Bizkaiko anbulantziak publiko egiteko eskatu du ELAk
Bizkaiko anbulantzien zerbitzua esleitzeko aste batzuk falta direla, bizi duten «egoera larria» salatu eta zerbitzua publifikatzeko eskatu du ELAk. Bere ustez, Lakuak kudeatu behar luke zuzenean.

Aste batzuk barru argitaratuko dira Bizkaiko anbulantzia zerbitzua esleitzeko pleguak, ELAk atzo jakinarazi zuenez. Gaur egun zerbitzu hori Bizkanb aldi baterako enpresa elkartearen esku dago. Alsa taldeko Sanir anbulantzia enpresak eta Baztan Bidasoa anbulantziek osatzen dute. Grup La Pau katalanari kontratua eten ondoren hartu zuen bere gain zerbitzua Bizkanb-ek, iazko azaroan, Lakuako Gobernuarekin urgentziazko kontratua sinatuta.
ELAk, ohar batean, anbulantzietako langileek lizitazio berriarekin duten «kezka» agertu zuen, «La Pau enpresaren molde berari jarraitzen baitio egungoak: langileekin zorrak ditu eta zerbitzuaren kudeaketa oso txarra da; ondorioz, betikotzen ari da egoera jasangaitz hori Bizkaiko anbulantzien zerbitzuan».
Horregatik, egungo egoera konpontzeko eta zerbitzua publiko egiteko eskatu zuen sindikatuak, bere iritziz «hori delako berme bakarra enpresek irabaziak egin ez ditzaten herritarren funtsezko zerbitzuen bizkar».
AKATSAK NOMINETAN
«Hasieratik, nominetan akatsak egin dituzte, eta batzuetan ez da bere osotasunean ordaindu», azaldu zuen ELAk. Lan Ikuskaritzaren aurrean salatu zuen egoera hori, baita «berdintasun eta jazarpen plan eta protokoloak» egin gabe zeudela ere. Gainera, «aurreko enpresak ordaintzeke utzitako abonuak maiatzean hasi ziren ordaintzen, ez lehenago».
Sindikatu horren arabera, enpresak «maiz» urratu ditu paziente kutsakorren protokoloak; esaterako, «anbulantzia partekatu dute covid-19a duten eta dialisia behar duten pazienteek». Era berean, «anbulantziak homologatuta ez dauden beste helburuetarako erabili nahi izan dituzte. Larrialdiak anbulantzia kolektiboetan artatu dituzte, adibidez, gutxieneko dotaziorik gabe, dagokion errege dekretua betez gero erraz konpon daitezkeen atzerapenak metatuz», salatu zuen.
ELAk esan zuenez, Bizkanbek «uko egin zion langileen osasuna babesteko azterketa ergonomikoa aplikatzeari», aurreko enpresarena zela argudiatuta, eta «nahiz eta astean batez beste hiru-lau lan istripu izan, azterketa ergonomiko hori ez da betetzen». Sindikatuen eta laneko arriskuen prebentzioko ordezkarien lana «etengabe boikotatzen» saiatu direla ere gaitzetsi zuen.
BALIABIDE ESKASEKIN
Zuzendaritza kargu gehiago izendatu dituztela jakinarazi zuen ELAk. «50 pertsona aritu dira zuzendaritza lanetan. Gainera, behar baino anbulantzia gutxiagorekin ari dira lanean langileak: atzeratu daitezkeen larrialdietarako eta asaldatutako pazienteak ospitaleratzeko hiru anbulantzia behar ziren arren, bakarra dago, eta goizeko bederatzietatik gaueko bederatziak bitartean gutxieneko langile kopuruarekin».
ELAko anbulantzietako langileek salatu zutenez, enpresak «irabaziak besterik ez ditu egin diru publikoarekin, eta hori baliatu dute Sanir enpresa Bizkaian martxan jartzeko».
«Zerbitzu horrek ez du esku pribatuetan egon behar; Eusko Jaurlaritzak kudeatu beharko luke zuzenean, langileak subrogatuta», aldarrikatu zuen sindikatuak.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
