GARA
DONOSTIA

Santioak ate joka dira Astigarragan, Villabonan, Soraluzen eta Mendaron

Uztailaren bigarren hamabostaldian sartzen garenero, ezinbesteko egiten da santio eta santana jaien inguruan hitz egitea. Gipuzkoan, adibidez, udalerri asko dira datorren astea festetan murgilduta igaroko dutenak, horien artean Astigarraga, Villabona, Soraluze eta Mendaro. Zerekin gozatua, behintzat, izango dute.

Uztailaren 24an botako dute Soraluzen jaiei hasiera ematen dien kanoikada.
Uztailaren 24an botako dute Soraluzen jaiei hasiera ematen dien kanoikada. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Astigarragan datorren asteazkenean (uztailak 23) botako dute txupinazoa, baina giroa berotzen hasteko hainbat ekitaldi antolatu dituzte asteburu honetan. Nagusiena, bihar 22.30ean Foru Plazan eskainiko den jaien atariko preludioa. Zenbait urtetan ospatu gabe egon ondoren, Astigar elkarteak berriro antolatu du bere 50. urtemuga ospatzeko. Emanaldi horretan 150 herritarrek parte hartuko dute (antzerkilari, bertsolari, kantari, txaranga eta elkarteak), Thierry Biskary musikari baxenabartarraren zuzendaritzapean.

Astigar elkartea izango da, hain zuzen, asteazkenean, 19.00etan, udaletxeko balkoitik pregoia irakurri eta jai hasierako suziria botako duena. Ordubete geroago, gazte asanbladaren txosna irekiera egingo da, eta une horretatik aurrera jai giroa lehertuko da bost egunez, igandera arte.

Aurtengo egitarauan indartu egin dira haur eta nerabeei zuzendutako jarduerak (txokolatada, kale ikuskizunak, uretako parkea, apar festa, zezensuzkoa, barrakak...), eta, beste alde batetik, herri bazkari ugari ere egingo dira: haur bazkaria, nerabeena, gazteena, jubilatuena, marmitako lehiaketa eta ondorengo otordua, eta elkartasun bazkaria. Jarduera herrikoiak ere ez dira faltatuko: esaterako, herri danborrada eta larrain dantza herrikoia, toka eta boloen txapelketa, mahai jokoen lehiaketa, patata tortilla lehiaketa eta xakearena.

Musikari dagokionez, eskaintza zabala da: Akerbeltz, Xskara, Marte Lasarte, Kresala, Duo Azabache, Norberto Almandoz musika eskolako taldeak, Elegancia Mexicana, Itzal, Janus Lester, Kolpez blai, Psicoklown, Sugarri Show, Zuttik elektrotxaranga, Pasai txaranga, Kita del Pare txaranga, trikitilariak...

Villabona-Amasan egun bat beranduago -ostegunean- hasiko dituzte jaiak, baina, ohikoa denez, saninaziora arte luzatuko dituzte: uztailaren 31ra arte. Txupinazoa 18.00etan izango da. Aurten 50 urte betetzen dituzten Oinkari Dantza Taldeak eta Salbadora Jubilatuen Elkarteak botako dute elkarrekin.

Biharamunean, ohitura dutenez, erromeria eguna ospatuko dute Oinkari dantza taldearen eskutik, eta egunean zehar antolatutako ekitaldien artean aipatzekoak dira sagardo eta hegaluze pintxo dastaketa, erromeria eta bertso saioa. Larunbatean (Santana eguna) konpartsa herrikoia abiatuko da eta igandean Santiotan Kantari kantujira ibiliko da goiz eta arratsaldez, kalez kale.

Astelehena, hilak 28, gazteen eguna izango da, asteartea erretiratuena, asteazkena kuadrillena eta osteguna San Inazio. Azken honetan, goizez, erreboteko 96. norgehiagoka jokatuko dute Villabona eta Hazparne herrietako taldeek, eta arratsaldez Remi Ayestaran zenari omenaldia egingo zaio.

Soraluzeko Santiago eta Santa Ana jaiak ere uztailaren 24an hasiko dira, 19.00etan botako duten kanoikadarekin eta aurten 35 urte bete dituen Musika Eskolako kideek irakurriko duten pregoiarekin. Hala ere, jai ekitaldiak goizetik hasiko dira, txosna zabaltzearekin, karropoteoarekin edota Plaentxia Kantuan taldearen kantujirarekin. Eguna amaitzeko, Janus Lester taldearen kontzertua izango da plaza zaharrean, Goma Dos taldearena gaztetxean eta herriko musikariek sortutako Sagar-Erreka Mix ikuskizuna zubi nagusian.

Egitaraua igandera arte luzatuko da, eta egunotan adin orori zuzendutako ekitaldiak antolatu dira: Larrain dantza herrikoia Euskal Jai Batzordeak antolatuta, Bizijolas jolasgune erraldoia, oliba hezur jaurtiketa txapelketa, zezensuzkoa, Soraluzeko emakumeen* batukada feminista... Kultur aniztasunak ere izango du lekua, Soraluzeko Arrozak ekimenari esker.

Musikari dagokionez, punta-puntako taldeek beteko dituzte Soraluzeko kaleak doinuz: Janus Lester, Idoia Asurmendi, Fan&Go, Belako eta Los Tenampas mariatxiak.

Mendaron Santa Ana jaietako egitaraua bi asteburutan banatzea adostu du jai batzordeak (uztailak 19-20 eta 24-27). Horrela, bihar kuadrillen eguna ospatuko da, eta igandean nagusiena.

Txupinazoa 24an botako dute, 18.00etan, baina gazteak euren egunaz gozatzen goizetik hasiko dira. Ostiralean Santixo eguna ospatuko dute, aurten hirugarren konpainia (baserritarrena) izango duen danborradarekin, eta biharamunean, Santa Ana egunean, eguraldiak laguntzen badu, aspaldiko partez Santa Ana ermitan elkartuko dira herritarrak. Jaiak bukatzeko, igandean umeei eskainitako eguna izango da.