LABek 204 gatazka aktibatu eta 75etan greba baliatu du lan urte honetan
LAB sindikatuak 2024-2025 lan urtean egindakoaren balantzea aurkeztu zuen atzo Bilbon. Guztira 204 gatazka aktibatu ditu, eta horietatik 75etan greba izan da mobilizazio tresna. Nabarmendu duenez, datuek «argi uzten dute langile borrokak bizirik eta indartsu jarraitzen duela Euskal Herrian».

LABek 204 borroka aktibatu ditu 2024-2025 lan urtean, eta horietatik 75 gatazkatan greba baliatu da. Hala aditzera eman zuen sindikatuak atzo, urtean egindako lanaren balantzearen aurkezpenean.
Horrekin batera, gatazken %61ek negoziazio kolektiboa eta zerbitzu publikoen defentsa izan dute ardatz, eta %31k patronalaren edo Administrazioaren aldetik etorritako eskubide murrizketei aurre egitea, ohartarazi zuten.
LABek zehaztu zuen sektore publikoan izan direla borroka indartsuenak, bi arrazoi nagusirengatik. Batetik, langileek lan eskubideak zerbitzu publikoen kalitatearen borrokarekin uztartu izanagatik, eta, bestetik, Administrazio publikoak negoziatzeko jarrera «itxia» izanik, gatazkak denboran luzatu egin direlako.
Gainera, arlo horretako borroken %74k zerbitzu publikoen defentsa eta negoziazio kolektiboa izan dute ardatz, eta %43 sektore feminizatuetan gauzatutako borrokak izan direla nabarmendu zuten.
Industrian, borroken %55 patronalaren erasoen aurkakoak izan dira -batez ere kaleratzeak eta itxierak-, eta %40 hitzarmenaren negoziazio edo lan baldintzen hobekuntzarekin lotutakoak. Zerbitzu pribatuan, aldiz, negoziazio kolektiboak (%62) izan du protagonismo nagusia.
Lurraldeka, gatazka gehien Bizkaian aktibatu diren arren, proportzioan Araban egon da langileriaren mobilizazio handiena.
Halaber, zerbitzu publikoen defentsan izandako parte hartze «aktiboa» azpimarratu zuen atzo sindikatuak. «Osasun publikoaren aldeko plataformekin batera mobilizatzen eta Osasun Mahaian ituna baldintzatu nahian; Hezkuntzan, zerbitzua eta baliabideen hobekuntzaren alde borroka indartsuetan aritu gara, akordio onak erdietsiz, nahiz eta akordio horiek %100ean betetzeko Eusko Jaurlaritzaren borondatea salatu dugun; eta zaintza, langileen izaera publikoaren aitortza exijituz», adierazi zuen.
Horren harira, etxebizitza eskubidearen aldeko borroka ekintza sindikalean txertatzeko lanean ari direla esan zuen LABek.
SOLDATA PROPIOAREN ALDEKO DINAMIKA
Lan urtean egindakoaren artean gutxieneko soldata propioaren aldeko dinamika nabarmentzen du sindikatuak. «Soldata arrakalak murrizteko eta aberastasunaren banaketa bidezkoago baterako tresna estrategikoa da», LAB sindikatuaren arabera.
Gainerako sindikatuekin batera, bi bide jorratzen ditu: lanbidearteko akordioa egungo eskumenen barnean eta herri ekimen legegilearen bidez eskumen berriak eskuratzea.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra
