GARA
BAIONA

Bertze 17 salaketa aurkeztu dituzte Betharramgo aferarekin lotuta

Uztailaren 23an Notre-Dame de Betharram erakunde katolikoko biktimen kolektiboak 17 salaketa berri aurkeztu zituen Paueko prokuradorearen aitzinean. Salaturiko gertaerak sexu-erasoak eta bortxaketak dira nagusiki, 1961etik 1993ra bitartean jazotakoak.

Oraingo hauekin, salaketa kopurua 217koa da.
Oraingo hauekin, salaketa kopurua 217koa da. (Guillaume FAUVEAU)

Hamazazpi salaketa berri aurkeztu zituzten herenegun Paueko Auzitegian, Betharramgo kasuaren barruan. Kereila horiek, hain zuzen, Notre-Dame de Betharram ikastetxeko ikasle ohiek jarriak dira. Gertaerak, nagusiki, adingabeei eginiko sexu-erasoak eta bortxaketak dira, 1961. eta 1993. urteen artean gertaturikoak.

Salaketa multzo hau urte honen hastapenetik izan den zazpigarrena da. Biktimen kolektiboak, Alain Esquerre bozeramaile duela, 217 salaketa bildu ditu jadaneko. Kopuru horretan ez dira sartzen zuzenean komisarietan, jendarmerietan eta Paueko ministerio publikoan aurkeztu direnak. Kontuan hartzekoa da Rodolphe Jarry fiskal nagusiak martxoan adierazi zuela bere bulegoak 60 salaketa gutun jaso zituela.

Jakinarazpen berriek 22 pertsona seinalatzen dituzte: hamabost apaiz (horietatik hamalau jada hilak), lau laiko eta ikastetxeko hiru ikasle, hauek adingabeak ziren garaian. Kolektiboak dioenaren arabera, lekukotza berriek tortura-eszenak, umiliazio-zigorrak, sexu-erasoak eta bortxaketak biltzen dituzte.

Gertaeren larritasuna gorabehera, salaketa gehienak artxibatuak izan litezke, preskripzio epeagatik. Krimen horiek «gizateriaren aurkako krimentzat» jotzeko ahalegina baztertu egin da; izan ere, frantziar legediak ez du gibelera egiteko eraginik 1994. urtearen aitzineko gertakarientzat, esparru juridiko honetan. Gaur egun, pertsona bakar batek jarraitzen du auzipetuta: Patrick M. 59 urteko zaintzailea ohia 1990eko eta 2000ko hamarkadetako gertakariengatik espetxeratua dago, otsailaz geroztik.