Iker GURRUTXAGA
HATORTXU ROCK

Agurraren hasiera hunkigarria

Jendea erruz gerturatu zen atzo Lakuntzara, Hatortxu Rocken agur jaialdiaren irekierara. Dena txukun antolatuta; ilararik ez errepidean, eta boluntarioak, petoa soinean, guztia bideratzen. Bostetan eman zioten hasiera ofiziala lau eguneko agurrari. Kontzertu ugari eta eguzki printzak ere izan ziren lehendabiziko egunean.

Une zirraragarriak bizi izan zituzten bertaratuek Lakuntzako alkatearen harrera hitzekin, dantzekin eta, nola ez, agur jaialdiko lehenengo kontzertuekin.
Une zirraragarriak bizi izan zituzten bertaratuek Lakuntzako alkatearen harrera hitzekin, dantzekin eta, nola ez, agur jaialdiko lehenengo kontzertuekin. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Ez da erraza izaten hainbeste maite duzun horri agur esatea, nahiz eta oraingoan motiboa pozgarria den, ezbairik gabe. Dispertsioa amaitzearekin batera, Hatortxuk agur esateko erabakia hartu zuen eta edizio borobila prestatu dute horretarako. Atzo hasi zen guztia; Lakuntzarako bidea hartu genuen, milaka euskal herritarrek bezala, eta giro ederra nabari zen bertara hurbildu orduko.

Bideak argi markatzen zuen nora joan behar genuen eta, behin lekura iritsita, bostetarako fin-fin zegoen jendea Lakuntzako plazan. Kanpai hotsek oinak bertara bideratzen zizkiguten; jostari ari ziren, musikariak balira bezala, erritmo eta doinu desberdinetara entzuten baitziren Lakuntzako elizako ezkilak. Egun handietan baino ez da gertatzen hori, eta atzokoa halakoa zen.

Dantzari txiki, heldu eta nagusiagoek abiarazi zuten ekitaldia 17.06an. Plaza goraino beteta, erraldoiak eta buruhandiak ere bertan, hasiera noiz iritsiko. Agintariarena dantzatu zuten lehendabizi, ikurrinak erdigunea hartu zuen unean. Inguruan baziren bestelako bandera eta ikurrak ere, Palestinakoa, Gure Esku Dagorena eta, nola ez, «Etxera» jartzen zuena, atzo ere ez baikinen denok. Une solemnea, aldarrikapen eta elkartasun jaialdia hasteko.

HERRI HARROTASUNA

Oihane Uribeetxebarria Garmendia Lakuntzako alkateak hartu zuen hitza segidan. Lakuntzako udal talde, udal eta herriaren izenean, Hatortxu Rocken 30. eta azken edizioa herrian hartzea «ohore bat» dela esan zuen hunkituta alkateak. Antolatzaile eta boluntarioak goraipatu zituen bere hitzaldiaren lehen zatian; «bizi dugun mundu aldrebesean elkar hartuta nahi dena lortu ahal izateko halako ekimen gutxi izango dira munduan», gaineratu zuen Uribeetxeberriak.

Lakuntzak hirugarrenez hartu du Hatortxu Rock eta eskerrak eman zizkien lakuntzarrei ere; «ohore hau aurrera eramateko, oso erraza da lakuntzarren babesarekin lan egitea», esan zuen alkateak erabat hunkituta. Bukatzeko azken mezu parea ere luzatu zuen: «Oraindik lan asko dago preso eta iheslarien alde egiteko eta jarrai dezagun lanean. Herria zaindu, jendea zaindu eta zeuen burua ere bai. Ondo pasa eta gora Hatortxu!». Eguzkiak ere ez zuen unea galdu nahi izan eta zeruko hodeitza zulatzeko gai izan zen. Sekulako txalo zaparrada jaso zuten alkateak eta udal taldeak oholtza uztean.

Oihan Ekizak hartu zuen hitza gero, Hatortxuren antolatzaileen izenean, Lakuntzako herriari eta herritarrei eskerrak emateko: «Eskerrak, harreragatik, erraztasunengatik, babesagatik… «Antolakuntza, en to Lakuntza!». Barniz taldeak jaialdiari eskaini zion abestiari ere keinua egin zion hasierari umore pixka bat jarriz. «Azken aste hauek izan dira Hatortxuren ibilbidearen isla. Zenbat ordu, zenbat lan eta, batez ere, zenbat lagun! Zenbat eta zenbat lagunek jantzi duzuen, jantzi dugun, peto hau. Bakoitzak bere aletxoa jarriz, Hatortxu egin eta kartzelarainoko kilometroak desegiteko», gehitu zuen segidan Ekizak.

