Maider IANTZI GOIENETXE

«Xabiroi», 20 urte komikigintzan, euskaraz, gizatasunez eta kalitatez

Orain dela 20 urte pausoz pauso hasi eta komikiaren inguruan talde handi eta zabal bat osatzea lortu du Ikastolen Elkartearen ‘‘Xabiroi’’ aldizkariak: kalitatezkoa eta Euskal Herrikoa. Euskal komikigintzaren loraldian lagundu du, oraindik egiteko anitz dagoen arren. Bi koordinatzaileen balantzea ezin hobea da.

Arantza Munduate eta Dani Fano “Xabiroi”-ren koordinatzaileekin elkartu gara Donostiako Ikastolen Etxean, aldizkariaren 20. urteurrenaren karietara. Bertan elkar ezagutu zuten Ikastolen Elkarteko kideak eta komikigileak. «Xabiroi familia» izendatzen dute proiektua, lankide eta kolaboratzaileak lagunak ere badirelako.

2005ean, proiektua jaio zenean, garaiak ez ziren oparoak euskal komikigintzan. Txikienek “Ipurbeltz”-ekin gozatzen zuten, baina gaztetxoentzat ez zegoen deus. Ikastolen Elkarteak proiektu bat abiatzea proposatu zion Fanori. Zehazki, ikastolen hizkuntz taldean sortu zen ideia. «Haur eta Lehen Hezkuntzakoentzat bagenituen ipuinak eta jokoak, Argitxorekin lotuta. Bigarren Hezkuntzan, ordea, hutsune bat genuen. Gazte horien artean irakurzaletasuna eta euskararen erabilera sustatzeko komiki bat egitea pentsatu genuen, irakurterraza, beren hizkeran», azaldu du elkarteko kideak.

Argi zuten kalitatezko lan bat eta hemen egina izan behar zuela. «Euskaratik eta euskaraz. Hori zen gure lehentasuna».

Kaleko euskara jaso eta kaleko euskarari proposamenak egin nahi zizkioten. «Horretarako, komikiaren hizkera oso egokia da: sintetikoa da, zuzena, adierazkorra. Euskara kolokiala lantzeko bide ona da», adierazi du ilustratzaileak.

EGONKORTUTAKO PROIEKTUA

Gaur egun egonkortutako proiektu bat da. Beren ametsik ederrenetan ere ez zegoen 20 urtez segitzea. “No Future” lelo punkia berena egin arren, orain, urteurrenaren harira, atzera begiratu eta egin dutenaz jabetu dira: 76 komiki aldizkari eta 19 bilduma.

«Haurtzaroa eta nerabezaroa pasatu ditugu, gaztaroan gaude eta helduarora iritsiko gara, zahartzarora ere bai seguru, beti gazte, beti polito. Harpidetza sistema ondo doa, jarraitzaileak ditugu ikastola eta azoketan, eta aurrera jarraituko dugu ziur», dio Arantza Munduatek.

Bere oreka zailean egonkortu dela zehaztu du Dani Fanok.

Egiten dutenean sinesten dute. Maitasun handia jartzen diote. «Egile oso-oso onak ditugu hemen parte hartzen, sorkuntza zintzoa eskaintzen, kontatu nahi dutena kontatzen, eta hori asko da. Komikia inoiz ez da izan mass mediako kontu bat. Egia da hori azken urteetan aldatu dela. Edonor gonbidatua dago harpidetzera. Ikastola askotan saltzen da, baina gehiago nahi ditugu», erran du komikigileak.

Beti dago istoriotxo bat luzeagora doana, eta lehenengoa “Irati” izan zen. Bukatu zutenean, bilduma egitea bururatu zitzaien. Primeran funtzionatu zuen. Lehenengo hiru ale ateratzen zituzten urtean, gero hiru ale eta bilduma, eta orain lau ale eta bilduma. «Asmatu dugu, gero azoketan bildumek dutelako indarra. Jendea horien zain dago. Liburu dendetan ere saltzen ditugu. Orain ‘Maurizia’-rena plazaratu dugu», azaldu du Munduatek.

Fanok erantsi du bertze modu batera zabaltzeko aukera ematen dutela albumek. «Aldizkariarekin iristen ez zaren lekuetara iristen zara. Gainera, oso interesgarria da egileentzat. Beste bizitza hori izateak, kontu ekonomikotik aparte, beste ikusgarritasun bat ematen die, eta beste hizkuntzetara itzultzeko aukera».

