Urtzi URRUTIKOETXEA
AEB- ETAKO INPERIOA

Donald Trump, edo nola (ez) utzi munduko jendarme izateari

Munduko jendarme izateko, tentaldiari ihes egitea ez da Etxe Zuriko nagusiek egin izan duten zerbait. Donald Trump presidentea ere ez da botere kuotarik galtzearen adibide onena, bere burua «bakegile» gisa saldu duen arren, Iran eta Israelen arteko «12 egunetako gerra» amaitzearen domina jantziz.

(EUROPA PRESS)

Azken asteotan sarean bolo-bolo dabilen bideo batean, George W. Bushen duela ia 15 urteko adierazpenak ageri dira, Estatu Batuetako (AEB) historiara begira esanak: «Tartean-tartean agertzen diren -ismo batzuk ditugu: isolazionismoa, bere biki maltzurra, protekzionismoa, eta hiruki maltzurra, natibismoa». Hala, gogora dakar (Trumpek berriz famatu aurrekoa da bideoa) duela mende bat “America first” (AEB lehenbizi) politika bat izan zela, «bost axola zer gertatzen den Europan» zioena, kanpo-merkataritzaren eta immigrazioaren aurkakoa. Garai hartan, «italiar gehiegi eta judu gehiegi ditugu» esaten zuten. «Kezkatuta nago berriz ere -ismo horien garairantz ez ote goazen».

2011koak dira Bushen adierazpenak, eta noski, ordurako urteak ziren agerian geratu zela, Afganistanen eta Iraken bereziki, porrot egin zuela bere politikak. AEBen interbentzionismoaren aurkako jarrera historikoki ezkerrean egon bada ere, Bushek iragarri bezala eskuinean ere bazegoen herrialdea bere baitara biltzearen aldeko korronte bat. Donald Trumpen arrakastaren gakoetako bat, duela hamar urte New Yorken Trumpen Tower-eskaileretan behera hautagaitza aurkeztu zuen unetik, antipolitikaren leloa izan da. Herritar arruntek bezala hitz egitea, eta ez Washingtonen biltzen den elitearen gisan; mendebalde osoko eskuin muturrak bere egin duen ildoetako bat izan da.

«GERRA ERGELAK»

Horren barnean Trumpen argudioetako bat Ekialde Hurbileko «gerra ergelekin» amaitzea izan da. “Lehendabizi AEB” behar zuen horrek, baina Etxe Zuria berreskuratu eta gutxira atzerri hurbilera begira jartzea ekarri zuen: Groenlandia, Kanada eta Panama sartu ziren bat-batean presidentearen hiztegian. Geroago, Trump boterera ekartzea ahalbidetu zuen sektore isolazionistak kezkatuta ikusi du Iranen aurka bonbardaketa.

Egia da, gaur egun, inork ez duela aurreikusten AEBetako tropak berriz ere munduan beste gerra batera bidaltzea. Teorian, Trumpek «bakegile» gisa saldu du bere burua, Iranekin eta Israelekin ere «12 eguneko gerra» amaitzearen domina jantzi du. Horretan guztian, baina, Etxe Zuriko maizterrak bere presio-baliabideei eutsi die, AEBek munduko beste edozein herrialdek baino askoz botere militar eta ekonomiko handiagoa daukala probestuta.

VANCE ETA «TRUMPEN DOKTRINA»

JD Vance AEBetako presidenteordeak «Trump doktrina» bataiatu du: «Estatu Batuen interes argi bat zehaztu», eta helburu hori diplomazia oldarkor batekin lortu, botere militar «erraldoi» baten babesean. «Gero, alde ziztu bizian handik gatazka luzatu bat bihurtu aurretik». Bistan da, JD Vance da sektore isolazionistaren figura garrantzitsuena, eta sektore horrek goitik behera sinetsi nahi du Iranen aurkako bonbardaketa ekintza puntuala izan dela. «Inork ez du Irakera eta Afganistanera itzultzeko irrikarik. Uste dut Trumpek hori ulertzen duela. ‘Irango arma nuklearren proiektua’ omen zenaren aurka agindu zituen eraso zehatzak», adierazi zuen Publicon Stand Together lobby libertario eskuindarreko Reid Smithek.

