GARA
DONOSTIA

Pentsiodunen mugimendua izango du ardatz Donostiako Aste Nagusi Piratak

Kultura, jai giroa eta konpromiso soziala uztartzen dituen proposamen gisa aurkeztu dute Donostiako Piratek Aste Nagusi alternatiboa aurten ere. 2025 honetan Donostiako pentsiodunen mugimenduari emango diote protagonismo berezia.

Aste Nagusi Pirataren aurkezpena, atzo Donostian.
Aste Nagusi Pirataren aurkezpena, atzo Donostian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Donostiako Piratek aurtengo Aste Nagusiko egitaraua aurkeztu zuten atzo. Abuztuaren 9tik 17ra bitartean, jarduera ugari eskainiko dituzte, herriaren parte-hartzea, kultura eta aldarrikapen soziala uztartzen dituen proposamen zabala.

Flamenka eta hiriko beste zenbait txoko izango dira ekitaldien kokagune. Horietan, bertso saioak, kalejirak, kuadrillen arteko jolasak, play-back lehiaketa, azoka eta herri bazkariak egingo dira, besteak beste. Haurrek ere izango dute lekua: jokoak, hockey tailerra eta abordatze txikia izango dituzte, adibidez.

Musikari dagokionez, eskaintza «anitza, euskalduna eta feminista» osatu dute. Bi eszenatoki nagusi izango dira: Flamenka eta Trinitate plaza. Lehenengotik Orekka Erromeria, Izaki Gardenak, Olatz Salvador, Goxua’n Salsa, Merina Gris, La Txama, Hofe, Bengo eta Lukiek igaroko dira. Bigarrenak «txikiagoen zale diren piraten gozamenera bideraturiko programazioa hartuko du: Revolutionary Brothers, Peppermint Sextet, Andoni Ollokiegi, Larre, Badmintones, ON, Ekiza & Xak, Pelax eta La Jodedera.

Noski, mugimenduaren ikur bilakatu den Abordatzea ere egingo da; hain zuzen, abuztuaren 11n: baltsak uretara botako dira, eta parte-hartze zabaleko jarduera horrekin aldarrikapen kolektiboa egingo da. Bestalde, abuztuaren 15ean ospatuko dute Egun Nagusia, programazio bateratu eta bereziarekin.

Egitarauan beste zenbait jarduera ere nabarmentzen dira, hala nola abuztuaren 12an egingo den Kalejira Transfeminista, Maruxaken ikuskizuna eta Lumatza festa gauean.

ALDARRIKAPEN SOZIALAK

Donostiako pentsiodunen mugimendua izango da egitarauko protagonista nagusietako bat. Antolatzaileek adierazi zutenez, mugimendu horren urteetako lana eta egungo borrokak lehen lerroan jartzea erabaki dute. Bereziki, gutxieneko pentsioa gutxieneko soldatarekin parekatzeko eskaera azpimarratu zuten, eta horretarako egiten ari diren lan instituzional eta soziala.

Bestalde, indarkeria matxistaren aurkako neurriak indartuko dituzte. Kai inguruan puntu more bat jarriko da erasoak salatzeko eta behar duten pertsonak Bulebarreko artatze gunera bideratzeko. Udalak Emagin elkartearen bidez kudeatuko du arreta hori. Antolatzaileek azpimarratu zuten ez dela nahikoa puntu bakarra izatea eta hirian zehar halako gehiago behar direla.

Abuztuaren 16an, 19.30ean, autodefentsa feministaren aldeko mobilizaziora deitu dute. Erasoei erantzun kolektibo eta soziala eman behar zaiela aldarrikatu, eta hiri inklusibo eta libre baten aldeko konpromisoa adierazi zuten.