«Dispertsioa iraganeko kontua da eta, orain, ospatzeko unea da, nahiz eta ez den erabatekoa ospakizun hau. Konpromiso argia dugu: Hatortxuk igandean agur esango du eta guk astelehenean lanean segiko dugu»; argi utzi zuen antolakuntzako kideak bidea ez dela Lakuntzan bukatzen.

GUNE SEGURUA

Jaialdi seguruaren aldeko apustua egin du betidanik Hatortxuk, baina aurten azpimarra berezia egin nahi izan zuten hasiera-hasieratik. «Ez eraso egin, eta gai ez baldin bazara, alde egin jaia hasi aurretik», esan zuen Ekizak. «Guztientzako espazio libre eta segurua izan behar du Hatortxuk. Honela, disfrutatzeko eta herri honen memorian geratuko den jaialdi bat egitera gonbidatzen ditugu bertaratutako guztiak. Bakoitzak eman diezaiola Hatortxuri eman nahi dion agurra».

Barnizekoak, petoa soinean, ‘‘Txandalari’’ abestera igo ziren ondoren oholtzara. Auzolanerako deia egin zuten antolatzaileek era horretan. Izan ere, «7.000 lagunek baino gehiagok eginen dute posible lau egun hauetako agur festa». Ereserki bilakatu den abestiak dioen moduan, «peto batekin eutsi udari!».

Horrela amaitu zen hitz-hartzea eta Lakuntzako plaza dantzan jarri zen. Hori bai, hasiera zen eta jendea oraindik neurriz ari zen dantzan; dantzariek utzitako espazioa betetzea kosta zitzaien, euskaldunon izaera beste behin argi utziz.

Ibil Bedi izan zen eguneko lehen taldea ‘‘Herriye!’’ gunean, baina ordu berean Beriain gunean ari ziren Tapia eta Leturia eta Les Testarudes taldeak ere. Bigarrenak bikain entzuten genituen NAIZ Gunetik. Doinu dantzagarri eta gozoak, lehen orduetarako. Hiru estilo, hiru oholtzatan, eta hori entzuten duenarentzat ere gozagarria da, halako aniztasuna lortzea ere sekulakoa delako hain herri txikian.

KONTZERTUAK HASITA, JENDEA IRISTEN

Reincidentes talde madrildarrak nostalgikoenak batu zituen oholtza parean ondoren, eta Naxker taldeak, berriz, gazteenak, freskotasun erabatekoa eskaintzen baitu talde honek. Leihotikan eta Talco taldeekin, rock indartsu eta azkarraren eta ska musikaren arteko kontrastea egon zen, bakoitzak nahi zuena aukera zezan.

Maskak taldearekin elkarrizketa akustikoa izan zen NAIZ Gunean. Battitt Etchart, Betti Albor eta Patxi Cazenave taldekideak jardun ziren NAIZ Irratiaren mikrofonoen aurrean.

‘‘Adikzio’’ kantua eskaini ziguten zuzenean, baina horrez gain, orain arte izaten ari diren arrakastaz, ‘‘Buruz buru’’ diskoa egiten ari den bideaz eta etorkizuneko asmoez ere aritu ginen haiekin.

Primizia moduan, urtea bukatzerako disko berria kaleratzeko asmoa dutela aurreratu ziguten Hatortxu Rocken edizio honetako abestia sortu dutenek. Elkarlanean sortu ere, eta sortze prozesu horren inguruan ere pozik hitz egin zuten elkarrizketa akustikoan.

Gaua sartzen ari zela ere, antzeko zerbait. Herriko gunean Olaia Inziarteren proposamen lasaiagoa zuten bertaratutakoek; egurra nahi zutenentzat, Soziedad Alkoholikaren abiadura eta potentzia; azkenekoz Hatortxun izan zirenean bezala, errukirik ez arabarrek. Baina gaueko une politenetako bat eta berezia erabat, Alaitz eta Maider berriz ere oholtzan ikusteko aukera izan genuenekoa. Burutik taldekoek musikari lanak egin zituzten eta betirako gogoratuko dugun une horietako bat oparitu ziguten han ginenoi.

Zea Mays, The Lio, Skatu, Juantxo Skalari & La Rude Band Skalariaken momentuarekin, Dupla, Barniz… a zer nolako gaua zuten aurretik gerturatu ziren milaka eta milaka ikusleek.

Hori guztia gertatzen ari zen bitartean, jendea iritsi eta iritsi ari zen kanpalekura, motxila, orga, denda eta abarrekin. Hori baitu Hatortxu Rockek, jaialdiaz harago bestelako eskaintza bat.

Musikak ordu txikiak arte jarraitu zuen arren, gaurko biharamuna eta goizetik bertan biziko den giroa eta elkartasuna izango da askok eta askok etxera eramango dutena. Lehen eguna gaindituta, ea zer dakarten hurrengoek.