Orio Eusko Label eta Euskotren ligetan lider, etxean nagusituta
Itsasoak eta haizeak aurpegi petral askoa erakutsi zuten atzo Orioko Kanpina Banderan, baina etxeko traineruek ederki baliatu zuten aukera Arraun Lagunak eta Zierbena aurkariei jipoia emateko.

Bi metroko olatuak, ipar-ekialdeko haizea, hondoko itsasoa, trapaila, marea aldaketa estropada amaitu aurretik... Arraunerako giro petrala baina ikusteko zoragarria bizi izan zen atzo eguerdian Orioko Kanpina Bandera jokatu zenean. Itsasoa pil-pilean eta estropada bera ere bai. Horren ondorioz, Oriok etxeko estropadan inoizko erakustaldi onena eman zuen eta, hala, Eusko Label eta Euskotren ligetako lidergoa eskuratu ahal izan zuen. Etxean profeta izatea posible ei da, antza.
Estatxa hartu eta traineruak lerrokatzeko ere nahikoa lan patroientzat, eta aurreneko kalea, berriz, ahal zela saihestu beharreko kalea, nahiz eta denetarik ikusi zen; esaterako, Hondarribiko emakumeen trainerua beren txanda maisuki eramaten, eta Arraun Lagunak, berriz, laugarren kaletik ezinean. Eusko Label Ligako estropadetan ere ere antzekoa gertatu zen, Ondarroa eta Getaria ontziekin, adibidez.
Emakumeei dagokienez, Arraun Lagunak-ek, Euskotren Ligako orain arteko liderrak, uste baino askoz gehiago sufritu zuen eta Oriok, aldiz, denboraldiko aurreneko bandera eskuratu zuen, non eta etxean. Eta hori aski ez balitz, Euskotren Ligako sailkapen nagusiko buruzagitza ere eskuratu zuten «mirotzek». Maider Etxaniz patroiak poparean arazo franko izan zituen une batez bere bidea mantentzeko eta Tolosaldeak kinada egin zuen branka sartzeko asmotan. Alabaina, “San Nikolas” ontziak ondo eutsi zion eta sari nagusi bikoitza lortu zuen.
Izan ere, Arraun Lagunak bosgarren posturaino erori zen. Oriok ez ezik, Tolosaldeak, Hibaikak eta aurreneko txandan nagusitu zen Hondarribiak ere aurrea hartu zioten. Oriotarren erreferentzia uste baino arinago galdu zuten eta itsasoak eguna petraldu zien azkenean. Hala, seigarren amaitu zuen Zumaiaren denbora hobetzen ere nahikoa lan izan zuen “Lugañene” ontziak.
LEKITTARRA ERE OSO GERTU
Haizeak gorantz egin zuen Eusko Label Ligako estropadak aurrera egin ahala ere. Lekittarrak ez zuen asko usteko hain aurrean ibiliko zenik, baina haizeak eta marea aldaketak Isuntzari egundoko mesedea egin zion. Ez du horrek esan nahi Isuntzakoek arraunean dotore asko egin ez zutenik; izan ere, orotara bigarren denborarik onena egiteko lana beltz eta fin asko egin behar izan zuten lekeitiarrek.
Baina bigarren ziabogaren ostean «mirotzek» ez zuten aukerarik eman. «Ziabogaren osteko aurreneko olatu hori hartzeak abantaila handia ematen du eta horretan asmatu dugu. Bezperan San Juanen lan ona egin genuen, baina bigarren eginda mutilek amorratuta amaitu zuten. Horrek esan nahi du jendea garaipen gosez dela eta garaipen gosez egotea lehenengo urratsa da banderak irabazten joateko», adierazi zuen estropadaren amaieran Gorka Aranberri oriotarren patroiak.
Lekittarrak aurreneko txandan egin duen lan bikainaren ostean, marea aldaketa etorri zen eta, ondorioz, haizeak ere gorantz egin zuen. Bigarren txandan aritu ziren Donostiarra, Urdaibai, San Juan eta Ondarroak asko sufritu zuten, haizea orduantxe jarri baitzen bortitzen.
«Orio hemen da bueltan!» garrasi eginez sartu zen helmugan Gorka Aranberri. Zierbenak, aldiz, orotara bosgarren denbora onena eginda, eguna hainbestean libratu zuela esan daiteke, tarte batzuetan zortzigarren lekuraino erori baitzen “galipoen” ontzia, arraunean egiteko baino ikusteko politagoa izan zen estropadan.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
