Bizi osorako zaintza etxebizitzak eskainiko ditu Usurbilgo Udalak
Mendekotasun indizeak goraka doazela oharturik, horri aurre egiteko baliabide berria martxan jarri du Usurbilgo Udalak. Zaintza behar duen pertsona eta haren zaintzailea bertara elkarrekin bizitzera joateko etxebizitzak eskainiko ditu.

Usurbilgo Udalak zaintza baliabide berritzaile bat abiaraziko du udazkenetik aurrera, Egurtzegin: bizi osorako etxebizitzak, zaintza behar duen pertsona eta haren zaintzailea bertara elkarrekin bizitzera joateko. Horren inguruko xehetasunak aletu zituzten atzo Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak eta Maider Azurmendi Matiako saretze komunitarioko arduradunak.
Solaberrietak adierazi zuen gaur egungo gizartearen erronka nagusietako bat zaintza dela, «gizartea zahartzen ari delako eta bakardade egoerak areagotzen direlako». Ohiko egoitza ereduei alternatibak bilatzeko beharra nabarmendu zuten. «Egoera gero eta anitzagoak sortzen ari dira, eta horrek etxebizitza eredu desberdinen beharra jartzen digu mahai gainean», azaldu zuen Azurmendik.
Etxebizitza plan berri hau, laguntza edo zaintza beharra duen pertsonari eta haren zaintzaileari zuzenduta dago bereziki, beren bizi proiektuarekin jarraitzeko aukera izan dezaten. Onuradunak, mendekotasun mailaren nahiz adinaren arabera, ordenantzan zehaztutako hiru kolektiboetakoak izan daitezke, eta egoera berezietan gizarte langileek erabakiko dute. Etxebizitza bakoitzean gehienez hiru pertsonak bizi ahal izango dute, eta errentak ez du diru sarreren %30 gaindituko, gastu orokorrak barne. Errentaz gain, zaintza zerbitzuengatik kuota bat ere ordaindu beharko da.
Halako sei etxebizitza daude, eta Matiarenak dira jabetzan: Udalak eta Matiak alokairu kontratua sinatu dute, seitik lau usurbildarri eskaini ahal izateko. Udalak, era berean, alokairuan eskainiko dizkie herritarrei, eta horien erabilera, esleipena eta baremazioa arautzeko ordenantza landu berri du.
Esleipena Gizarte Zerbitzuek egingo dute, irizpide desberdinak kontuan hartuz. Kontratua bost urterako izango da. Etxebizitzak guztiz irisgarriak eta hornitu gabe daude, nork bere altzariak eramateko, eta bina logela eta komun dituzte. Ordenantza uztaileko osoko bilkuran onartuko da, eta izen ematea irailaren amaieran edo urriaren hasieran hasiko da. Ate irekia urriaren 2an egingo da.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
