Aroztegia eta elkartasuna, desfilearen buruan
Aroztegiko protestagatik auzipeturiko zazpi baztandarrei elkartasuna adierazteko batzordeko kideek ireki zuten atzo, Elizondon, Baztandarren Biltzarreko desfilea. «Baztandarren Biltzarrak egiten duen bezala, guk auzolanean oinarritzen dugu gure jarduna», esan zioten GARAri bailarako ohiturak jasotzen dituen martxa hasi baino lehen.

Aroztegiko obren aurka aritzeagatik auzipetu dituzten zazpi baztandarrei elkartasuna eta sostengua adierazteko eraturiko taldea izan zen protagonista atzo, Elizondon, Baztandarren Biltzarrean. Elkartasun taldeko kideak desfileko banderadunak izan ziren, 2008. urtean Altsasuko auzipetuen gurasoak izan ziren bezala.
11.00etan puntuan abiatu zen desfilea, Aroztegikoekiko elkartasun taldeko hiru emakumek ikurrina eta Nafarroako eta Balleko banderak zeramatzatelarik. Lepoan, elkartasunaren irudi bilakatu diren zapi horiak zituzten. Aurretik, Iturengo joaldunak soilik zihoazen. Atzetik, Baztango herri guztiek prestaturiko orgak. Ibilbidean zehar bi aldiz aldatu zituzten banderak zeramatzaten pertsonak.
Elkartasun taldekoek, desfilea hasteko minutu gutxi falta zirela, hau esan zioten GARAri: «Guretzat ohore bat da hemen izatea, borroka ikusarazten duelako eta auzia salatzeko aukera ona delako».
Gogoratu zutenez, Iruñean maiatzean egin zen epaiketako sententziaren zain daude. Bitartean, Aroztegiko lanak geldirik daude, proiektua bizirik badago ere.
«Baztandarren Biltzarra beti egin da auzolanean eta gure elkartasun komitea ere horrela jardun da, auzolanean eta herri boteretik. Behetik eta eskutik hartuta elkarrekin», nabarmendu zuten batzordeko kideek.
Desfilea Baztango udaletxearen aurretik iragan zenean Nafarroako Gobernuko ordezkariak ere hango balkoian ziren.
ORGAK ETA MUSIKAK
Baztandarren Biltzarrean herriek prestaturiko orgek bailarako bizimodu tradizionala erakusten dute desfilean, musikaz lagundurik, eguneko ekitaldirik nabarmenena delarik, baina ez bakarra. Horrela, Almandozkoek erromatarren garaiko Belateko galtzada ekarri zuten gogora.
Amaiurrekoek, adibidez, ezkontza bat irudikatu zuten, herrian duela hamar urte halakorik ez dela izan gogoratzeko. Anizkoen karrozak 1605ean elizan izan zuten klase sozialen arteko gatazka zekarren gogora. Berroetakoek, berriz, 1930ean telefonoa heldu zen garaia berpiztu zuten. Zigakoek 1950 eta 1960ko hamarkadetako feriak eta ferianteak hartu zituzten gaitzat. Arraiozkoek Arlausko harrobitik bordetako teilatuetarako harria ateratzen zela gogoratu zuten.

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump
