GARA
MADRIL

Pisu turistiko ilegalen aurkako lege bat proposatu du EH Bilduk

Legez kanpoko pisu turistikoak iragartzea eta kontratatzea debekatzeko lege proposamena aurkeztu du EH Bilduk Kongresuan. Dioenez, Hego Euskal Herrian lizentziarik gabeko ostatuak %30 dira, eta legea onartu eta aplikatuko balitz, izugarri murriztuko lirateke etxe ilegalak. Proposamenak milioi bat eurorainoko zigorrak aurreikusten ditu.

Pisu turistiko bat dagoela salatzen duen ikurra, Bilboko atari batean.
Pisu turistiko bat dagoela salatzen duen ikurra, Bilboko atari batean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

EH Bilduk legez kanpoko pisu turistikoak iragartzea eta kontratatzea debekatzeko lege proposamena aurkeztu zuen atzo Kongresu espainolean. Talde subiranistaren esanetan, «kontrolik gabeko fenomeno bihurtu dira etxe edo bizitoki turistikoak, eta horrek zuzenean eragiten die herritarren bizi baldintzei, etxebizitza eskuratzeko duten eskubideari, gentrifikazioari, bizilagunak kanporatzeari eta turismo masiboa handitzeari».

«Alokairu turistikoaren sektoreak iskin egiten die erregulazioei, eta bereziki lizentziarik ez duten legez kanpoko ostatuetan oinarritzen da», gaineratu zuen EH Bilduk ohar batean. Bertan azaltzen zuenez, lege proposamen honek «modu eraginkorrean eta behin betiko» amaiarazi nahi du egoera hori. Horretarako, enpresen eta plataformen gain ere jartzen du legez kanpoko ostatuen ugaritzea saihesteko legezko erantzukizuna.

Izan ere, «orain arte, udalek eta baliabide mugatuak dituzten autonomia erkidegoek arazo asko izan dituzte egoera horri aurre egiteko: baliabide faltagatik kasu batzuetan, eta esku hartzeko borondate falta nabarmenagatik beste batzuetan. Permisibitate hori aprobetxatzen duten alokatzaileek ere ahalbidetu dute pisu turistikoen legez kanpoko merkatua kontrolik gabe ugaritzea».

IRAGARKIRIK EZ

Lege honen bidez, autonomia erkidegoek eta udalek pisu turistikoei eta horien errentatzaileei buruzko araudiak eta baldintzak ezartzen jarraituko dute, baina orain plataforma digitalen ardura izango da, legez, iragarritako ostatuek baliodun erregistroa edo lizentzia izatea, dagokion autonomia erkidegoko edo udaleko araudiaren arabera. Horrela, legez kanpoko iragarkiak kentzea ez da plataformen borondatearen menpe egongo: iragarkiak hasieratik ez argitaratzea euren betebeharra izango da.

«Orain arte, iragarpen irregularrak bermerik gabeko prozesu judizial konplexu eta luzeen ostean bakarrik kentzen ziren, edo enpresa horiei borondatezko eskaerak eginez, iragarkiak kentzea haien esku utziz», agertu zuen EH Bilduk.

Proposatu duen legearekin, aldiz, «jada ez da beharrezkoa izango iragarkiak kentzeko eskaera egitea, zuzenean ezingo direlako iragarri, legezko baldintzak betetzen ez badituzte». Ezkerreko talde subiranistaren arabera, hori da «modu azkar eta eraginkorrena legez kanpoko bizitokiak amaitzeko eta berriro merkatuan ez direla jarriko ziurtatzeko».

MILIOI BAT EURO

Lege araudi berri hori Estatu espainoleko eta Europako ordenamendu juridikoan jasotako tresnetan oinarrituko da.

«Zigor gogorrak» aurreikusten ditu EH Bilduren lege proposamenak legearen baldintzak betetzen ez dituzten enpresentzat: hala nola legez kanpoko pisu turistikoak argitaratu eta kontratatzea, erregistro faltsuak erabiltzea edo errentatzaileen nortasun juridikoa ezkutatzea. Milioi bat eurokoak izan daitezke.