994an sortu zenetik, 7.246 enpresari lagundu die abian jartzen, eta horiek, guztira, 13.371 laguni eman diete lana. Fundazioko lehendakaria pozik azaldu zen datu horiekin: «Pertsonak ezinbesteko elementuak dira proiektuak bide onetik joan daitezen eta denborarekin finka daitezen; horregatik, Gaztenpresan ahalegin handiak egiten ditugu, pertsonei euren bidean laguntzeko, negozioa abian jarri ondoren ere».
Ildo horretan, datu «adierazgarri bat» azpimarratu zuen Urgoitik: «Gure Fundazioak babestutako enpresen biziraupen-tasa %77tik gorakoa da 5 urte igarotakoan; orokorrean, ordea, batez besteko tasa ez da %50era iristen».
Aurkezpen ekitaldia aurrera zihoala, beste datu batzuk aipatu zituzten; guztira, 1.521 eskaera jaso ziren iaz.
Jakinarazi zutenez, proiektu bakoitzeko batez besteko inbertsioa 104.070 eurokoa da, eta iaz emandako maileguen batez besteko zenbatekoa 53.904 eurokoa izan zen. «1994az geroztik, 216 milioi eurokoa izan da emandako maileguen zenbateko agregatua», gaineratu zuten.
ZERBITZUEN SEKTOREA, NAGUSI
Profil estandarra zein den azaldu zuten atzoko ekitaldian. Erabiltzaileek sortutako enpresa gehienak zerbitzuen sektorekoak dira (%80). Ekintzaile gehienak gizonezkoak dira (%56) eta batez beste 39 urtekoak. Ikasketarik gabeko erabiltzaileak dira gehiengoa (% 77).
Enpresa berrien forma juridikoari dagokionez, %72 enpresaburu indibidualak dira eta %28 sozietateak (%85, sozietate mugatuak, eta %15, kooperatibak).
«LEGADO» PROGRAMA BERRIA
Atzoko ekitaldian ezagutarazi zutenez, Gaztenpresak “Legado” programa berria jarri du martxan «ixtear dauden negozioak transmititzen eta haiei jarraipena ematen laguntzeko, titularrek laster erretiroa hartuko dutelako eta belaunaldi errelebo jakinik ez dutelako».
Horrela, negozio bideragarriak ixtea saihestu nahi dute. Aldi berean, nahi duten pertsonei aukera egokia eskaini nahi diete, abian dauden eta funtzionamendu historiko ona izan duten negozioak eskuratzeko.

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
