Urrezko Maskorraren lehian sartu da Ruiz de Azuaren «Los domingos»
Alauda Ruiz de Azua barakaldarra Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko da ‘‘Los domingos’’ filmarekin. Blanca Soroa eta Patricia Lopez Arnaiz gasteiztarra protagonista dituen film honekin estreinako aldiz sartu da Urrezko Maskorraren sariketan eta, beraz, euskal zinemagintzako bi titulu lehiatuko dira Sail Ofizialean, aurrez iragarri bezala, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregiren ‘‘Maspalomas’’ ere sail berean egongo baita.

Alauda Ruiz de Azua Donostiako 73. Zinemaldiko Urrezko Maskorraren lehian sartuko da ‘‘Los domingos’’ filmarekin, Zinemaldiak atzo adierazi zuenez. Zinemagile arabarra aurtengo edizioan Sail Ofizialean parte hartuko duen bigarren euskal ordezkaria bilakatu da, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregiren ‘‘Maspalomas’’ ere sail berean izango baita.
Ruiz de Azuaren filmaren protagonistetako bat ezaguna zaigu, ‘‘Ane’’ eta ‘‘20.000 especies de abejas’’ filmengatik zenbait sari eskuratu dituen Patricia Lopez Arnaiz gasteiztarra da eta. Iaz, hain justu, Pilar Palomerok zuzendutako ‘‘Los destellos’’ filmean -Eider Rodriguezen ‘‘Bihotz handiegia’’ ipuinean oinarrituan- egindako lanarengatik interpretazio nagusi onenaren Zilarrezko Maskorra eskuratu zuen. Protagonismoa lehen antzezle lana duen Blanca Soroarekin partekatuko du. Filmeko antzezle taldean Nagore Aranburu azpeitiarra ere badago, Ruiz de Azuak berak zuzendutako ‘‘Querer’’ telesailean egindako lanarengatik saritua (emakume aktore onenari Forque saria, besteak beste). Aranburu, gainera, Zinemaldian parte hartuko duten beste bi lanetan protagonista izango da: Asier Altunaren ‘‘Karmele’’ filma eta Koldo Almandozen ‘‘Zeru ahoak’’ telesaila.
‘‘Los domingos’’ filmeko antzezle talde nagusia Miguel Garces, Juan Minujin eta Mabel Riverak osatu dute.
Zinemaldiak aurreratu duenez, filmak klausura komentuko kontenplazio bizitzak erakarriko duen gazte baten istorioa kontatzen du. Sinopsian azaldu dute Ainara 17 urteko gazte «idealista eta apartekoa» dela, unibertsitatean zein karrera ikasiko duen erabaki behar duena: «Hori espero du bere familiak, behintzat. Alabaina, gazteak adieraziko du Jainkoarengandik gero eta hurbilago sentitzen dela eta klausurako moja bilakatzea pentsatu duela. Albisteak ustekabean harrapatuko du familia osoa, amildegi bat sortuko da eta proba erabakigarri bati aurre egin beharko diote».
Istorio horren eskutik sartuko da Ruiz de Azua lehen aldiz Urrezko Maskorraren sariketan, baina arabarrak ibilbide luze bezain oparoa egina du jada zinemagintzan, baita Zinemaldian ere. Izan ere, bere lehen film luzea ‘‘Cinco lobitos’’ (2022), Donostiako jaialdian estreinatu zen, Zinemira sailean. Filma Berlinaleko Panorama sailean estreinatu zuen Ruiz de Azuak eta Malagako zinema jaialdian zortzi sari irabazi zituen, hala nola film onenaren Urrezko Biznaga eta zuzendari berri onenaren Goya saria.
‘‘Querer’’ (2024) minisailaren egilea ere bada, eta Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartu zuen lan horrekin, lehiaz kanpo. Minisail honekin Forque eta Feroz sariak eta Series Mania jaialdiaren nazioarteko lehiaketaren golardoa eskuratu zituen.
EUSKAL ORDEZKARITZA
Orain bi aste Madrilen egindako aurkezpen batean iragarri zituen Zinemaldiak 73. edizioan parte hartuko duten zenbait tituluren izenak. Horien artean, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagaren ‘‘Maspalomas’’ Sail Ofizialean lehiatuko zela ezagutarazi zuten eta, beraz, aurten bi izango dira Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian sartuko diren hemengo filmak.
Ez dira, ordea, Zinemaldian parte hartuko duten Euskal Herriko film bakarrak izango. Lehiaz kanpo bada ere, Zinemaldiko Sail Ofizialaren barruan estreinatuko baita Asier Altunaren ‘‘Karmele’’. Kirmen Uriberen ‘‘Elkarrekin esnatzeko ordua’’ eleberriaren egokitzapen honetan frankismoaren aurreko erresistentzia izango da gogoetagai.
Era berean, beste sail batzuetan, Irati Gorostidi Agirretxe (‘‘Aro Berria’’, New Directors), Lur Olaizola (‘‘Bariazioak’’, Zabaltegi) edo Ander Sagardoyren (‘‘La misteriosa mirada del Flamenco’’, Horizontes Latinos) lanek parte hartuko dute.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político
