GARA
GASTEIZ

Gipuzkoako erresidentzietako langileek grebari berrekin diote

Urtarrilean hasitako Gipuzkoako erresidentzien eta eguneko zentroen hitzarmen berriaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatu zuen ELAk laugarren greba egunean. Sindikatuak Foru Aldundiari eskatu zion zerbitzuaren arreta hobetuko duen hitzarmenaren lidergoa hartzeko.

Gipuzkoako erresidentzietako langileen manifestazioa.
Gipuzkoako erresidentzietako langileen manifestazioa. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gipuzkoako erresidentzia eta eguneko zentroetako 5.000 langilek ekainean egindako hiru greba egunei jarraipena eman diete, atzotik aurrera egingo dituzten beste hiru greba egunekin. Atzoko greba egunak jarraipen zabala izan zuen lan zentroetan, eta langileek Gipuzkoako Plazatik hasi eta bertan bukatu zen manifestazio jendetsua burutu zuten.

ELAk mahai negoziatzailean %60ko ordezkaritza du, eta, salatu zuenez, urtarrilean hasita burutu diren negoziazio bileretan «patronalek ez dute sektorean dagoen prekaritatearekin amaituko duen inongo edukirik jarri mahai gainean». «Izan ere, azken urteetan kontratuen partzialtasuna izugarri hazi da eta langileen %40k borondatezkoak ez diren kontratu partzialak ditu. Egoera honek, langileen lan eta bizi baldintzak izugarri okertzeaz gain, egoiliarrei eskaintzen zaien arretaren kalitatea ere nabarmen okertu du. Enpresa pribatu eta irabazi asmorik gabe deklaratzen diren gehienen mozkinak lortzeko eta negozio logika batean oinarritzen den zaintza sistema eusteko nahiarekin soilik ulertzen da egoera hau», azaldu zuten.

Hau horrela, ekainaren 20an ELAk bai Aldundiarekin egindako bileran, bai Gipuzkoako batzar nagusietako Gizarte politiketako batzordean egindako agerraldian, sektorearen egoera azaldu zuen eta foru aldundiari eskatu zion ardura politikoa har dezala eta «prekaritate honekin amaituko duen hitzarmen bat ahalbidetzeko lidergotza eta bitarteko guztiak jar ditzala». Hitzarmen horretarako, ELAk %100eko lan jardunaldia duten kontratuak eskatzen ditu langile guztientzat; baita soldata arrakalarekin amaitzeko eta asteko 32 lanordu ezartzeko ere, besteak beste.

Langile guztiak gaur eta bihar greba egunetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitu zituen, baita zaintza publikoa, unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa aldarrikatzen duten eragile sozial zein herritar guztiak ere.