GARA
ORDIZIA

Atxilotu bat eta lau ertzain zauritu Ordizian, borroka baten ondoren

Zaurituetako bat Gurutzetan dago.
Zaurituetako bat Gurutzetan dago. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Gizon bat atxilotu zuten atzo goizaldean Ordizian, polizien aurkako atentatua eta lesioak leporatuta. Lakuako Segurtasun Sailak ohar batean azaldu zuenez, gertaerak gauerdia pasatuta izan ziren Ordiziako Araba kalean, ertzainak hainbat pertsonaren arteko borroka baten berri jaso eta bertaratu zirenean.

Bertsio ofizialak jaso zuenez, iristean, lehen patruila batek hiru gizon ikusi zituen kalean gora ihes egiten. Ertzainek atzetik jarraitu zieten eta, une horretan, «beste pertsona batzuk, ustez lehenengoen senideak, ertzainen lana oztopatzen hasi ziren». Pertsona horien «jarrera bortitzak tentsioa areagotu zuen» eta gizonetako batek, «bereziki oldarkor egon zenak, atzetik jo zuen ukabilaz ertzain bat, eta lurrera erori zen, konortea erdi galduta».

Ertzainek atxilotu egin zuten erasotzailea, agintarien aurkako atentatua eta lesio delitua egotzita. Bitartean, harekin zeuden pertsonek «polizien aurka egin zuten» eta ertzainek «beren defentsa elementuak erabili zituzten erasoei aurre egiteko».

Egoera horretan, Deba Urolako eta Hernaniko ertzain-etxeetako patruila gehiago iritsi ziren, eta «egoera baretu egin zen».

Lakuak esan zuenez, lau ertzain zauritu ziren; horietako batek lesioak ditu masailalbo hezurrean, eta lepauztaia hautsita. Beste batek ukondoa dislokatuta.

Ertzaintzak erasoetan inplikatutako gainerako pertsonak identifikatu nahi ditu. Istiluetan, agenteek bodycam kamera pertsonalak aktibatu zituzten, eta horien irudiek gertatutakoa argitzen lagundu dezakete.

Atxilotuak aurrekari polizial ugari ditu, eta ertzain-etxean dago epailearen esku uzten duten arte.

Ricardo Ituarte Segurtasun sailburuordea eta Victoria Landa Ertzaintzako zuzendaria Gurutzetako Ospitalera joan ziren, zauritutako bati babesa adieraztera. Gertatutakoa «energia guztiarekin» kondenatu zuten eta «oso larritzat, onartezintzat eta jasanezintzat» jo zuten. Ikerketa «bukaera arte» egingo dela nabarmendu zuten, «ardurak argitu eta erasoan inplikatuta dauden pertsona guztiak» harrapatu arte.

Esan eta Euspel sindikatuek babesa adierazi zieten.