Andoni ARABAOLAZA
MENDIA

Alpinista hirukote handi batek «Kolibri» bide berria zabaldu du Peruko Jirishancan

Alex Huber, Simon Gietl eta Dani Arnoldek hiru egun behar izan dituzte. Kareharri trinkoan artesi sistema zaila gainditu behar izan dute.

«Kolibri» bidearen nondik norakoak.
«Kolibri» bidearen nondik norakoak. (HUBER-GIETL-ARNOLD)

Dani Arnoldek Jirishancako (6.094 m) espedizioaren berri eman zuenean, bati baino gehiagori espektatiba oso interesgarriak piztu zitzaizkion, batez ere soka-kide oso zailduak ondoan izango zituelako: Simon Gietl tiroldarra eta Alex Huber alemaniarra. Alpinismoaren munduan lehen lerroan dauden hiru espezialista horiek indarrak batu dituzte Huayhuasheko mendilerroan (Peru) dagoen seimilako honetan jarduteko.

Azken emaitza, ondorioz, oso interesgarria izan da: ekialdeko isurian gai izan dira bide berri bat sortzeko. “Kolibri” izena jarri diote; 31 luze edo 1.030 metro dituena bera, baita zailtasun tekniko garrantzitsuak ere: 7a eta A2.

Jirishanca betidanik izan da erakargarria alpinistentzat, eta haren ekialdeko murruak atal alpino ederrak eskaintzen ditu. Horregatik guztiagatik, hormatzar horrek hainbat ibilbide ditu; “Kolibri”, esaterako. Bide berri hau bi bideren artean marraztu dute: italiarra eta frantziarra. Alpinistek bidalitako prentsa oharrean diotenez, seimilako hori mendilerroak duen tenteenetariko eta zirraragarrienetako bat ere ba omen da.

EKIALDEKOA

«Kilometro bat luze den marra bertikal bat zabaldu dugu. Teknikoki asko eskatu digu, baina arroka trinkoan eskalatzeko aukera izan dugu bederen. Oro har, artesi sistema luze bat jarraitu genuen. Hasierako sekzioa ez da oso atsegina. Hori atzean utzi eta benetako eskalada hasten da mugimendu oso bertikalekin. Une batzuetan, gainera, eroria zuten tarteak igo genituen. Horrez gain, aurreratu behar dugu harkaitz trinko horretan geure buruak babesteko tarte gutxi daudela. Arroka horrekin ezusteko handia hartu dugu. Oso-oso sendoa izateaz gain, zimurtsua da eta itsaspen bikaina du. “Kolibri”-n harkaitza da nagusi: artesi garbiak eta diedroak eskalatu behar dira. Sekzio horrek ekialdeko ertzera eramaten du, eta “Egger-Jungmair” bidetik tontorrera heltzen da», azaldu dute.

«Hitz gutxitan esanda, gure eskalada segurua eta azkarra izan da. Bi bibak behar izan ditugu “Kolibri” biribiltzeko. Hala ere, elurraren baldintza eskasengatik ezinezkoa egin zaigu tontor nagusira heltzea. Azken urratsa ekialdekoan (6.028 m) egin dugu; hil honen 15ean izan da. Erabaki hori segurtasunagatik hartu dugu», adierazi dute.