IRAKURLE NERABEA

Aldizkaria nerabe batentzat egokia izan daiteke, baina heldu batek ere gustura irakurriko du. Nabarmendu dutenez, errespetu handiz tratatu behar da irakurle nerabea, gure zaletasunak justu sasoi horretan garatzen baitira. «Gu beti prest ustezko marra gorriak zeharkatzeko, hain zuzen ere gure irakurleenganako errespetuz, nahiz eta noizbait kokoteko bat jasoko dugun», aitortu du Fanok.

Irakurle harrobi ederra sortu du “Xabiroi”-k. «Jende bat Xabiroi irakurtzen hazi da eta komikira Xabiroiren bidez heldu da. Horretarako egiten dugu, baina gertatzen denean harritzen gaitu». Durangoko Azokan ere standetik pasatzen direnean «hara, Xabiroi!» diote gazteek ilusioz. Batzuek harpidetuta jarraitzen dute.

Aldizkarian ez dute lerro editorialik. Denetarik egin dute: umorea, terrorea, abentura, kostunbrismoa... Denentzat bazka egon badaiteke ere, denak ez du denen gustukoa izan behar. Sorkuntza ez dute horrela ulertzen.

BIKOTEAK

“Xabiroi”-k egin duen ekarpenik handienetako bat berez komikigintzakoak ez diren sortzaileak komikigintzara erakartzea izan da, bereziki idazleak eta gidoilariak. Kolaboratzaileen arteko bikote artistikoak, “Xabiroi bikoteak”, Fanok elkartu ditu. «Susmoak dituzu. Honek kontatzen duen istorio mota hau marrazkilari honi egokitzen zaio. Hortik sortu dira Alex Sanvi-Unai Iturriaga, Susanna Martin-Uxue Alberdi edota Ekaitz Agirre ‘Garluk’-Garbiñe Ubeda bezalako bikoteak».

Egile bakoitzak bere mundua eta imajinarioa agertzea da inportanteena. Bere euskara ere bai. Izan dadila askotarikoa. Fanok berak sarri parte hartu izan du “Xabiroi”-n sortzaile gisa.

“Xabiroi”-n propio lantzen dute komunitatea. Elkarrekin azoketara joanez, bazkariak eta egunpasak eginez. «Adibidez, Harkaitz Canorekin lan asko egin du Iñaki Holgadok. Beti, istorio bat hasi aurretik, hirurok gelditzen ginen marianito bat hartzeko», kontatu du Fanok. «Erabateko ustea daukagu gero emaitzan nabaritzen dela». Garlukek eta Garbiñe Ubedak ere zenbat kafe hartu dituzten elkarrekin. Hala, haien artean harreman estu bat egin dute.

Munduatek harro dio “Xabiroi”-k gizatasun handia duela. «20 urteak ospatzeko bazkaritxo bat egin genuen. Urteetan ikusi gabeko jendea zegoen, baina aurreko astean egon bagina bezala sentitu ginen. Hau da Xabiroi familia!».

Baldintza ekonomikoak batzuetan ez dira aipatzen gizatasun horren barnean, baina “Xabiroi”-n argi dute bata bertzea gabe ez dela. «Lan profesionala da, eta egiten den lan hori ordainduta dago. Hemen betetzen diren baldintza ekonomikoak leku oso gutxitan ematen dira», ohar egin du Fanok.

20 urtean garai hobeak eta txarragoak igaro dituzte. «Denbora asko eman dugu proiektua babesten. 2008ko krisia pasatu genuen, baita pandemia ere. Baina lanak heltzen zaizkigun bakoitzean min guztiak pasatzen zaizkigu. Fisikoa da».

LORATZEN, BAINA...

Euskal komikigintzaren egoeraz Munduatek erran du loralditzen ari dela; Fanok, irakurle gisa baietz, baina oraindik a nitz falta dela.

«Xabiroiren ekarpena esanguratsua izan da. 2005ean, ‘Ipurbeltz’ kenduta, basamortua zen. Orain ohikoa da komikiak argitaratzea. Baina euskalgintzara dedikatzen diren argitaletxeen artean, salbuespen bat kenduta, Txalaparta, oraindik inork ez du serio hartu komikigintza lerro bat edo komikigintza urtero. Ez da barruan egonkortua dagoen zerbait, norbait horretara jarrita. Hori ikusten dudanean esango dut hobeto gaudela», adierazi du komikigileak.