ANDREA IBARRA
BIARRITZ

Martin Harriaguek zuzenduko du Biarritzeko Balleta 2027tik aitzina

Martin Harriague baionarrak hartuko du Biarritzeko Balletaren gidaritza 2027tik aitzina. Egungo zuzendari Thierry Malandainek, dantza neoklasikoaren ikur nagusietako bat denak, 2026ko abenduan utziko du zuzendaritza. Horretarako, heldu den urteko urtarrilean iritsiko da Harriague konpainiara, urtebeteko trantsizio aldiari ekiteko.

Harriague, Biarritzen, hastapen ikastaro bat ematen, 2023ko Maitaldian.
Harriague, Biarritzen, hastapen ikastaro bat ematen, 2023ko Maitaldian. (Guillaume FAUVEAU)

Martin Harriaguek gidatuko du Biarritzeko Balleta 2027ko urtarriletik aitzina. Estatu frantseseko Kultura Ministerioak berretsitako izendapenak luzaz prestaturiko segida-prozesu bat islatzen du, Thierry Malandain zuzendari eta mentorearen begiradapean prestatua. Dantza neoklasikoaren ikur nagusietako bat izanik, Malandainek 2026ko abenduan utziko du zuzendaritza. Horretarako, heldu den urteko urtarrilean iritsiko da Harriague konpainiara, urtebeteko trantsizio aldiari ekiteko.

Malandainen ondorengoa Baionan sortua da. Martin Harriaguek ezohiko ibilbidea izan du: 19 urterekin piztu zitzaion dantzarako grina, eta handik gutira Biarritzeko Ballet Gaztean sartu zen. Bere ibilbidea fite zabaldu zen nazioarteko esparrura, Israelen, Kibbutz Contemporary Dance Company-n, egindako egonaldi erabakigarri batekin. Bere estiloak dantza garaikide zein neoklasikoa uztartzen ditu, betiere gizakiari eta ingurumenari loturiko sentsibilitate bereziarekin.

2016an lortu zuen lehen aitortza handia, Biarritzen bertan, gazte koreografoen lehiaketa bat irabazita. Balleteko dantzariekin sortutako ‘‘Sirènes’’ piezak konpromisoz eta sentiberatasunez jositako idazkera koreografikoa erakutsi zuen. 2018tik 2021era Malandainen ondoan aritu zen artista elkartu gisa. Egun, Avignoneko Opera Handiko Balleteko zuzendaria da, eta han azaleratu du bere ikuspegi garaikidea. Ez du zalantzarik izan gai politikoak taularatzeko, horren adibide izanik azken Avignoneko Jaialdian aurkeztu zuen ‘‘America’’ obra, Donald Trump AEBko presidentetzara iritsi zenekoa irudikatzen duena. Aldi berean, Alemaniako hainbat eszenatokirekin lankidetzan aritu da eta euskal errepertorioaren berrikuntzan ere parte hartu du, Bilaka konpainiarentzat sortutako ‘‘Gernika’’ piezarekin.

Thierry Malandainen ondorengotza erronka handia da. 1998an izendatu zuten eta urteak eman ditu Biarritzeko Balletaren sona eta izaera artistikoa eraikitzen, estilo neoklasiko zorrotza ezarriz eta publikoarekin, tokiko zein nazioartekoarekin, lotura estua landuz. Bere lana goraipatu izan dute kritiko zein adituek, eta Arte Ederren Akademian sartu izanak eman dio aitortzarik handiena. Aldi berean, Maitaldia festibalaren zuzendaritza artistikoa ere bere gain du.

Epaimahaiak aho batez hautatu izanak erakusten du Martin Harriague pertsona egokia dela Biarritzeko Balletaren etorkizuna gidatzeko, konpainiaren sortzailearen ondare artistikoa errespetatu eta eguneratzen jarraitzeko.