Maite UBIRIA BEAUMONT

Poliziari berri emateko herri sarea josi nahi du Hendaiak

Delinkuentzia saihesteko urrats gisa aurkeztu du Hendaiako Herriko Etxeak uztailaren 23an onarturiko ekimena. Auzoetan sareak sustatuko ditu, Poliziari «gertaera susmagarrien» berri emateko.

Jendarmeen kontrola, Biriatun.
Jendarmeen kontrola, Biriatun. (Patxi BELTZAIZ)

Hendaiako Herriko Etxeak «segurtasunaren kudeaketa» hobetzeko urrats baten gisa aurkeztu zuen Estatu frantsesa, Polizia eta hiria lotuko dituen «herritarren parte hartzerako protokoloa». 2019an sortu zen dispositibo mota horrek barne segurtasunaren alorrean Estatu frantsesak azken urteotan zehazturiko helburuak bereganatzen ditu. Frederic Tranche segurtasun zibilaren auzapezordeak defendaturiko proposamenak jasotzen duenez, «herritarren eta segurtasun indarren arteko harremanen ikuspegi kolaboratiboa» sustatzea ezinbestekoa da.

“Kazeta”-k berri eman zuen Hendaiako auzapezak eta Estatuko segurtasun indarrek, eskuz esku, «delinkuentzia prebenitzeko dispositibo bat» zehaztuko luketela, horren gauzatzearen eta ebaluazioaren ardura haiengan hartuz. Dispositibo horren protagonistak, ordea, herritarrak lirateke. «Erreferentziazko herritar» gisa ezaugarritzen diren auzokideen babespean «elkartasun sareak» sustatu nahi lituzke tokiko erakundeak. Pertsonen edota ondasunen segurtasuna jomugan delarik, «edozein gertakari susmagarriaren» aurrean «Polizia ohartaraztea» galdetuko litzaioke lekukoa den herritarrari.

Herriko kontseiluak asteazkenean onartu zuen dispositiboak hiru helburu lituzke, udal gobernuaren arabera: herritarren artean «segurtasunaren kultura» garatzea, herritarren eta polizien artean «harremana indartzea» eta toki mailan delinkuentzia saihesteko prebentzio ekimenak sustatzea.

HENDAIA BILTZEN-EN SALAKETA

«Gure baloreetatik oso urruti dagoen» protokoloaren aurkako botoa eman zuen Hendaia Biltzen taldeak. Honen bozeramailea den Letizia Navarronek agerian eman zuenez, kamerak karriketan eman ondoren udaltzaingoaren armatzeko ekimena heldu zen Hendaiara. Horren segidan, «milizia herritar modukoak sortzea proposatzen diguzue», salatu zuen.

Estatuak gero eta gehiago bere ardurak hartzeari uko egiten dion testuinguruan «saihestu behar genituzkeen jokabideak areagotzera» datorren eredua plantan emateko asmoa arbuiatu zuen hautetsi abertzaleak.

«Auzoko susmoek gatazkak sor ditzakete», ohartarazi zuen. Bidasoaren bestaldean «auzokideen patruilen sorrerak» kezka bizia sortu duela gaineratu zuen. Hendaiako herri kontseilua bildu zen tenore berean, Irunen ekimen horri loturiko jokabide arrazistak salatzeko elkarretaratzea antolatu zen.

Susmo eta salaketetan sustraituriko gizarte ereduaren aitzinean, «elkarbizitza, elkartasuna eta pertsona ororentzat eskubideen berdintasuna ardatz dituen gizarte eredua defendatzen dugu», adierazi zuen. Alabaina, Basusarri eta Angelu bezalako herriek dagoeneko onartu duten antzeko dispositibo bat Hendaian martxan emanen dute ondoko hilabeteetan.