Andrea IBARRA
BAIONA

«Geldi euskara zapaltzea»: Euskararen aldeko elkarretaratzeak Donapaleun, Maulen eta Baionan

Azterketak Euskaraz-en mobilizazio bat.
Azterketak Euskaraz-en mobilizazio bat. (Patxi BELTZAIZ)

Euskara zapaltzeari utz diezaiotela; hori aldarrikatzeko hartuko dituzte euskaltzaleek igande honetan Donapaleuko, Mauleko eta Baionako karrikak. Egutegian Frantziako jaiegun nazional gisa markatua den hilaren 14an, Donapaleun bildurik, Euskal Herrian Euskaraz taldeak elkarretaratzeak deitu zituen, euskararen aldeko hizkuntza politiketan jauziak galdegiteko erakunde sozial, kultural, ekonomiko eta politikoei. “Kazeta”-k jaso zuen horren berri.

«Euskara larrialdian da», azpimarratu zuten antolatzaileek. Horri aurre egiteko Donapaleuko herriko etxearen, Mauleko Ondarearen Etxearen eta Baionako Euskal Museoaren aitzinean eman zituzten hitzorduak. Protesta horiek bestelako forma hartuko dute, jauzi-dantzek osatuko baitute mobilizazioa. Zehaztu zutenez, jauzi horien artean bat berezia izango da, Zazpi Jauziak kantatuz dantzatuko dutelako.

Euskal Herrian Euskarazek jakinarazi zuenez, iragan ekainean bilkura izan zuen Euskal Museoko zuzendaritzarekin. Erakunde horri eskatu zioten lehentasunez euskaraz aritzeko urratsak egin ditzala, kontuan harturik ondoko urteetan Maulen eta Donapaleun egoitzak irekitzeko eta Baionan zabaltzeko lanak egiteko asmoa duela. Horregatik, «parada ezin hobea du euskararen aldeko hizkuntza politikan jauziak egiteko», adierazi du EHEk.

Bide beretik, elkarretaratzeen talde deitzaileak frantziar Estatuari leporatu zion euskararen aldeko urratsik ez egitea eta kritikatu zion Euskararen Erakunde Publikoaren biltzar nagusian, «diru-ekarpen oso-oso eskasa» eginez, «atzera egin» duela.

Nabarmendu zuen euskararen erabilera apaltzen ari dela karrikako bizitzan eta zortzi herritarretik bakarra mintzo dela euskaraz. «Euskaldunen zapalkuntza» horri aurre egiteko, presio soziala egin nahi dute euskararen aldeko jauziak bultzatzeko. Preseski, bi jauzi proposatzen dituzte: «Lehenik euskaraz aritzea eta gehienik euskaraz aritzea».