Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Uda-kantarena

Lehenik eta behin, galdetu diot ea badakien zer den uda-kanta bat. ‘‘Bai, noski’’, erantzun dit, eta, zalantzak uxatzeko-edo, haien ezaugarri nagusiak eman dizkit: «Udan arrakasta handia duten kantak dira, melodia itsaskor eta errepikakorra dutenak, sarritan festak, hondartzak, eguzkia, maitasuna edo oporrak aipatzen dituzte eta irrati, diskoteka eta festa guztietan entzuten dira». Bai, horiek dira uda-kantak, soilik lagun ilustratuak eta familia aurrean ez daudenean dantzatzen ditugun horiek. Gainera, lau adibide jarri dizkit: Luis Fonsiren ‘‘Despacito’’, Las Ketchupen ‘‘Aserejé’’, Shakiraren ‘‘Waka Waka’’ eta Don Omarren ‘‘Danza Kuduro’’. Lezio ederra eman didana.

Horren ondoren, aurreikuspen bat egiteko eta 2025eko euskal uda-kantuak zerrendatzeko eskatu diot; beste lau aukera. Zerrenda hauxe proposatu dit: Mikel Urdangarin eta Kirmen Uriberen ‘‘Arbasoen su txikia (etenik gabe)’’, Janus Lesterren ‘‘Dap dap’’, Bulegoren ‘‘Gure bihotzaren taupadak’’ eta, azkenik, Sara Azurza eta Olaia Inziarteren ‘‘Begietan’’. Horretaz gain, bakoitza aukeratzeko zentzuzko arrazoiren bat aipatu dit. Eskerrak eman dizkiot, azken tendentzietatik urruti nabilelako, eta hark laster batean kontsolatu nau, eta hau gaineratu du: «Ez kezkatu, Andoni, hori guztioi gertatzen zaigu-eta noizean behin; musikaren munduak azkar egiten du aurrera!». Zein adeitsua den ChatGPT, benetan.