Hasierako mezu harroek zalantzazko galdera gehiagori egin diete bide azken egunetan, horratik, Iranen gaitasun nuklearra erabat suntsituta utzi zuela zioten Trumpen adierazpenak esajeratuegiak ez ote diren izan. Eta batera edo bestera izan, munduko jendarme izateko tentaldiari ihes egitea ez da Etxe Zuriko nagusiek egin izan duten zerbait. Trump ere ez da botere kuotarik galtzearen adibide onena.

Ezin ahaztu, ustezko borondatea ontzat emango balitz ere, AEBek dozenaka herrialderekin dauzkatela defentsa-akordioak mundu osoan zehar. Eta horrela, base militarrak eta 40.000 tropa ditu Ekialde Hurbilean. “Tomorrow the world” (“Bihar, mundua”) liburu arrakastatsua idatzi zuen Stephen Wertheim-ek dioenez, «AEBek, armada Ekialde Hurbilean daukaten bitartean, Ekialde Hurbila bonbardatuko dute, eta Ekialde Hurbilean erasoak jasango dituzte». Reidek ere aitortzen du: «Akordioek gizateriaren herena defendatzera behartzen bazaituzte, zure aurkariek nahi dutenean leku makurretara eramango zaituzte».

Garai bateko belatz gerrazaleen aldean, litekeena da Trumpen administrazioan gehiago izatea nazioarteko tentazio militaristei eustearen aldekoak (Iran bonbardatzearen alde agertu dira inkestetan herritar errepublikanoen %80, edozelan ere). Marco Rubio da beharbada lehen sektore horren adierazlea, baina bera ere ez da duela sei urteko errepublikano militarista, eta otzan-otzan betetzen du Trumpen agenda. Beste belatz garrantzitsua Mike Waltz Segurtasun Nazionaleko aholkularia zen, baina, Pete Hegseth-en Signal-eko mezuen ostean, administraziotik kanpo geratu da.

UKRAINA

Rubio bera, estatu-idazkari lanaz gain Waltzek zituen arduren jabe egin arren, Ukrainari agindutako armak ez bidaltzeko haututik kanpo geratu da asteon, zenbait iturriren arabera. Elbridge Corby Defentsa-politikako idazkariordea JD Vanceren aliatu estua izan da, eta presidenteordearen gisan kontentzioaren aldekoa. Iranen aurkako erasoaren testuinguruan, lehia bizia izan (eta galdu) zuen Corbyk Erik Kurilla Centcom-eko jeneral eta Israelen lagun estuarekin, eta urteetako diskurtsoaren ondoan, Israelen defentsan geroz eta oldarkorrago eta mehatxagarriago bihurtzen ziren hitzak entzun zizkioten presidenteari.

Edozelan ere, neocon belatzen garaia amaitu dela ikusten du sektore horrek. Europatik urrundu eta Asiara begiratzearen alde daude, Txinarekiko lehia merkataritzan eta diplomazian txertatuz (militarki hiru aldiz gehiago xahutzen dute gaur egun oraindik AEBek). NATOko azken bileratik pozik itzuli zen Trump, Espainiar estatuari ez gainerako herrialdeei defentsa-gastuak %5ekoak izateko konpromisoa aterata.

GASTU MILITARRA

Teorian, gastu militarra indartzen duen Europa gako garrantzitsua da Trump babestu duen interbentzio militarren aurkako sektorearentzat. Semantikak joko arriskutsuak ditu, ordea. Europa etengabe babestu beharrean Europak bere burua babesteko beharra azpimarratzea gauza bat da; horretarako militarismoan inbertitzea beste bat. Baina horren ondorio logikoa Europaren autonomia litzateke, eta NATOren barruan, AEBen hegemonia ahultzea... partekatzea, goxoago esan nahi bada.

Hor, boterea banatzen, aliatuekin izan arren, Donald Trump ez da hain eroso sentitzen. «Kezkatzen nau Trumpek interes handiagoa izateak zama partekatzean zamaren transferentzian baino. Europak gehiago gastatzen badu, baina AEBek NATOren lidergoari eusten jarraitzen badute, horrek ez die orain arteko gainkargarik kenduko Estatu Batuei mundu mailan», dio Wertheimek. Eta ez dirudi Trumpek oldarraldiei uko egiteko jarrerarik duenik.