Epailearen gutuna urratuz, Torrek isuna ez duela ordainduko esan du
Baionako auzitegiaren paretan «Justizia euskaraz» margotzeagatik zigorra jaso zuten Intza Gurrutxagak eta Gorka Torrek 2024ko abenduaren 3an. Lehenak, aurrekaririk ez duenez, ez du deus ordaindu beharko. Bigarrenak 1.000 euroko isuna ordaintzeari uko egingo dio.

Joan den abenduaren 3an Baionako auzitegiaren paretan “Justizia euskaraz” margotzeagatik erruduntzat jo zituzten iragan apirilaren 11n izan zen auzian euskaraz deklaratzeko hautua egin zuten Intza Gurrutxagak eta Gorka Torrek.
«Estatu frantsesak euskararen zapalkuntza inposatzen digu indarkeriaren bitartez. Hau agerian geratu da gaur, hemen», gaitzetsi zuten biek ala biek auzitik irtendakoan.
Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeko bi militanteak gabe aitzina egin zuen auziaren bukaeran jujeak 500 euroko isuna ezarri zion Intza Gurrutxagari, eta 1.000 eurokoa Gorka Torreri. Lehena, aurrekaririk ez duenez, isuna ordaintzetik salbuetsi zuen epaileak. Bigarrenari, aldiz, isuna ordaindu behar zuela oroitarazi zion auzitegiak. Ebazpenaren berri emateko igorririko gutunean jujeak Torreri adierazi zionez, berehala ordainduz gero, %20 arindu dezake zigor ekonomikoa.
Haatik, epaiketan jaso zuen zigorra errefusatuz, «desobedientzia ekintza bat» egin zuen Gorka Torrek, “Argia” astekariarekin elkarrizketa bat zuela baliaturik. Hala, Sabine Hourcade argazkilariaren kameraren aitzinean duela guti epaitegitik jaso zuen gutuna urratu egin zuen militanteak. Bideoan isuna ordaintzeko asmorik ez duela jakinarazi zuen Torrek.
“Argia”-k argitaratu zuen albistearen arabera, «euskaraz mintzatzen uzteko eta utz diezaiotela euskara bigarren mailako hizkuntza gisa tratatzeari», eskatu zuen.
Epaiketaren ondotik, EHEk elkartasun kanpaina abian jarri zuen, auziak sorturiko kostuari aurre egin eta «euskararen aldeko lanean» jarraitzeko dirua biltzearren.
AURREKARIAK
Gorka Torre 2024ko irailean beste auzi batengatik kondenatua izan zen. Euskararen defentsan eginiko ekimenengatik orotara 2.000 euroko isuna agindu zuen orduan jujeak, horietatik 500 gibelapenarekin.
Horrez gain, 1.268 euro ordaintzera kondenatu zuen Pirinio Atlantikoetako Departamenduari eragindako kalte materialengatik.
Auzi horretan, Baionako suprefeturako paretan “Geldi euskara zapaltzea” leloa marrazteagatik eta Herribiltza kolektiboarekin euskararen alde eginiko beste ekintza batengatik epaitu zuten Torre.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político
